Albisteak,
- Irurtzungo Udalak ikasturterako herrian dauden ikastaro eta jarduera fisikoko eskaintzen berri eman du. Honakoek osatzen dute: antzerkia, irakurketa kluba euskaraz eta gaztelaniaz, marrazketa eta margotzea, gorputz jarrerak zuzentzea, pilates, bizkortzea, kirol entrenamendua adinekoendako mantentze gimnasia eta spinning-a. Udalak antolatutakoetan izena emateko epea hilaren 25ean despedituko da. Matrikulatzeko irurtzun.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da. Matrikula egiterakoan izen-abizenak eta ikastaroaren izena adierazi behar da. Matrikula ordaintzeko udaletxean txartelarekin egin daiteke, edo transferentzia egin udalaren kontu korronteren batera. Ordainketa eginda, formulario betea eta ordainketaren froga agiria udaletxean edo kultur etxean aurkeztu behar da. Deialdiari buruzko informazio xehea aipatu webgunean dago. Udalak berak jakinarazi duenez, Irurtzunen bestelako ikastaroak ere izanen dira: euskara, ingelesa, helduendako hezkuntza, arabiera, yoga, joskintza, fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako saioak, mugimendu adierazkoa eta abesbatza.
- Egiarretako ermita arakildarren topalekua da. Han zerbait antolatzen den bakoitzean ibilgailuak nola edo hala aparkatzen bukatzen du jendeak. Horregatik, udalak ingurua ordenatzeko egitasmoa prestatu zuen. Jasotako ekarpenak aztertuta, udala egitasmoa berraztertzen ari da. Beti ere, aparkaleku premia kontuan izanik.
- Altsasuko Udalak Dantzaleku kirol gunean dagoen igerileku ertaina konpontzeko lanen deialdia egin du. Uda honetan ezin izan dute igerileku hori erabili. Udalaren asmoa da bere ontzia konpontzea, urak ihes egiten baitu eta, ondorioz, etengabe ura sartu behar izaten baita. Lanek 49.274,68 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute. Obra bere gain hartu nahi duenak eskaintza irailaren 25eko 23:59ra arte aurkez dezake. Udalak deialdia egiten duen bigarren aldia da, aurrenekoan hutsik gelditu baitzen. Altsasuko Udalak kale garbiketan erabiltzeko makina bat erosi nahi du. Horretarako 70.247,93 euro (BEZik gabe) ditu. Eskaintza egin nahi duen enpresak irailaren 25eko 23:59ra arteko epea izanen du. Behin kontratua emanda, enpresak 90 egun izanen ditu makina udalari emateko. Bestetik, udalak jakinarazi du Udaltzaingorako SUV motako ibilgailua Sakimovil SM enpresari erosiko diola 32.270,49 euroren truke (BEZ barne). Ibilgailu berriak udaltzainek 2006az geroztik erabiltzen zutena ordezkatuko du. Berria iristen denean, egun udaltzainek erabiltzen duten ibilgailua obren lantaldearena izatera pasako da.
Kirolak,
-
Txirrindularitzan, Igor Arrieta eta Iker Mintegi, Mundialetara. Europako Munduko Txirrindularitza Txapelketak despedituta, aurki Munduko Txapelketak abiatuko dira. Aurtengo Mundialak Suitzan jokatuko dira, Zurichen, irailaren 21etik 29ra. Albiste handia dugu, bi sakandar bertan lehiatuko direlako. 23 urtez azpiko Mikel Zabala hautatzaileak deitu dituen txirrindularien artean Igor Arrieta uharte arakildarra (UAE Emirates) eta Iker Mintegi altsasuarra (Euskaltel Euskadi) daude. Haiekin batera Jaume Guardeño, Pablo Torres eta Ivan Romeo errepideko lasterketan lehiatuko dira. Eta Markel Beloki erlojupekoan lehiatuko da, Ivan Romeorekin batera. Talde oso sendoa osatu dute. 23 urtez azpiko lasterketa irailaren 27an jokatuko da, 12:45etik aurrera. Probak 173,6 kilometroko ibilbide gogorra du, 2.500 metroko desnibel positibokoa. Ez ditu igoera luzeak izango, portu labur eta esplosiboen aldeko apustua egin baita. Erlojupekoa (30 km) irailaren 23an jokatuko da.
- Futbolean, Lakuntzako Lagun Artea Kirol Elkarteak 2024/2025 denboraldiko taldeak aurkeztu zituen Zelai Berrin. Benjaminak, kimuen bi talde, infantilak, kadeteen bi talde, jubenilak eta erregionalak dira aurtengo taldeak, 160 jokalari guztira. Haiei osatzen ari den futbol talde inklusiboa gaineratuko zaie, "Nire gaitasuna kirola ere bada" ligan lehiatuko dena. Lagun Artearen erronka datorren denboraldirako emakumeen taldea osatzea da. Lakuntzako klubak futbol koordinatzailea du aurten, Aitor Goikoetxea. Bestalde, bihar, larunbata, kimuen eta gazteen futbol torneoa antolatu dute 10:00etatik aurrera. Lagun Artea, Lazkao, Etxarri Aranatz, Alipendi eta Beti Kozkor lehiatuko dira.
-
Pilotan, Logroñoko San Mateo Pilota Feriak udako torneoen egutegia itxiko du. San Fermin feriaren ondoren, garrantzitsuena da tamainan, Iruñeko feriaren formatu antzekoa baitu. Irailaren 20an, ostiralarekin hasiko da, eta 29an jokatuko da final handia.
Pilotari sakandarrek itxaropen handia dute. Aurtengo udan Martija izan da nabarmendu den bakarra, Altunarekin batera San Fermin Binakako torneoa irabazi baitzuen. Azken hilabeteak ez dira Ezkurdiaren onenak. Ongi entrenatzen ari da aurrelari arbizuarra, baina emaitzek ez diote laguntzen. Azkenik, Zabaleta sanferminetan lesionatu zen, eta udan ez du bere maila eman. Orain berriro sasoi betean dago. CaixaBank Masterserako finalerdietara sailkatu den sakandar bakarra izan da.
Mastersaren aurretik, data garrantzitsua dute pilotazaleek: San Mateo Pilota Feria. Ezkurdia eta Martija dira bikoteetako bat, eta torneo ona egitea da bikote sakandarraren nahia. Irailaren 21ean, larunbatarekin, sartuko dira lehian, Darioren eta Rezustaren kontra. Zabaletak Zabala errioxarrarekin osatuko du bikoa, eta Errioxan ikusmin handia piztu du biko honek. Irailaren 23an, astelehenarekin jokatuko dute lehen partida, Altuna III.aren eta Tolosaren kontra.