Astekaria

Teknoadineko proiektuarekin segi, sakontzeko asmoz

Guaixe 2024ko urriaren 9a

Juanjo Goikoetxea San Roman, Silbia Sesma Nazabal eta Unai Razkin Iriarte.

Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egin dute. Proiektuak 65 urtetik gorakoen nahi gabeko bakardadeari eta ondorioei aurre egin nahi die. Segida emateko gobernuari bilera eskatu diote.

Europako funtsekin martxan jarri zuten Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek (OGZ) Teknoadineko Landalab, Nafarroan proiektu pilotua dena. Egitasmoa 2023ko apirilean abiarazi zuten eta lastailean despedituko da. Bi arlotan lan egin da. Alde batetik, OGZko gizarte langileen ordenagailuetan Informazio Sistema Integrala jarri da. Gizarte Zerbitzuen eta udal erroldaren makina bat datuz hornitutako sistema horrek aukera ematen die langileei begi kolpean nahi gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonak identifikatzen. 

Lehen argazki bat lortzen da tresna horrekin, baina gero hala den baieztatu beharra dute OGZetako langileek. Horretarako adinekoengana hurbiltzeko prozesuari ekin zioten. Lehenik gutun bidez egitasmoaren berri emanez. Ondoren telefonoz hots eginez eta horien arabera, azkenik, bisita eginez. Proba pilotua zenez, norengana jo erabaki behar izan zuten eta hiru talde izan zituzten kontuan: 85 eta 90 urtekoa eta 90 urtetik gorako pertsona, bakarrik bizi direnak, eta mendekotasunik eta ezgaitasunik ez dutenak. Eta, horiekin batera, informazio sistemak identifikatu dituenak arrisku handien izan dezaketelako. 

Bestetik, auzozainak daude. Adinekoen komunitateko pertsonak dira, profesionalak (medikuak, erizainak, etxez etxeko arreta zerbitzua, eta abar), zerbitzu eta saltokietakoak (ostalaritza, elikadura, farmazia, eta abar), edo bizilagunak, laguntza lanak egin ditzakeenak. Guztien artean zaintza sare bat osatuko lukete, beti ere, adineko pertsonaren nahietan oinarrituta. Horiek aktibatzeko eta trebatzeko hitzaldiak egin dira, baita trebakuntza eta zabalkunde lanak ere. Proiektuaren sustatzaileek ondorioztatu dutenez, "interesa, beharra eta parte hartzeko prest dagoen jendea badago". 

Hiru hilabetetan bakarrik bizi diren 160 adineko identifikatu dituzte, haiekin harremanetan jarri dira eta balorazioak egin dizkiete. Proiektuko langileek aurreikusten dute, urtebetean bakarrik bizi diren sakandar guztiekin harremanetan jartzeko aukera izanen dutela. Adinekoengana hurbiltzeko prozesua mantsoa da, baina balio izan du bakarrik dauden pertsona horien beste behar batzuk identifikatzeko, eta horrek OGZn beste programa batzuk martxan jartzea ekarri du. 

Egitasmoak bidea egiten badu beste helburu batzuk ere lor daitezkeela uste dute sustatzaileek. Batetik, adinekoak entzuteko espazioak sortzea. Bestetik, zaintza eta laguntasun dinamikak eskainiko dira. Adinekoen eta auzozainen arteko harremana sortuko da, eta haren jarraipena eginen dute gizarte langileek. Aldi berean, gizartea sentsibilizatzeko lanak egiten jarraitzea beharrezko jo dute. Baita proiektura auzozain gehiago batzea ere. 

Datuak:

Populazioa: 24.652
65 urte baino gehiago: 5.580, %23
Emakumezkoak: 2.867, %12
Gizonezkoak: 2.713, %11
Bakarrik dauden 65 urtetik gorako pertsonak: 1.223, %22
Emakumezkoak: 741, %26
Gizonezkoak: 482, %18

Proba pilotuko emaitzak
Identifikatuta: 377
Harremanetan jarri dira: 160, %42,4
Balorazio prozesua eginda: 96, %60
Auzozainak: 25

Gonbidapena
Sakanako hiru OGZetako presidenteak dira Unai Razkin Iriarte, Silbia Sesma Nazabal eta Juanjo Goikoetxea San Roman. Esan dutenez, "oso positiboki baloratzen dugu proiektu honen objektua, filosofia eta pedagogia. Mamia eta forma. Identifikatutako baina jorratu gabeko behar baten aurrean, jende askoren bizitza hobetzeko eta duintzeko baliagarria da egitasmoa". Azaldu dutenez, "proiektu berritzaile hori ezartzeko lehen pausoak ematen ari gara, eta lankidetzari esker eman dira. Nafarroako Gobernuari eskerrak eman nahi dizkigu aukera hau posible egiteagatik eta bere konpromisoagatik, eta norabide horretan elkarlanean jarraitzera gonbidatzen dugu", adierazi dute. 

Felix Taberna Monzon lehendakari ordeak eta Carmen Maeztu Villafranca Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria proiektuaren aurkezpenean izan ziren. Han esan zituztenak gogora ekarri ditu hirukoak: "arrakasta faktore asko dituen proiektua da: erakundeen arteko lankidetza, ekonomiaren arloko gizarte ekimena eta hain beharrezkoak diren sare sozialen sorrera, teknologia eta komunitate zaintza uztartuz". Horiek kontutan izanik, OGZetakio buruek Maezturi bilera eskatu diote. Azaldu dutenez, "egindako ibilbidea elkarrekin baloratzeko eta proiektuarekin jarraitzeko borondatea, egokitasuna eta finantzaketa aztertzeko". 

Azpimarratzekoak 
Hiru presidenteek nabarmendu dutenez, "funtsezkoa da agenda publikoan nahi gabeko bakardadea arazo larri gisa jartzea, gero eta jende gehiagoren bizitza duin eta osasungarri baten garapenean eragin handia baitu". Horregatik, "ezinbestekotzat" jo dute eremu publikotik aurre egitea. "ta proiektu pilotu horrek "norabide horretan jarduteko bideak irekitzen" dituela gaineratu dute. 

Razkinek, Sesmak eta Goikoetxeak esna dutenez, "proiektuak harreman berri bat ezartzen du, dinamika partekatu bat, zerbitzu publikoen eta gure herrietako komunitatearen artean. Kasu honetan OGZ mankomunitateen eta auzozainen artean". Azpimarratu dutenez, Teknoadineko Landalab proiektua "koordinazio eta lankidetza publiko-komunitarioan oinarritzen da, eta hori oso positibotzat jotzen dugu, sakondu eta zabaldu beharreko bidea da". 

Azkenik, dinamikak jasotzen dituen zenbait printzipio nabarmendu nahi izan dituzte: "zaintzeko eta zaindua izateko eskubidea, pertsonak eta haien beharrak politika publikoen erdigunean jartzea, haien benetako beharrak identifikatu eta aurre egitekoa. Gure burua zaintzen dugu eta gure jendea zaintzen dugu, gauza gutxi iruditzen zaizkigu garrantzitsuagoak". 

Hirukoak eskerrak eman dizkie Teknoadineko Landalab proiektua posible egin duten guziei: udalak, Sakanako Mankomunitatea, OGZetako langileei, proiektua dinamizatu duen Zakaneko langileei, osasun etxeetako langileei, merkatariei eta boluntario izateko presta agertu direnei ere.