Irailak 16

Guaixe Irratia 2024ko ira. 16a, 11:02

Albisteak,

  • Uharte Arakilgo Udalak, 2024-2025 bi urteko baso kudeaketarako planari jarraituz, bi lotez osatutako baso aprobetxamendua saldu nahi du. Bien prezioa 83.661,89 eurokoa da. Aurreneko lotea Atako Ospela eta Madozko bidea dermioetan dago eta alertzez eta pagoz osatuta dago. Guztira, 639,3 metro kubiko egiten ditu eta 12.558,71 euroko balioa du. Bigarren lotea Pamplonagain, Baztarro, Agiri eta Udalfaro dermiotan dago. Pagoez osatutako loteak 3.114 metro kubikoko bolumena du, 71.103,18 eurotan baloratua dagoena.
  • Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, heldu den ikasturtean kiroldegiko ikastaro eskaintza honakoa da: yoga, gimnasia erritmikoa, igeriketa, euskal dantzak, cross training, spinning, pilates eta zumba. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago bazkideendako irailaren 9az geroztik. Bazkide berriek matrikula irailaren 16tik aurrera egin dezakete. Eta bazkide ez direnek irailaren 18tik aurrera eman dezakete izena. Informazio gehiagorako arbizu.eus webgunera jo edo 948 461 002 telefonora hots egin daiteke. 
  • Olatzagutiko Udal kiroldegiaren kudeaketaz arduratzen da Erburua Olazti SM sozietate publikoa. Hark hutsik zegoen etxezainaren eta garbitzailearen lanpostua betetzeko merezimendu-lehiaketa deitu zuen. Prozesua despedituta, Erburua Olazti SM-ko arduradunek erabaki dute aipatu langintzarako Mara Gomez Zabala kontratatzea. Udal enpresaren zerbitzuko lanaldi partzialeko langile lan kontratudun finko gisa ariko da lanean, D mailako lanpostuan. Izendatutako izangaiak agorrilaren 17an jabetu behar zuen lanpostuaz.
  • Azoka bizia Irutzunen. Bertako animalia arrazak ezagutzeaz aparte, tokiko laborarien kalitatezko eta ekoizpen agroekologikoko produktuak dastatzeko aukera izan zen. Arbaso elkarteko artisauen postuak ere egon ziren. Artzain gazta dastaketa eta txapelketa herrikoira hamaika gaztandegi aurkeztu ziren. 114 herritarrek parte hartu zuten dastaketan eta lehen saria Dorraoko Utxama gaztandegiak eskuratu zuen. Bigarrena Arruazuko Albi izan zen eta podiuma Egozkueko Loperena gaztandegiak osatu zuen. Azokaz aparte, herri bazkaria, erakusketa eta ikuskizunekin gozatzeko aukera izan zen. Esaterako, Vanesa Ugartek zaldi heziketa naturalaren erakustaldia egin zuen. Arratsaldeko Irurtzun eta Arakilgo taldeen arteko herri kirol desafia izan zen. Sokatiran, koxkol biltzean eta txingak eramaten neurtu ziren bi udalerriak eta, azkenik, garaipena arakildarrendako izan zen. Bertaratutakoek emakumezkoen harri jasotze erakustaldia ikusteko aukera izan zuten ere.

