Oharrak,
- Uharte Arakilgo Udalak jakinarazi duenez, udal bulegoak irailaren 20an, ostiralean, itxita egonen dela. Udalak jakinarazi duenez, “administrazioaren barne antolaketak” ekarriko du udalaren bulegoa egun batez ixteak. Zerbait behar duten ubertearrek info@uhartearakil.com posta elekronikora idazteko aukera izanen dute.
- Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, heldu den ikasturtean kiroldegiko ikastaro eskaintza honakoa da: yoga, gimnasia erritmikoa, igeriketa, euskal dantzak, cross training, spinning, pilates eta zumba. Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago bazkideendako irailaren 9az geroztik. Bazkide berriek matrikula irailaren 16tik aurrera egin dezakete. Eta bazkide ez direnek irailaren 18tik aurrera eman dezakete izena. Informazio gehiagorako arbizu.eus webgunera jo edo 948 461 002 telefonora hots egin daiteke.
- Ergoienako Udalak jakinarazi duenez, zinpeko izateko hautesle zerrendak jendaurrean ikusgai daude. Izan ere, aurten epaiketetan zinpeko izateko zozketa eginen baita. Zerrenda jendaurrean den bitartean interesa dutenek haiek ikusi eta erreklamazioak aurkezteko aukera izanen dute.
- Hezkuntza Departamentuko Langileriaren eta Azpiegituren zuzendari nagusiak udal jabetzako haur eskoletan obrak egiteko deialdia ebatzi du eta hamabost lan diruz lagunduko ditu. Altsasuko Udalak Txirinbulo haur ludotekan jolastokian eguzki-oihal motorizatuak instalatzeko proiektua aurkeztu zuen, 33.607,20 euroko aurrekontua zuena. Departamentuak jasotako eskaintza guztiak aztertu ondoren Altsasuko Udalaren eskaera erreserban utzi du. Hogeigarrena da zerrendan.
Kirolak,
- Altsasu F.S, Arbizu Kirol Taldea eta Aralar Mendi klubek antolatutako Sakanako I. areto futboleko kopak harrera ona izan zuen. Giro ederra egon zen Zelandin, eta Altsasuk lortu zuen garaipena. Taldeak liga hasteko gogotsu daude.
Altsasu F.S. joan zen denboraldian sortu zen, 2023/2024 denboraldian. "Areto futboleko zaleak inplikatu ginen, eta taldea sortu genuen. Altsasura areto futbola ekartzea lortu dugu berriro" azaldu du Rodriguezek, pozez.
Altsasu F.S taldeko Goyo Rodriguezek azaldu duenez, abenduaren 28an eta 29an 24 orduko areto futboleko torneoa antolatzeko asmoa dute, taldeak aurrera egiteko dirua lortu eta areto futbola sustatzeko. - Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak larunbatean antolatutako 3x3 Street Altsasu saskibaloi txapelketan zazpi taldek eman zuten izena. Txapelketa Intxostiapuntako plazako saskibaloi kantxan jokatu zen, giro onean. Eguraldiak eutsi zion, eta gustura aritu ziren saskibaloi zaleak. Urrian hasiko diren ligetarako atariko polita.
- Magnesitas de Navarrak Xotako babesle izaten jarraituko du. Bi aldeek urte baterako berritu dute kontratua. Bestalde, talde irurtzundarrak Ligeiro, Panta eta Kokoro jokalari berriak aurkeztu ditu. MAGNA Magnesitas de Navarra enpresa Xotaren babesle izaten jarraituko du beste urte batez. Bi aldeek akordioa berritu dute, eta hastear den 2024/2025 denboraldia Magna babesle dela hamahirugarren denboraldia izango da, jarraian. Akordioaren berri emateko Magnako zuzendari nagusi Javier Creixellek Osasuna Magna Xotako lan taldea bisitatu zuen, Anaitasuna pabilioian. Horretaz gain, bestelako akordioak ixten ari da ere Tatono Arregik kudeatzen duen klubak. Unsain Grupo izango da beste babesle berri bat. Halaber, Xotak Josu Mendive eta Ion Cerviño jokalari irurtzundarra berreskuratu ditu, joan zen denboraldian El Ejidon utzita jokatu zutenak.
Denboraldi aurreko lagunarteko partidekin jarraitzen du Xotak. Irailaren 14an Osasuna Magna Xotak 7-1 hartu zuten mendean Wanapix Sala 10 taldea, Anaitasunan jokatutako partidan.