ZETAKek Unanuko herriari

Guaixe 2024ko ira. 23a, 10:33

Pello Reparaz 'Mitoaroa' ikuskizunaren aurkezpenean. LANDER IBARRETXE / ARTXIBOA

Irailaren 28an, larunbata, Pello Reparazen proiektuaren "esker oneko" kontzertua izanen da Unanuko plazan.

Pello Reparazek AAZTIYEN diskoko iruditeria sortzeko Unanuko herriko mamuxarroetatik "asko edan" du, eta Unanuko inauterietako pertsonaiaren traje zuriak, katolak eta koloretako zapiak ZETAKen "azken etapa honen" parte izan dira. Hortaz, proiektuari "eskainitako guztia eskertzeko" Unanuko herriari eta mamuxarroei eskainitako kontzertu berezia antolatu dute irailaren 28an, larunbata, Unanuko plazan.

Herriak, gainera, egun osoko egitaraua antolatu du: herri kirolak, herri bazkaria, trikitixekin kalerjia, bokata gunea eta abar. Herrian tabernak egongo direla ere jakinarazi dute. Bestetik, zozketa bat egingo dute eta egunean zehar boletoak salduko dituzte. ZETAKen kontzertuaren ondoren DJarekin festa egunsentira arte luzatuko da.

"Festa handi bat txikitasunaren handitasuna aldarrikatzeko, partikularra denaren unibertsaltasuna". Unanuk ehun biztanle baino gutxiago ditu eta irailaren 28an 1000 pertsona elkartuko direla aurreikusi dute. "Ikusgarria izango da". Dagoeneko sarrerak agortu dira. ZETAKek jakinarazi duenez, Unanuko mamuxarroak urtarrilaren 3an eta 4an emanen duten MITOAROA ikuskizunean izanen dira; "Unanutik Nafarroa Arenara goaz, ehun bat biztanleko herri bateko plazatik Iruñean 30.000 mila lagun batzera. Mamuxarroak gurekin eramango ditugu".

ZETAKek duela zenbait egun sareetan jakinarazi zuenez, Unanuko kontzertua "irekia" izan behar zen, baina publiko egin aurretik sortutako "ahoz-ahokoa" zela eta segurtasun arrazoiengatik "delimitatzea" erabaki zuten; Unanuko eta inguruko herritako biztanleek eskuratu zituzten sarrerak.

Ergoienako alkateak bando bidez jakinarazi duenez, kontzerturako jende asko bertaratzea espero denez, Lizarragako eta Dorraoko herritarrei autoz ez joatea eskatu die. Aparkalekuak herritik kanpo egongo direla. Herria eta pertsonak errespetatzeko deia egin dute ere.

ZETAKek Unanuko herriari eta mamuxarroei eskainitako kontzertu berezia

Irailak 28 larunbata

Unanu

12:00 Herri kirolak, plazan (eguraldi txarrarekin frontoian).

15:00 Herri bazkaria, plazan (eguraldi txarrarekin frontoian).

18:00 Trikitixak.

21:45 Zozketa.

21:00 Plaza zabalduko da.

22:00 ZETAK, Unanuko plazan.

00:15 DJ (gaupasa).

 

Erlazionatuak