Irailak 25

Guaixe Irratia 2024ko ira. 25a, 10:47

Albisteak,

  • Pisten ordenantza indarrean sartzear da. Uharte Arakilgo Udalak landa bide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza onartu zuen. Udalak orain jakinarazi du pisten ordenantza lastailaren 1ean sartuko dela indarrean. Ordenantzan jasoa dago pistetan ibiltzeko udalaren txartela beharko dela. Horretarako, udaletxetik pasa beharko dute interesatuek. Informazioa nahi duenak udaletxera jo dezake. Ordenantza udalaren uhartearakil.com webgunean irakurgai dago, dokumentuak atalean. 
  • Sakanako Mankomunitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zerbitzuak musikoterapia eta psikomotrizitate ikastaroa antolatu du. Horretan Milakolore elkartearen, Etxarri Aranazko eta Altsasuko udalen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza izan du. Adimen urritasuna duten sakandarrei zuzendutako saioak dira. Astearteetan Etxarri Aranazko musika eskolan eginen dira eta asteazkenetan, berriz, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. Bietan ere, 16:30etik aurrera. Garagarrilera arte iraunen du ikastaroak. Ikastaroa euskaraz izanen da. Norbaitek euskaraz ez badaki, azalpenak gaztelaniaz emango zaizkio.Izena emateko epea irailaren 27ra arte izanen da zabalik. Horretarako 948 464 866 telefono zenbakira hots egin edo edo kirolak@sakanamank.eus e-posta helbidera idatzi behar da. Ikasturteko prezioa 50 eurokoa da, baina Milakolore kide direnei elkarteak berak ordainduko die ikastaroaren kostua.

Kirolak,

  • Areto Futbolean, Aralar Mendik berdinketarekin ekin dio ligari. 2024/2025 denboraldia abian da eta Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak Burlata Futbol Eskola izan zuen aurkari lehen jardunaldian, Burlatan. Lehen zatian etxeko taldea ibili zen finago, eta 9 minututan, ia konturatu gabe, 4-0 aurreratu zen Burlata. Aralar Mendi, gutxinaka, erantzuten hasi zen, eta partidari buelta ematea lortu zuen bigarren zatian. Eneko Berroetak eta Jorge Mariñelarenak  4-2 gerturatu zuten Aralar Mendi, baina partida bukatzear zela, azken minutuan, Mounir El Akkarik bi gol sartu zituen eta Aralar Mendirendako garaipen zaporea izan zuen launako berdinketarekin bukatu zen partida. Gazte Berriak da hirugarren mailako lehen liderra (3 puntu). Aralar Mendi bosgarren da (puntu 1). Irailaren 27an, ostirala, Aralar Mendik sailkapenean hirugarren den Betelu Futbol Taldea hartuko du Uharte Arakilen, 18:00etan. 
  • Areto Futbolean, Arbizuk hiru puntu, eta Altsasuren partida, atzeratuta. Gizonezkoen Lehen Maila Autonomikoan bi talde sakandar ditugu, aspaldiko partez. Asteburuan hasi zen liga, eta Arbizu Kirol Taldeak hiru puntu oso gozo ekarri zituen Antsoaindik, Gazte Berriak taldeari 1-2 irabazi eta gero. Urtzi Nazabalek 0-2 aurreratu zuen Arbizu, eta nahiz eta bukaera aldera Gazte Berriak 1-2 gerturatu, arbizuarrek garaipenari eutsi zioten. Bestalde, Altsasu F.S. taldea Subiza Cendea de Galar taldearen kontra aritzekoa zen, baina partida urriaren 26ra atzeratzea erabaki zuten. Mendialdea da Lehen Maila Autonomikoko lider (3 puntu). Arbizu Kirol Taldea hirugarren da (3 puntu) eta Altsasu F.S. zortzigarren, punturik gabe. Arbizu Kirol Taldeak Anaitasuna hartuko du irailaren 27an, ostirala, 19:30ean Arbizuko kiroldegian. Egun berean Altsasuk Universidad de Navarra izango du aurkari, 20:30ean, Iruñean. 
  • Areto Futbolean, Xota asteburuan sartuko da lehian. 2024/2025 Emakumezkoen Lehen Senior mailako liga asteburuan hasiko da. Irurtzungo Xota taldeak Mendialdea A izango du aurkari irailaren 27an, ostirala, 20:00etan Berriozarren jokatuko den partidan.