Irailak 24

Guaixe Irratia 2024ko ira. 24a, 10:39

Albisteak,

  • Arabara joateko tren gehiago egonen dira 2025ean . Eusko Jaurlaritza berriko sailburuak beraien legegintzaldiko asmoen berri ematen ari dira azken egunetan. Mugikortasun Iraunkorreko sailburu berriak, Susana Garcia Chuecak (PSE), aldiriko tren zerbitzu berriaren zenbait xehetasun eman zituen atzo. Berritasuna Miranda de Ebro eta Altsasu arteko aldiriko tren zerbitzua izanen da.

    Sailburuak jakinarazi zuenez, tren zerbitzu berriaren kostua lau milioi eurokoa izanen da, eta 2025eko lehen zatian martxan jartzeko asmoa adierazi zuen Garciak. Sailburuak iragarri zuenez, goizeko lehen orduko, eguerdiko eta arratsaldeko azken orduko ordu-tarteak indartu eginen dira zerbitzu berriekin edo dagoeneko aktibo dauden baina Gasteizen bukatzen diren beste batzuen luzapenarekin. Bi zerbitzu gehituko dira Miranda Ebrotik Altsasura, eta bat kontrako noranzkoan, astelehenetik igandera; gainera, lau zerbitzu luzatuko dira noranzko bakoitzean. Gainera, igandeetan hiru zerbitzu gehituko dira. "Asmoa da eskaria martxan jartzea maiztasun gehiago martxan jarriz eta pixkanaka handituz joatea. 

    Gaur egun Altsasu eta Miranda de Ebro artean hiru tren ibiltzen dira norabide bakoitzean. Igandeetan bi izaten dira Arabarantz, goizekoa ez baitago. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu berriak Renfek gaur egun eskaintzen duen zerbitzua indartuko du. 

  • Berdintasun politikak ikastetxeetara eraman nahi ditu Altsasuko udalak . Lehen Hezkuntza ematen duten Altsasuko ikastetxeei berdintasuna integratzen laguntzeko asistentzia teknikoa kontratatu nahi du Altsasuko Udalak. Programa hori ikastetxeekin aldez aurretik adostuta egingo da, euren hezkidetza-lana indartzeko xedez. Eskaintza aurkeztu nahi duenak hilaren 30eko 23:59ra arte du. Kontratuaren lizitazio aurrekontua 9.704,84 eurokoa da (BEZa barne). Zerbitzu kontratuaren balioa, lehenengo urtea eta hiru luzapen posibleak kontuan hartuta, 38.819,36 eurokoa da (BEZa barne). Udalak kontratua kalitate-prezio erlazio onena duen eskaintzari emanen dio.
  • Ludotekako lanposturako eskaerak aurkezteko epea luzatu da. Olatzagutiko Udalak ludotekako monitore izateko lanpostua betetzeko oposizio lehiaketa deialdia egin zuen. Deialdian parte hartzeko eskabidea telematikoki egin behar zen irailaren 16ra arte. Baina eskabideak aurketzeko izandako gorabehera ugariak ikusita, Olatzagutiko Udalak beharrezkotzat jo da izena emateko beste epe bat irekitzea. Eskabideak irailaren 27ko, ostiraleko, 23:59ra arte aurkez daitezke. 

Kirolak,

  • Pilotan, Zabala eta Zabaleta irabazle, baina ederki sufrituta. Asko espero zen San Mateotako Binakako Torneoan Zabala-Zabaletaren eta Altuna-Aldaberen arteko partidaz, eta ez zen gutxiagorako izan. Bart bi bikoek sekulako partida eskaini zuten, zaletasuna sortzen duten horietakoa. Hasieran tarte handia hartu zuten Zabalak eta Zabaletak, 3-9 aurreratu baitziren. Baina Altunak, eta Zabalaren eta Zabaletaren eraso guztiei aurre egin zien Aldabek egoerari buelta eman zioten, eta ederki jokatuz 17-13 eta 19-16 aurreratu ziren. Altuna ikusgarri aritu zen, eta Aldabek oso ongi eutsi zuen. Azken txanpan Zabalak eta Zabaletak ongi erantzutea eta 20-22 partida irabaztea lortu zuten, baina izugarri sufrituz. San Mateotako torneoan, irailaren 27an Zabalak eta Zabaletak Artola eta Salaverri II. izango dituzte aurkari. Aurretik Artolak eta Salaverri II.ak Altuna III.a eta Aldabe izango dituzte aurkari, eta ikusiko da hiruretatik nor sailkatzen den irailaren 29ko final handirako. 
  • Pilotan, Zangozako ikastolak antolatuko du aurtengo Nafarroa Oineza, Piztu! lelopean urriaren 20an izango dena. Jaialdiaren inguruan antolatutako ekitaldien barruan, irailaren 22an pilota jaialdia antolatu zuten Irunberriko pilotalekuan.

    Hasieran, Zangozako eta Ilunberriko pilotari gazteen finalak jokatu ziren. Ondoren, bigarren mailako afizionatuetan, Rebolek (Zangoza) eta Murillok (Ultzama) 18-14 irabazi zieten Oberenako Lakaberi eta Primi.  

