Albisteak,
- Altsasuk badu balorazio txostena. Haren bidez udalerriko ondasun higiezin bakoitzari balio bat ematen zaio. Aurreko txostena 2002koa zen. 2024ko irailaren 19ko bilkuran egindako proposamena izan da orain onartu dena. Agiriaren eduki osoa jendaurrean azaroaren 2ra arte egonen da.
- Hazkundeagatik eta nazioartekotzeagatik hiru enpresek aitortza jaso dute. Nafarroako beste 40 enpresekin batera jaso dute aitortza, eta “egindako ekarpen ekonomiko eta soziala” nabarmendu diete. Haien hazkundeagatik eta nazioartekotzeagatik nabarmendu diren 43 enpresa nafar saritu dituzte. Horien artean Sakanako hiru enpresa zeuden: Uharte Arakilgo Trefilados de Navarra, Lakuntzako Industrial Barranquesa eta Arbizuko Baikor Worldwide. "Ikusmena, ahalegina, entrega, konpromisoa, ausardia, irudimena, arriskua eta konfiantza" saritzen ditu sariak.
- Sunsundeguin sindikatuak jarrerak hartzen hasi dira. Zuzendaritzak aurkeztu nahi duen aldi baterako enplegu erregulazioko espedientearen memoria eta dokumentazioa enpresa batzordeari astelehenean eman zion. Bi asteko epea dute aldeek espedientea negoziatzeko hurrengo bilerak hilaren 4, 8 eta 11n dira. Aurreneko bilera asteartean egin zuten eta enpresa batzordeak hiru eskaera egin zituen. Batetik, iraileko nomina kobratzea, 2025ko oporren osagarria jasotzea eta abenduko extra kobratzea. Zuzendaritzak eskaera horri gaur zer erantzunen dion zain gelditu da enpresa batzordea. Hala ere, bileraren aurretik langileak batzarrera deitu dituzte, egoeraren berri eman eta sindikatu bakoitzak duen jarreraren berri emateko.
Astearteko bileran ELAk adierazi zuen espedientearekin ez dagoela ados, eta egoera bideratzeko beste neurri batzuk proposatu zituen. Gaineratu zuen ez dutela espedientea sinatuko. Bezperan jasotako dokumentazioa aztertzen ari zenez, LABek ez zuen iritzirik eman. Baina espedienteari buruzko bere jarrera bileretan entzuten dutenaren arabera zehaztuko dute. UGTk eta CCOOk adierazi dute espedientearen baldintzak "onargarriak" badira sinatuko dutela. Horretarako, CCOOk eskatu du enpresa batzordearen hiru eskaerak betetzeko, baita lastaila erdiko soldata kobratzea ere. Guztiek argi dute akordioarekin edo gabe espedienteak aurrera eginen duela.
Langileek soldata kobratzeko eguna asteartean zen. Sindikatuek ordaintzeko eta espedientearen negoziazioan ez sartzea exijitu zioten enpresari: "guk sortu egin dugu eta gure eskubidea da kobratzea. Poltsiko bete edo hutsarekin jolasten ari dira". Bitartean jakin dute inbertitzaile bat bilerak izan dituela eta eskaintza egin dezakeela, "nahikoa aurreratua omen dago". Langileen ordezkariek garbi dute enpresak ezin duela denbora asko itxita egon: "azkar argitu behar da, aurten bertan". 25 bat autobus egin nahi zituen zuzendaritzak, baina dokumentazioa eman ondoren sei gutxiago dira. Bitartean langileen %95 lanik gabe dago.
- Arbizun, Gaztetxokoan parte hartzeko adina duten gaztetxoekin, 2011-2013 bitartean jaiotakoekin, bilera eginen da, larunbat honetan, goizeko 11,00ean GAZTETXOKOKO LOKALEAN. Gaztetxokoaren etorkizunaz hitz egin nahi da herriko gaztetxoekin, azken urteetan, parte hartzeak behera egin duelako.
Kirolak,
- Automobilismoan, Alpinche mitikoa, berriro Urbasan. Alpine eta Porsche hibridoa den Alpinche auto mitikoa Urbasara hurbilduko da, 49 urte geroago. Gaur, ostirala, Olaztin aurkeztuko dute, eta biharko Urbasako Igoeran itxiera autoa izango da. Urbasako Igoera ordu bat aurreratu dute aurten: 12:00etan hasiko dira entrenamenduak. XLII. Urbasako Igoera nobedadeekin dator. Batetik, Sakana Motorsport eskuderiak ordu bat aurreratu du probaren hasiera. Larunbatean, 12:00etan hasiko dira entrenamenduak, eta segidan bi mangak jokatuko dira. Errepidea gaur itxiko da, 19:00etan. Nafarroako eta Errioxako Mendi Txapelketetarako eta Nafarroako Formula Libreko Trofeorako baliagarria da. 100 pilotu inguruk hartuko dute parte, eta joan zen urteko irabazle Arkaitz Ordoki, Iker Palacios, Daniel Jimenez, Miguel Gutierrez eta Miguel Alonso daude faboritoen artean. Orain arte Harby izaten zen proba zabaltzen zuena, Simca Rallyarekin, baina aurten aldaketak daude. Alpinche auto mitikoa izango da Urbasako Igoeran, Porsche motorra duen Alpine autoa; hortik izena, Alpinche.
- Pilotan, Zabaletak Peio Etxeberria eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari. Irabazleek igandean finala jokatuko dute, Altuna-Iztuetaren edo Zabala-Imazen kontra.
- Mendi lasterketan, Etxarri Aranatzek mendi lasterketen lekukoa hartuko du. 49. Mendira Joan Etorria dago jokoan igandean, ferietan, 11:00etan. Oraindik ere izena eman daiteke, gaur, ostirala, 20:00ak arte, Kronoak.com webgunean. Antolakuntzak 2009raino jaiotakoei zabaldu die izena emateko aukera. Hartzabalera heltzea da erronka, eta herrira bueltatzea (10 km, 572 m desnibel +).