Oharrak,
- Sakanako Mankomunitateak hondakin zerbitzuko bi ingurumen hezitzaile lanpostua merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia egin zuen. Prozedura bukatuta, Sakanako Mankomunitateak erabaki du Itziar Zudaire Salegik eta Estibaliz Lopez Goikoetxeak beteko dituztela hondakin zerbitzuko ingurumen hezitzaileen lanpostuak, 45 eta 46 zenbakidun lanpostuak hain zuen, C mailakoa eta lan-kontratudun finkoen araubidean.
- Irurtzungo Udalak gaztetxokoko monitore izateko bi lanpostu huts merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko deialdia egin zuen. Deialdia aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean egin zen. Prozesua bukatuta, onartutako pertsonarik ez dagoenez, Irurtzungo Udalak gaztetxoko bi monitore lanpostu betetzeko deialdia bete gabe gelditu dela deklaratu du.
- Arbizuko Udalak jakinarazi du herri lurretan dauden larreen lote baten ustiapena emateko deialdia egin duela. Hain zuzen hamaikagarren larre lotearen ustiapena da oraingoan emanen dena. Aurretik beste herri lurren kudeaketa dutenek ezin izanen dute deialdian parte hartu. Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, eskaerak egiteko epea lastailaren 4an, ostiralean, despedituko da.
- Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Urdiaingo Udalak zerbitzu anitzetako enplegatu eta liburuzain lanpostu hutsak oposizio lehiaketa bidez betetzeko deialdia egin zuen. Prozesua bukatuta, Gorka Aiestaran Irigoien zerbitzu anitzetako enplegatu izendatu du udalak. D maila lanpostua da, lanaldi erdikoa, euskara nahitaezkoa duena. Bestetik, Aitziber Irigoien Irigoieni liburuzain postua eman dio. Lanaldi partziala du, astean hogei ordu, C mailako lanpostua da, euskara nahitaezkoa duena. Biak ere Urdiaingo Udalaren zerbitzuko langile lan-kontratudun finko izanen dira.
Kirolak,
-
Ezkurdiak final zortzirenetan ekingo dio Lau eta Erdiko Txapelketari.
Hamabi pilotarik hartuko dute parte kaiolan. Altunak joan zen urteko txapela defendatuko du, eta Ezkurdiak, final zortzirenetatik hasita, gorantz egin nahi du. Azkeneko zazpi txapelak Ezkurdiak eta Altunak jantzi dituzte
Urriaren 1ean aurkeztu zuten, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 2024ko Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa. Baiko Pilotako eta Aspeko seina pilotarik hartuko dute parte, hamabi guztira. Urriaren lehen asteburuan Zallan eta Ezcarayn jokatuko diren kanporaketekin osatuko da hamabikoa. Zubizarretak eta Larrazabalek jokatuko dute Zallako kanporaketa, eta Dariok eta Salaberriak Ezkaraikoa.
Altuna da egungo txapelduna. Lau eta erdiko azken bederatzi finalak jokatu ditu, eta horietatik lau txapela irabazi ditu. Ezkurdiak, hiru txapel ditu. Azken zazpi txapeletatik hiru Ezkurdiak jantzi ditu, eta lau Altunak.
Artola, Ezkurdiaren lehen arerioa
Urriaren 11n hasiko dira txapelketako final zortzirenak, eta hor sartuko da lehian Joseba Ezkurdia arbizuarra. Urriaren 13an Artola izanen du arerio Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan. Arazo fisikoekin dabil Artola, San Mateotako final erdietan erretiratu egin behar izan zen, baina Lau eta Erdirako ongi egongo dela aurreikusten du Baikok. Artolak jokatzerik ez balu, Zallako atariko galtzailea ere txapelketan sartuko litzateke. Txapelketan aurrera egiteko irabaztea, Ezkurdiak ez du besterik.Beste final zortzirenetan, Urrutikoetxeak Larrazabal edo Zubizarreta izango du aurkari urriaren 11n, Agoitzen; Lasok Dario edo Salaberria, urriaren 12an, Bilbon; eta Elordik Zabala, urriaren 14an, Tolosan.
Irabazleek Peio Etxeberria, Jaka, Peña II.a eta Altuna III.a izanen dituzte zain final laurdenetako ligaxkan, joan zen urteko txapelketako onenak, hain zuzen ere. Ezkurdiak, irabaziz gero, Altuna izango luke lehen aurkaria.
Nobedadeak
Laso lehiaketara itzuliko da, iaz baja izan ondoren. Zabala eta Zubizarreta dira aurpegi berriak, ataundarrak atarikoa gainditu edo Artolak jokatzeari utziko balio.Bestalde, ezingo da partidarik atzeratu, eta lesionatzen direnei, partida galdutzat emango zaie. Finala ere ez da atzeratuko, eta bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. Aurtengo nobedadea da hirugarren eta laugarren posturako partida bai ala bai jokatuko dela; pilotariren batek min hartzen badu, ligaxkan kanpoan geratu den onenak ordezkatuko du.
Finala, Bilbon
Final laurdenetako ligaxka azaroaren lehen asteburuan despedituko da, eta finalerdi handiak azaroaren 9an, Labriten, eta azaroaren 10ean, Astelenan erabakiko dira. Hirugarren eta laugarren postuko partida azaroaren 17an jokatuko da, Zumarragan, eta Lau eta Erdiko final handia, urriaren 24an, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.