Kirolak,

  • Txirrindularitza, Rural Kutxaren nagusitasuna 95. Altsasuko Proban. Javier Ibañez gailendu zen afizionatuen proba beteranoan, Aitor Agirreren (Laboral Kutxa) eta Rural Kutxako Iker Perez, Aimar Erostarbe eta Jan Castellon taldekideen aurretik. Izena emanda zeuden 94 txirrindularietatik soilik 20k bukatu zuten proba.Lasterketan 94 txirrindulari zeuden izena emanda, baina soilik hogei txirrindularik lortu zuten lasterketako 141 kilometroak osatzea eta helmugara heltzea; txirrindulariei denboraldia luze egiten ari zaiela agerian geratu zen. Altamira zazpi aldiz gainditu behar izan zuten, eta Urdiain eta Altsasu bitarteko San Pedroko buelta ere zenbaitetan egin zuten. 25 txirrindulariz osatutako taldeak ihes egin zuen, eta bertan Rural Kutxa eta Laboral Kutxak protagonismoa izan zuten.  Azkenean, etxeko taldeak, Rural Kutxak, agindu zuen, eta lehen bost postuetan lau txirrindulari sartu zituen. Irabazlea, meritu handiz, Javier Ibañez izan zen (Rural Kutxa), helmugara bakarrik iritsita. Bezperan Oñatin irabazi eta gero, doblete ikaragarria lortu zuen Rural Kutxako txirrindulariak. 45 segundora Aitor Agirre (Laboral kutxa) eta Iker Perez (Rural Kutxa) sartu ziren, eta 1:27ra Rural Kutxako Aimar Erostarbe eta Jan Castellon. Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) hamahirugarren sailkatu zen, 1:27ra, talde nagusian. “Etxean irabazteagatik oso pozik” zegoela aitortu zuen Ibañez arabarrak. Mendiko Txapelketa Iñaki Trujillok (Eiser Hirumet) irabazi zuen, tartekako helmugena Jhon Alexander Castillok (Telcom) eta taldekakoa, jakina, Rural Kutxa-Aleak. Altsasu Kirol Elkarteko Felix Mazkiaranek eskerrak eman zizkien lasterketa aurrera ateratzeko lanean aritu ziren 70 boluntarioei. Mikel Uncilla, laugarren Oñatin
    Egun bat lehenago, irailaren 14an, Oñatiko Proba jokatu zen, Lehendakari txapelketarako baliagarria. Rural Kutxak errezitaldia eskaini zuen, Javier Ibañezek irabazi baitzuen bere taldekide Jan Castellonekin izandako esprint estuan. Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa) laugarren sailkatu zen. Jon Gil lakuntzarra (Supermercados Froiz) 27. iritsi zen helmugara, eta Aimar Tadeo lakuntzarra (Finisher) 49. Rural Kutxa izan zen talderik onena. 
  • Atletismoa, Alzheimerraren Egunera mugitu dute Josefina Arregi Klinikako martxa. Irailaren 21ean, larunbata, Josefina Arregi Klinika Alzheimerraren III. Herri Martxa-Lasterketa izanen da, Alzheimerraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Egitarau zabala prestatu dute, eta izena ematea zabalik dago.Martxaren egunean Altsasuko plazan zenbait ekitaldi antolatu dira, 10:30etik 12:30etara. DJ Reimyk animatuko du giroa. Haurrendako puzgarriekin eta Lactutxiki maskotarekin batera, belaunaldien arteko jarduerak egongo dira. Haurrek eta gazteek adineko jantzi simulatzailea eta Teknologia eta esperientziak partekatuz proiektuaren errealitate birtualeko betaurrekoak erabiltzeko aukera izango dute, adinduen tokian jartzeko. Adinekoek, aldiz, Altsasu mugitzen da programaren barruan lantzen den ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute. Probak bukatzerakoan, salda, txistorra eta gazta banatuko dira plazan, zozketak egongo dira eta Irantzu Gonzalez Dantza Eskolaren eta Etorkizuna Dantza Taldearen emanaldiak izango dira.
  • Pilota, Peña II.a-Zabaletarentzat, Masterseko finalerdietarako txartel garestia. Oso garesti jarri zuen Altsasuko Burunda pilotalekuak Masterseko finalerdietarako txartela. Oso lehia parekatua jokatu zuten Peña II.a-Zabaleta eta Jaka-Martija bikoteek eta bukaerara arte urdinek ezin izan zuten markagailuan tarte nabarmenik zabaldu. Finalerdiak:
    Urriaren 4an Nafarroa Arenan jokatuko diren Masterseko finalerdietan Peio Etxeberria eta Mariezkurrena izango dituzte arerio. Beste finalerdia Altuna III.a-Iztuetak eta Zabala-Imazek jokatuko dute, egun berean. Final handia urriaren 6an erabakiko da, Nafarroa Arenan. Aurretik udako azken torneoa jokatuko da, Logroñoko San Mateo torneoa, irailaren 20tik 29ra.