Albisteak,
- Arakilgo Udalak administrari laguntzailearen lanpostu huts bat merezimendu-lehiaketaren bidez betetzeko deialdia egin zuen. Hutsik zegoen lanpostua betetzeko Aitziber Zubieta Gainza izendatu du udalak. Izendatutako izangaiak 2024ko azaroaren 4an jabetu beharko du administrari laguntzaile lanpostuaz.; D mailakoa da eta lanaldi osokoa.
- Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Uharte Arakilgo Udalak merezimendu lehiaketa egin zuen. Haren bidez zerbitzu anitzetako udal enplegatu lanpostua bete nahi zuen. Epaimahaiak ebazpena emanda, izendapena egin eta aurreneko bi izendatuak uko egin zioten lanpostua onartzeari. Beraz, udalak meritu lehiaketako zerrendari jarraituz, hurrengoaren aldeko izendapena egin du orain. Hain zuzen, Aritz Razkin Etxebeste proposatu du zerbitzu anitzetako udal enplegatu lanpostua betetzeko.
- Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du dagoeneko ikastaroetan izena emateko aukera dagoela. Horretarako, etxarriaranatz.eus webgunea erabili edo udaletxetik 10:00etatik 14:00etara pasa behar da astegunetan. Izena emateko inprimakian eskatzen diren datu guztiak bete beharko dira. Etxarri Aranazko Udalaren ikastaro eskaintza honakoa da: yoga, soinketa lasaia, tonifikazioa, pilates, zirko tailerra, pintura, kognizio estimuazioa, berrerabiltzearen artea eta joskintza, hiketan hitz egiten ikasteko ikastaroa, euskara eta mintzakide. Udalak jakinarazi duenez, onartuen zerrendak irailaren 19a jakinaraziko dituzte, eta ikastaroak lastailaren 14an hasiko dira. Udalaren eskaintzari buruzko informazioa aipatu web orrian dago.
Kirolak,
- Txirrindularitzan, Irailaren 11n hasi eta 15ean despedituko dira Europako Txirrindularitza Txapelketak, Belgikan. Sakandar bakarra lehiatzen ari da bertan, junior mailako gizonezkoen Espainiako selekzioak hautatu duen Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Quesos Albeniz). Irailaren 11n 31,1 km-ko erlojupekoa jokatu zuen altsasuarrak, eta 24. sailkatu zen, Michiel Mouris irabazletik 2:21era. Bere taldekide Hector Alvarez zortzigarren sailkatu zen, irabazletik 1:01era. Bestalde, aipatzekoa da, emakumezkoen juniorretan Paula Ostiz iruindarra izan dela Europako txapelduna, ikusgarri lehiatu eta gero. Hain zuzen ere Hector Alvarez liderra laguntzea izango da Iker Gomezen lana irailaren 14an jokatuko den 129,7 km-ko errepideko lasterketan.
- Xakean, Etxarri Aranazko Bitoriano Huizi liburutegian xakean aritu eta trebatzeko aukera izango dute ikastaroan izena ematen dutenek. 7 urtetik gorakoek izanen dute ostegunero, 18:30etik aurrera xakean murgiltzeko aukera. Ekimena urriaren 4an hasiko da eta liburutegian eman behar da izena (948 461 181, biblietx@navarra.es).
- Atletismoan, Aurten 13 urte beteko ditu Sakanako Mankomunitateak antolatzen duen Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskolak. Urriaren 4an hasiko da, eta ekainaren 7ra arte, ostiralero, 17:00etatik 18:15era izena ematen duten emakumeek atletismoan murgiltzeko aukera izango dute Altsasuko Dantzalekuko pistetan. Izena ematea zabalik dago irailaren 27ra arte, eta 18 urtetik gorako emakumeek izango dute eskolan aritzeko aukera. Ikasturte guztiak 50 euroko prezioa du eta euskaraz eskainiko da. Mank-ek ondoko erakundeen laguntza izan du eskola aurrera ateratzeko: Nafarroako Gobernua, Altsasuko Emakumearen Bilgunea eta Kirol Zerbitzua, Iñigo Aritza ikastola eta Dantzaleku Atletismo Kluba.