Irailak 20

Guaixe Irratia 2024ko ira. 20a, 10:46

Albisteak eta oharrak,

  • Arakilgo Udalak ikasturte honetarako prestatu duen ikastaro eskaintzaren berri eman du. Lau ikastarok osatzen dute udal eskaintza: Yoga Ihabarren eginen dena, mantentze gimnasia Hiriberri Arakilen, oinarrizko joskintza Errotzen eta sasoitsu bizi ikastaroa Etxarrenen eginen da. Ikastaroak lastailarekin batera hasiko dira, baina izena emate irailaren 27an despedituko da. Ikastaroen inguruko informazioa nahi duenak arakil.eus/eu webgunean edo 948 500 101 edo 634 584 226 telefono zenbakietan jaso dezake. Aldi berean, udalak gogorarazi du helduek euskara ikasteko aukera dutela AEKrekin. Horretaz aparte, udalak gogorarazi die arakildarrei Orritz dantza taldean edo Zaldua futbol taldean parte hartu dezaketela. Eta Etxarrengo frontoiko giltza nori eskatu dakiokeen ere.
  • Irurtzungo Udalak ikasturterako herrian dauden ikastaro eta jarduera fisikoko eskaintzen berri eman du. Honakoek osatzen dute: antzerkia, irakurketa kluba euskaraz eta gaztelaniaz, marrazketa eta margotzea, gorputz jarrerak zuzentzea, pilates, bizkortzea, kirol entrenamendua adinekoendako mantentze gimnasia eta spinning-a. Udalak antolatutakoetan izena emateko epea hilaren 25ean despedituko da. Matrikulatzeko irurtzun.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da. Matrikula egiterakoan izen-abizenak eta ikastaroaren izena adierazi behar da. Matrikula ordaintzeko udaletxean txartelarekin egin daiteke, edo transferentzia egin udalaren kontu korronteren batera. Ordainketa eginda, formulario betea eta ordainketaren froga agiria udaletxean edo kultur etxean aurkeztu behar da. Deialdiari buruzko informazio xehea aipatu webgunean dago. Udalak berak jakinarazi duenez, Irurtzunen bestelako ikastaroak ere izanen dira: euskara, ingelesa, helduendako hezkuntza, arabiera, yoga, joskintza, fibromialgia eta neke kronikoa dutenendako saioak, mugimendu adierazkoa eta abesbatza. 
  • Olatzagutiko Udalaren kirol azpiegiturak kudeatzen dituen Erburua Olazti SM enpresak  etxezain/garbitzailearen eta soroslearen bina lanpostu huts betetzeko prozedura abiatu zuen. Merezimendu lehiaketa despedituta bi kontratazio egitea erabaki du udal enpresak: Kiara Agudo Sanz etxezain/garbitzailearen lanpostua beteko du.  Bestetik, Paula Maldonado Merino soroslearen lanpostua beteko du. Biak ere aldizkako lan kontratudun gisa ariko dira lanean, aurrena lanaldi osoan eta atzena lanaldi partzialean. Lanpostuaz jabetzeko egun zehatza heldu den urtean igerilekua irekitzean izanen dute. 

Kirolak,

  • Mendi lasterketak, Iñigo Orradre, Swiss Peaks Trailean ikusgarri. Etxarri Aranatzen bizi den mendi korrikalari eta mediku aezkoarra bosgarren sailkatu da 360 kilometro dituen Suitzako Swiss Peaks Trail ikaragarrian. Proba bukatzeko 103 ordu behar izan zituen. Etxarri Aranatzen bizi den Iñigo Orradre Burusko mendi korrikalari aezkoarrak, aldi berean mediku traumatologo oso ezaguna denak, sekulako balentria egin du. Alpeetan barna 360 km dituen Suitzako Swiss Peaks Trail muturreko trail gogorra osatzeaz gain, bosgarren sailkatu zen. Ikaragarria. 103 ordu behar izan zituen horretarako, lau egun luze.
  • Mendi lasterketak, Uharte Arakilen, prest. Aralar Mendik dena prest dauka igandean jokatuko den XV. Uharte Arakil Beriain Km Bertikalerako. Proba Euskal Herriko Taldekako txapelketa da, eta EH eta Nafarroako Koparako baliagarria. Irteera 10:00etan izango da eta sari ematea 13:30ean.
  • Areto futbol denboraldia, abian. Asteburuan gizonezkoen hirugarren mailako eta Lehen Autonomikoko liga hasiko da. Emakumezkoen lehen seniorra, asteburu beranduago. Martxan da 2024/2025 areto futbol denboraldia. Gizonezkoen hirugarren mailan Uharte Arakilgo Aralar Mendik Burlata izango du aurkari larunbatean, irailak 21, 16:00etan, Burlatan. Gizonezkoen lehen Autonomikoan Sakanako bi talde lehiatuko dira. Altsasu F.S. taldeak Subiza hartuko du larunbatean, 18:00etan, Altsasun, eta Arbizu Kirol Taldeak Antsoainen jokatuko du, larunbatean, 18:00etan. Emakumezkoen liga astebete barru hasiko da. 
  • Txirrindularitzan, Sakanako Bizikleta Egunaren 30. edizioa igandean abiatuko da, 9:00etan, Ziorditik. Ergoienan geldialdia egin eta gero, Uharte Arakilen despedituko da. Urteurren borobila denez, sorpresaren bat iragarri du Mank-ek.