Irailak 23

Guaixe Irratia 2024ko ira. 23a, 10:55

Albisteak,

  • Asteburuko euriak arrastoa utzi zuen . Gogoz egin zuen euria larunbatean. Irurtzunen 24 urtetan 131,8 litro metro karratuko neurtu zituzten. Esaterako, 18:30 aldera, hogei minutuz, 18 litro metro karratuko bota zituen. 
    Larunbateko euri jasen eraginez Sakanako Autobian (A-10) arazoak izan ziren. Hiriberri Arakil parean, Irurtzunerako noranzkoan, eskuineko erraila itxita egon zen larunbat gauean eta igandeko 11:30ean zabaldu zuten trafikora. Bestalde, Izurdiaga eta Uharte Arakil artean tren zirkulazioa moztu zen igandean. Izan ere, bi tokitan trenbidea oinarriko balastorik edo harririk gabe gelditu zelako. Distantzia luzeko trenak Logroñotik desbideratu zituzten. Eta distantzia ertaineko trenen ibilbidea osatzeko, autobus bidezko zerbitzua izan zen Uharte Arakil eta Irurtzun artean. 
  • Arakilgo Udalak jakinarazi du oposizio lehiaketako epaimahaiak Javier Almirantearena Legazen aldeko izendapen proposamena egin duela. Bera izanen da udaleko zerbitzu anitzetako langilea baldin eta hurrengo 30 egunetan eskatutako dokumentuak aurkezten baditu. Lanpostua D mailakoa da, lanaldia osokoa.
  • Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia ordezkaritzak jakinarazi duenez, irailaren 24an eginen du 2025-2026 biurtekorako zinpekogaien hautaketarako zozketa. Udalerri bakoitzean zinpeko izateko hautagaien zerrenda eratu da. Lakuntzako Udalak lakuntza.eus web orrian argitaratu duenez, 961 lakuntzarren izenak izanen dira zozketa horretan. Aukeratuak direnak, hots eginez gero, epaiketa batean zinpeko epaimahaikide izanen dira.
  • Ihabarrek Palestinarekiko elkartasun eguna hartu zuen larunbatean. Yala Nafarroa Palestinarekin taldeko kideek Palestinaren egoeraren gordina eta larria azaldu zieten iheberdarrei hitzaldi batean. Bitartean haurrendako tailerra izan zen. Bata eta bestea bukatuta, bilkura egin zuten, genozidioa gelditzeko eskatuz eta Palestila libre izatea aldarrikatuz. Horretarako, haurrek egindako irudiak ere erabili zituzen. Iheberdarrek etxetik eramandako pintxoekin pintxo potea egin zuten. Bazkariko menua osatzeko osagaiak ere herritarrek emandakoak izan ziren. Mahaiaren bueltan bazkaltzera 70 iheberdar elkartu ziren. Bazkaldu ondoren, herritarrek emandako produktuz osatutako hiru zareren zozketa egin zen. Guztira, iheberdarrek Palestinaren aldeko 1.500 euro jaso zituzten. Yalako kideek emandako aukeren artean herritarrek dirua ospitale batera bideratzea erabaki zuten. Palestinar dantza, azkenean, ez zuten dantzatu, baina Ihabarko fanfarreak girotu zuen arratsa. 

Kirolak,

  • Txirrindularitzan, Sakanako Bizikleta Egunak bezperako erauntsiari eutsi zion
    Ziordia eta Uharte Arakil batu zituen, Ergoienan atseden hartu eta gero. Bezperako ekaitzek partaidetzan eragina izan zuten, baina eguna “bikain” atera zela azaldu du antolakuntzak.

    Bezperako eguraldi petralak eragina izan zuen XXX. Sakanako Bizikleta Egunean, partaidetza murriztu egin baitzuen, baina, hala ere, goizean ateri eutsi zion eguraldiak eta bizi-bizi abiatu zen tropela Ziorditik. Aurten Ergoienara iritsi zen Sakanako Bizikleta Eguna eta Lizarragan egin zen atsedenaldia. Bertako ikuspegi ederrekin gozatu ederra hartu zuten egunean parte hartu zutenek. “Beriain mendiko ur jauzia ere ikusi ahal izan genuen” azaldu du Sakanako Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak, Sakanako Bizikleta Eguneko arduradunak. 

