Garabide kultur elkartea hizkuntza lankidetzan aritzen da eta bere programetako bat Hizkuntzak Biziberritzeko Formazio Programa da. Haren bidez hizkuntza gutxituak biziberritzen ari diren munduko hainbat komunitatetako ordezkariak hizkuntzak biziberritzeko estrategietan trebatzea helburu duena. Programak aukera ematen du euskaldunok hizkuntzaren biziberritzean ditugun ezagutzak eta esperientziak, hizkuntza gutxituak biziberritzen diharduten munduko beste komunitateekin partekatzeko. Prestakuntza programa urte osokoa da. Hala ere, hizkuntza aktibistek sei asteko egonaldia eginen dute Euskal Herrian, horrek bertatik bertara hainbat esperientzia ezagutzeko aukera emanen die.
Aurten 1hamairu komunitatetatik heldu diren hemezortzi hizkuntza aktibista daude trebatzen. Horietarik gehienak Hego Amerika eta Erdialdeko Amerikatik etorriko dira, baina badira baita Afrika eta Asiakoak ere: Kaqchikel bat (Guatemala), hiru Yukatango maia (Mexiko), mixe bat (Mexiko), bi kitxua (Ekuador), ketxua bat (Bolivia), bi guarani (Bolivia eta Argentina), nasa bat (Kolonbia), maputxe bat (Wallmapu), asheninka bat (Brasil), Haitiko kreoleradun bat (Haiti), bubi bat (Ekuatore Ginea), bi amazigh (Rif), eta kurdu bat (Kurdistan).
Haien egonaldiko aurreneko astean, irailaren 26an, Irurtzungo Pikuxar euskal txokoan izan ziren. Han hizkuntza komunitateen arteko elkarrizketa jardunaldian parte hartu zuten. Hiru komunitatetako kideek hartu zuten hitza beraien hizkuntzaren berri eman eta haien jardunaren berri emateko. Garabidek, Pikuxarrek eta Sakanako Mankomunitateak antolatutako solasaldia izan zen. Hurrengo egunean Guaixera bisitan etorri ziren. Sakanako euskarazko tokiko hedabideak sorreratik gaur egunera arte egindako bidea ezagutu zuten. Eta hainbat arlori buruzko galderak egin zituzten, zuten jakin-mina asetzeko.