Albisteak eta oharrak,
- Lakuntzan, Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia ordezkaritzak jakinarazi duenez, irailaren 24an eginen du 2025-2026 biurtekorako zinpekogaien hautaketarako zozketa. Udalerri bakoitzean zinpeko izateko hautagaien zerrenda eratu da. Lakuntzako Udalak lakuntza.eus web orrian argitaratu duenez, 961 lakuntzarren izenak izanen dira zozketa horretan. Aukeratuak direnak, hots eginez gero, epaiketa batean zinpeko epaimahaikide izanen dira.
- Arbizuko Udalak Fernando Urkia kaleko sareak eta zorua berritu nahi ditu. Horretarako proiektu behar du eta, hain zuzen ere, proiektuaren erredakzioa emateko deialdia egin du. Egiteko horrengatik udalak 23.887,65 euro (BEZik gabe) emateko deialdia egin du. Lanak heldu den urtean eginen dira eta 431.602,78 euroko inbertsioa (BEZik gabe) eskatuko dute.
- Altsasuko Udal Musika eta Dantza Eskolak hiru musika ikasketa berri eskainiko ditu: tuba, perkusioa eta gitarra elektrikoa. Altsasuko Udaleko Musika Patronatuak, hau da, Altsasuko Udal Musika eta Dantza Eskolako titularrak, aurkeztutako eskabideari oniritzia eman dio Nafarroako Gobernuak eta Musika eta Dantza Eskolen Berariazko Erregistroan inskribatu ditu hiru ikasketa berri horiek.
-
Ziordia running taldeak antolatuta, Ziordiak areto futboleko elkartasun torneoa hartuko du abenduaren 28an. Egun horretan zozketa bat eginen da diru gehiago lortzeko. Zozketa egin ahal izateko antolakuntzak opariak dohaintzan ematea eskatu du. Jasotako diru guztia Duchenne Familias en Movimiento elkartearendako izanen da. Gaitzak, Duchenne-ren muskulu-distrofia, muskuluen ahultasun progresiboa eragiten duen gaixotasun hereditarioa da, X kromosomari lotutakoa. Bederatzi motatako distrofia muskular daude eta hori ohikoena da. Batez ere gizonezkoetan ematen da eta 3.500 gazteetatik batek pairatzen du. Urtero 20.000 kasu berri agertzen dira.
Kirolak,
- Pilotan, Otadiko Kristo Deuna Torneoko txapela Sakanan geratu zen. Hasteko eta behin Pilotajaukuko infantilen finalean Azkonak eta Beramendik jantzi zuten txapela, Carabiasi eta Riosi 18-10 irabazi eta gero. Segidan promesen mailako lau eta erdiko finala jokatu zen. Ibarluzea (Lapke) gailendu zitzaion Sarasibarri (Oberena), 22-14, 52 minutu iraun zuen partidan 305 pilotakada gurutzatu eta gero. Hasieran oso paretsu ibili ziren bi pilotariak, zazpi aldiz berdinduta egon baitziren: bina, hiruna, launa, bosna, hamaikana eta hamalauna, baina berdinketa horretatik aurrera, Sarasibar finago ibili zen, 8 tantoko takada egin zuen, eta zuzenean joan zen 22raino, garaipen ederra lortuaz. Ibarluzeak hiru tanto egin zituen sakez, Sarasibarrek ezta bat ere; Ibarluzeak bi akats, sakeko falta bat eta pasa bat egin zituen, eta Sarasibarrek sei akats.Bukatzeko eliteen binakako finala jokatu zen. Irurtzun klubeko Josu Igoa etxarriarrak eta Santestebanek Irribarria gipuzkoarra eta Sotil nafarra izan zituzten aurkari. Igoa oso fin ibili zen, eta Santestebanen laguntza eta babes sendoarekin, 22-12 irabazita, Altsasuko txapela preziatuak jantzi zituzten, 52 minutu iraun zuen partidan 467 pilotakada gurutzatu eta gero. Hasiera partean parez-pare ibili ziren bi bikoak, baina zazpinako berdinketaren ondoren zazpi tantoko takadarekin 17-7 aurreratu ziren Igoa eta Santesteban, eta min handia egin zioten aurkariei. Bukaeran, 22-12 gailendu ziren.
-
Irristaketan, Iratxe Lapuente seigarren juniorra Iruñea-Gares irristaketa maratoian.
Irailaren 15ean jokatu zen P2P izenarekin ezagutzen den 42 km-ko 15. Iruñea-Gares irristaketa maratoia. Nafarroako taldeez gain, nazioarteko taldeetako irristalariak lehiatu ziren Iruñea eta Gares lotu zituen proban. Irabazleak senior mailako Nolan Beddiaf (1:03:11) frantziarra eta Maite Ancin (1:10:07) izan ziren, eta biek aurreko errekorrak gainditu zituzten. Aipatzekoa da Iratxe Lapuente junior mailan seigarren sailkatu zela (1:23:18).