    Aurten 30. urtemuga zenez, ekitaldi berezia antolatu zuen Mank-ek, Jon Barbarinek Arbizuko plazan antzeztu zuen antzerkia, hain zuzen ere. Barbarin denboran galdutako Aixitako zaldunaren paperean sartu zen, txirrindularien gozamenerako. 

    Sakanako Bizikleta Egunak aurrera segi zuen ondoren, helmugaraino. Erritmo oso bizian joan zen martxa, eta 13:00etarako iritsi zen Uharte Arakilera, 35 km osatuta.

  • Pilotan, San Mateo Torneoan 21-22 galdu zuten Ezkurdiak eta Martijak Darioren eta Rezustaren kontra. Gaur Zabala-Zabaleta sartuko dira lehian, Altuna-Aldaberen kontra. Gaur, irailak 23, sanmateotan ikusmin handia piztu duen Zabala errioxarra eta Zabaleta etxarrendarra sartuko dira lehian. Altuna eta Aldabe izango dituzte aurkari, ikusgarria aurreikusten den partidan. 
  • Areto Furbolean, Osasuna Magna Xota, Nafarroako Kopako txapelduna
    Talde irurtzundarrak 5-0 hartu zuen mendean ATP Iluminacion Tudelano Ribera Navarra taldea, hasieratik derbi lehiatua izan zen finalean. Osasuna Magna Xotak aurre denboraldian jarraitzen du, eta egunotan bi lagunarteko partida jokatuko ditu etxetik kanpo: Sala 10 taldearen kontra, Zaragozan, eta Inter Movistarren kontra, Torrejonen. 
  • Mendi lasterketetan, Guillermo Ramos eta Lider Urrestarazu azkarrenak Beriainen
    Bezperako ekaitzek zalantzan jarri zuten XV. Uharte Arakil Beriain Km Bertikala, baina azkenean arazorik gabe jokatu zen. Lehen sakandarrak Aritz Munarriz eta Izaskun Beunza izan ziren. Uharteko probak Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Kopa erabaki zuen. Azkarrena Miranda de Ebroko Guillermo Ramos izan zen (42:01). 3 segundo atera zizkion Iñigo Alzola arrasatearrari (42:04), eta 20 segundo joan zen urteko irabazle Xabier Macias iruindarrari (43:24). Sakandarren artean Aritz Munarriz etxarriarra izan zen finena, sailkapenean hamaseigarrena (47:46). 

    Emakumezkoetan, Lide Urrestarazu ordiziarrak ez zuen areriorik izan (51:33). 2 minutu eta erdi atera zizkion Irene Artazkoz iruindarrari (54:04). Hirugarren Leire Elola tolosarra izan zen (55:10). Izaskun Beunza olaztiarra lehen sakandarra izan zen, emakumezkoen sailkapenean seigarren (57:36). 

    Uharte arakildarren artean azkarrena, aspaldiko partez, Jose Luis Beraza izan zen (55:12). COVID-ari ezin buelta eman zegoela azaldu zuen uhartearrak, baina sentsazioak berreskuratzen hasia dela. Emakumezkoetan, ordea, sorpresa izan zen, Aizea Berazak, bere lehen parte hartzean, lehen uhartearraren saria eskuratu zuelako (1:01:37), emakumezkoen sailkapenean hamahirugarren izan eta gero. 

    Euskal Herriko Km Bertikalen Kopa
    Uharte Arakil Beriain Km Bertikala Euskal Herriko Km Bertikalen Kopako azken proba puntuagarria zen, eta lehia estua izan zen kopako borrokan. Azkenean, gizonezkoetan Aritz Unamuno izan zen txapelduna, Iñigo Larizek eta Iñaki Goenagaren aurretik, eta emakumezkoetan Garazi Adasolo gailendu zitzaien Leire Elolari eta Maite Zabaletari. Juniorretan Ibai Angulo gailendu zen, eta beteranoetan Iñigo Lariz. Taldeka, Gasteizko Gaikar izan zen txapelduna, Elgoibarko Morkaikoren eta Uharte Iruñea eta Burlatako Hiru Herriren aurretik.