Josu Igoa Lopez de Agileta etxarriarrak Pilotajauku klubak antolatutako 53. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko elite mailako binakako finala irabazi zuen irailaren 14an Irurtzun klubean bere taldekide den Endika Santestebanekin bikote bikaina osatuta. 450 ikuslerekin festa giroan murgilduta zegoen Burunda pilotalekuan errezitaldi ederra eman zuten, Irribarriari eta Sotili 22-12 irabazita.
Altsasuko txapelarekin udako denboraldia pozik bukatu du Josu Igoak, lau final jarraian galtzetik baitzetorren. "Uda luzea izan da. Partida onak jokatu ditut, txapelketa askotan presentzia ona izan dut eta lau finaletara sailkatu nintzen, baina laurak galdu nituen. Altsasuko torneoan txapelketa polita egin eta uda bukatzeko aukera ona genuen, eta ongi jokatuta, irabaztea lortu dugu" azaldu du 22 urteko aurrelari etxarriarrak.
Lau final galtzetik
Zumarragako Binakakoa, Elgoibarko Binakakakoa, Zumarragako Goñiren Omenezkoa eta Amezketako buruz burukoa ziren aurretik galdu zituen finalak. "Amezketakoa 22-21 galdu nuen, eta Goñirena 22-20. Txapela horren gertu ikusita, galtzeak amorrazioa sortzen du, argi eta garbi. Izan ere, partida onak jokatzen ari nintzen, baina finaletan txapelak ihes egiten zidan. Horregatik Altsasura antsietate puntu batekin iritsi nintzen, baina hasieratik lasai aritu ginen, eta ongi atera zen".
Otadiko Kristo Deuna Torneoko finalerdian Igoak eta Santestebanek Gutierrez eta Landa izan zituzten aurkari. 14-22 irabazi zieten. "Ez genuen partidarik hoberena jokatu. Dominatuta geunden, lan zikina egiten, defentsan murgilduta... baina partida gogortzearekin batera markagailuan ihes egitea lortu genuen eta, azkenean, nahiko eroso irabazi genuen".
Irribarriaren eta Sotilen kontrako finala, aldiz, beste kontu bat izan zen. "Finalera entxufatuta atera ginen, hasieratik. Hasieran bizpahiru akats egin genituen, baina hortik aurrera dena ongi atera zitzaigun. Endikak asko eman zion pilotari, kantxa oso ongi babestu zuen, eta nik, aurrean, tantoak ongi bukatzen asmatu nuen. Endika eta biok oso ongi elkar ulertzen dugu; gustura jokatzen dugu elkarrekin".
Burundako zaleekin eskertuta
Igoak eta Santestebanek izugarri jokatu zutela dio katedrak. "Nahiz eta buruan galdutako azken lau finalen kontu hori bueltaka izan, konfiantzarekin hasi nintzen. Jokaldiak ongi ateratzen zitzaizkigun, eta horrela errazago ateratzen da dena. Partida erdialdean tarte polita ateratzea lortu genuen eta horrek lasaitasuna eman zigun, akaberan distantzia hori ongi kudeatu eta 22ra ongi heltzeko".
Altsasuko txapelak "zapore oso ona" izan zuela nabarmendu du etxarriarrak. "Aurreko lau finalak galtzearen arantza kendu nuen. Gainera, familiako kide eta lagun asko hurbildu ziren Altsasura. Burunda frontoian sekulako giroa zegoen, eta pilotazaleak gure alde zeuden nabarmen. Asko animatu ziguten. Publikoari eta familiari eskertu nahi diet frontoira hurbildu eta gu animatu izana".
Irurtzun klubean gustura
Josu Igoa Arbizuko Aldabiden hasi zen pilotan, Joxe Mari Berastegirekin eta Lino Arrutirekin. Ondoren Zizurko Ardoin eta Oberenan aritu zen, eta azkenaldian Tolosako Aurreran. "Donostian ADE eta informatika ingeniaritza ikasketekin hasi nintzen, eta entrenatzeko gertuago zegoenez, Tolosan hasi nintzen". Egun, praktikak egiten ari da Idiazabalen, eta Etxarrira itzuli da bizitzera. "Betidanik gustatu zait Irurtzun klubean nola egiten duten lan. Maila handia dago. Miguel Berazarekin hitz egin ondoren, taldera batu naiz, eta bertan hasi naizenetik zeinen ongi entrenatzen den ikusi dut".
Aldaketa nabaritu du Igoak. "Irurtzunen profesionaletatik atera den jende asko dago, edo Garfen jokatzen dutenak, guztiak maila oso onean. Esperientzia gehiago dute, eta pilotaren munduan oso jarriak dira. Eurekin asko ikasiko dudala ziur nago".
Igoak "langiletzat" du bere burua, eta frontoian ausarta izatea gustatzen zaio. "Agresibitate puntu horrekin jokatzea ez dut beti lortzen, baina aurrean arriskatzea gustatzen zait gehien, aurrean bazterrak nahasten ibiltzea, txapa bilatzea, angeluak probatzea... argi dut nire jokoa hori izan behar dela".
Denboraldi berriaren atarian dago. "Garai polita heldu da. Diario Vasco, Zaldibarko txapelketa eta Nafarroako Binakako Txapelketa hastear daude. Beraz, entrenamendu onak egitea da asmoa, konfiantza hartzen segitu, erritmoa hartu eta partidak datozen heinean konfiantzarekin jokatu, irabazten saiatzeko". Ez du lan makala.