    Antolatzaileek diotenez, jaialdiak “luxuzko itxiera” izan zuen, lehen mailako afizionatuen mailan Irurtzun pilota klubeko bi bikotek parte hartu zutelako. Salcedo-Arbizuk 22-20 hartu zituzten mendean Lazkoz-Murgiondo taldekideak, partida ederrean.

  • Futbolean, Emakumezkoen Preferente mailan bigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Castejonen jokatu zuen, eta bi taldeek futbol ikuskizun paregabea eskaini zuten. Partida oso borrokatua izan zen. 11. minutuan, bata bestearen segidan iritsi ziren bi jokaldietan, Nerea Arellanok bi gol sartu zituen segidan, Altsasu 0-2 aurreratuz. Castejonek ongi erantzun zuen eta Valentina Mendezen golari esker 1-2 gerturatu zen, baina Sonia Alonsok Altsasuren hirugarrena sartu zuen. Atsedenaldia baino lehen Valentina Mendezek bigarrena sartu zen, eta Castejon berriro partidan sartu zen, baina Maddi Mariñelarenaren golarekin Altsasu 2-4 aurreratuta joan zen atsedenaldira.

    Bigarren zatian ere oso lehiatua izan zen norgehiagoka. Partida hasi eta berehala Nerea Arellanok beste bi gol sartu zituen. Eromena. Altsasu 2-6 aurretik zihoan. Castejon lanean jarri zen eta 4-6 gerturatu zen, baina Altsasuk ez zuen arriskurik hartu nahi izan, eta, Sonia Irisek eta Leire Estarriagak sartutako golei esker, azkenean 5-8 gailendu ziren altsasuarrak. Ikusgarria. 

    Gauzak horrela, Altsasuk jarraitzen du lider bigarren jardunaldi honetan. Irailaren 29an, igandea, Altsasuk sailkapenean hamargarren den Zangozako Cantolagua hartuko du, 18:00etan, Dantzalekun. 

  • Futbolean, Txapela kentzeko modukoa. Altsasu liderrak Kirol Sport taldea hartu zuen irailaren 21ean Dantzalekun. Hasieratik partida alde jarri zitzaion Altsasuri, 4. minutuan Unai Calvok gola sartu zuelako. Hortik aurrera partida borrokatua izan zen, baina atsedenaldira joan baino lehen Asier Claverrek Altsasuren bigarren gola sartu zuen eta talde gorritxoa lasaiago joan zen aldageletara. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuen partidak. 60. minutuan Hugo Martinezek Kirol Sporten lehen gola sartu zuen eta Orkoiengo taldea 2-1 hurbildu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2-1 irabazita, bigarren garaipena jarraian lortu zuen Altsasuk.

    Etxarri Aranatzek, bere aldetik, irailaren 21ean Atarrabiako Beti Onak B taldea hartu zuen San Donato zelaian. Etxarriarren nagusitasuna erabatekoa izan zen, partida hasieratik. Jon Erdoziak mustu zuen markagailua 9. minutuan, eta Joanes Mikeok 2-0 aurreratu zuen etxeko taldea. Atsedenaldia baino lehen Ander Otamendik sartutako golarekin 2-1 hurbildu zuen Beti Onak B, baina ilusio hutsa izan zen, bigarren taldean iritsi baitzen Etxarriren gol festa: Aratz Mariñelarena, Oinatz Carreño, Adrian Olaiz, Aimar Lizarraga, Jon Erdoziak eta Javier Fernandez de Garaialdek kontrako atean asmatutako golei esker, 8-1 irabazi zuen Etxarrik, garaipen ederra. 

    Lakuntzako Lagun Arteak ere sari ederra ekarri zuen Iruñetik, Amaya futbol zelaian Alde Zaharreko Klubaren kontra 1-5 gailendu eta gero. Bi taldeek lehia estua izan zuten, baina Sael Ozoriak eta Gorka Egurzak 0-2 aurreratu zuten Lagun Artea lehen zatian, eta bigarrenean joera berberak jarraitu zuen, Alvaro Codonek eta Mikel Ieregik sartutako golekin 0-4 aurreratu baitziren lakuntzarrak. Maren Nanclaresek Alde Zaharreko Klubaren lehen gola sartu zuen, baina azken minutuan Mikel Ieregik lakuntzarren bosgarrena sartu eta gero, 1-5 borobildu zuen markagailua. 

    Sailkapena eta datorrena
    Erregional mailako sailkapenean San Jorge jarri da lider (6 puntu) golaverage kontuarengatik. Altsasu bigarren da, puntu berberekin. Etxarri Aranatz bosgarren postura igo da (4 puntu) eta Lagun Artea seigarren postura (4 puntu). 

    Altsasuk sailkapenean hamalaugarren den Beti Kozkor B taldearen kontra jokatuko du irailaren 28an Lekunberrin, 16:00etan. Egun eta ordu berean, Barañainen, sailkapenean hirugarren eta arerio zuzena den Lagunak B taldea du aurkari Etxarri Aranatzek. Lagun Arteak, aldiz, etxean jokatuko du eta irailaren 28an sailkapenean hamargarren den Baztan B taldea hartuko du, 16:00etan, Zelai Berrin.