Albisteak,
- Teknoadinekorekin segi, sakontzeko asmoz. Ibarreko hiru Oinarrizko Gizarte Zerbiztuek orain arte egindako lanaren balorazio positiboa egin dute. Proiektuak 65 urtetik gorakoen nahi gabeko bakardadeari eta ondorioei aurre egin nahi die. Segida emateko gobernuari bilera eskatu diote.
- Sakanako Mankomunitateak pick up motako ibilgailu bat erosteko deialdia egin du. Erosiko duen ibilgailu hori Ur Zerbitzuko langileek erabiliko dute. Erosketa egiteko ibarreko erakundeak 39.000 euro (BEZik gabe) ordaintzeko prest dago. Deialdian interesa duen enpresak lastailaren 10eko 14:30era arteko epea du eskaintza aurkezteko. Kontratua eskuratzen duen enpresak gehienez ere sei hilabete izanen ditu ibilgailua Sakanako Mankomunitateari emateko.
- Enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Lakuntzako Udalak zerbitzu anitzetako lanpostu huts bat betetzeko merezimendu-lehiaketa deitu zuen. Kalifikazio epaimahaiak bere lana egin ondoren, Lakuntzkao Udalak zerbitzurako lan kontratuko langile finko gisa Youness El Marhoum Rafaa kontratatu du. D mailako lanpostuan ariko da.
- Ziordiko Udalak zituen bi lanpostu huts betetzeko oposizio lehiaketa deitu zuen. Deialdia aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean egin zuen. Prozesua bukatuta bi pertsona aukeratu ditu lanpostu horiek betetzeko. Biak ere Ziordiko Udalaren zerbitzuko langile lan-kontratudun finko izanen dira. Zerbitzu anitzetako enplegatua Gorka Aiestaran Irigoien izanen da, D maila lanpostua betez, lanaldi erdian ariko da, euskara nahitaezkoa du. Amaia Iparragirre Mendia, berriz, liburuzain lanpostuaz jabetu da. Lanaldi partziala du, astean hogei ordu, C maila postua, euskara nahitaezkoa du.
Kirolak,
- Pilotan, Joanes Bakaikoa, Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketan lehiatzeko gogotsu
Joan zen urtean etxarriarra lesionatu, eta Promesen Lau eta Erdian ezin izan zen aritu. Aurten final laurdenetan sartuko da lehian. Urriaren 2an aurkeztu zuten, Bilbon, 2024ko Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketa, promesen mailakoa, hain zuzen ere. Txapelketa urriaren 11n hasiko da Agoitzen, eta final handia azaroaren 16an jokatuko da, Iruñeko Labriten. Guztira hamabi pilotarik jokatuko dute Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketa: Agirre, Egiguren V.a, Bakaikoa, Murua, Alberdi II.a, Exposito, Senar, Aldabe, Eskiroz, Mata, De la Fuente, eta Zubizarreta III.ak eta Larrazabalek urriaren 5ean Zallan jokatuko duten kanporaketako irabazleak. Urriaren bigarren asteburuan final zortzirenak jokatuko dira, eta urriaren hirugarren asteburuan final laurdenetako lehendabiziko jardunaldia. Hor sartuko da lehian Joanes Bakaikoa. Urriaren 12an Bilbon jokatuko den final zortzirenetako irabazlea izango du aurkari, Eskiroz edo Alberdi II.a. Sarrerak salgai daude dagoeneko. Finalerdiak azaroaren 8an, ostiralez, jokatuko dituzte, eta final handia azaroaren 16an, Labriten.
Joanes Bakaikoak joan zen urteko irailaren 30ean ezker belauna bihurritu zuen irailaren 30ean Itziarren jokatutako partidan. Ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua bihurritu zitzaion. Ondorioz, ezin izan zuen Promesen Lau eta Erdian aritu, eta Eskirozek bete zuen bere tokia. Beraz, aurten bere txapelketa kuttunean bueltan da, gogotsu. Izan ere, etxarriarra espezialista handia da kaiolan. Promozioko Lau eta Erdian bi txapela ditu, 2018koa eta 2021ekoa. -
Saskibaloian, CBASK Narum Fisioterapia mailaz jaitsi eta gizonezkoen bigarren Maila Autonomikoan jokatuko du aurten, eta CBASK Xabi Gorriz Tatoos taldeak emakumezkoen lehen senior maila autonomikoan jarraituko du. Hastear da saskibaloiko 2024/2025 denboraldia, eta Altsasuko CBASK saskibaloi klubak prest ditu bere taldeak. Gizonezkoetan, CBASK Narum Fisioterapia taldeak gizonezkoen bigarren maila Interautonomikoan jokatzen zuen iaz, baina jaitsiera postuetan bukatu zuenez, maila galdu, eta aurten gizonezkoen bigarren maila Autonomikoan lehiatuko da. Urriaren 6an, Zizurren, Megacalzado Ardoi taldea izango du aurkari, 18:00etan. Emakumezkoetan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak lehen Senior Autonomikoan jarraituko du lehian. Urriaren 5ean, 18:00etan Navarro Villoslada A taldearen kontra jokatuko du Ermitagaña kiroldegian.
-
Arakilgo Zaldua futbol taldea martxan da. 2024/2025 denboraldiko Elomendiko Txapelketa ongi hasi du talde arakildarrak, lider jarri baita. Martxan da Elomendiko Futbol Txapelketako 2024/2025 denboraldia. Asteburuan lehen jardunaldia jokatu zen, eta Arakilgo Zalduak eta Elomendik bana berdindu zuten partida oso borrokatuan. Zalduak beste partida bat aurreratu zuenez eta bertan garaipena lortu zuenez, sailkapenean lider jarri da Arakilgo taldea (4 puntu), Salinas taldearen aurretik (3 puntu). Urriaren 5ean, larunbata, sailkapenean laugarren den Unzitiren kontra jokatuko du Zalduak Larrabiden, 15:30ean.