urriak 7

Eneida Carreño Mundiñano 2024ko urr. 7a, 11:12

Albisteak,

  • Altsasuko Udalak musika eta dantza eskolako lanpostuak bete ditu. Aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, Altsasuko Udalak  musika irakasleen, dantza irakaslearen eta udal musika eta dantza eskolako administrari ofizialaren lanpostu hutsak betetzeko merezimendu lehiaketa deitu zuen. Deialdiaren prozesua bukaturik, eta kalifikazio epaimahaiak egindako izendapen proposamenei jarraituz, udalak hamaika lanpostu bete ditu, musika irakasleen hamar lanpostu eta administrari ofizialarena. Aldi berean, udalak jakinarazi du bi lanpostu bete gabe utzi dituela biolin eta gitarra elektrikoko eta baxu elektrikoko irakasleenak hain zuzen ere. 
  • Etxarri Aranatzek feriak ospatu ditu asteburuan. Herriko aziendaren erakusketa egin zen larunbat arratsaldean. Haur jolasak, auzatea eta dantzaldia izan ziren festarako beste osagaietako batzuk. Igandean, berriz, bertako ekoizle eta artisauen azoka hartu zuen plazak. Auzatea izan zen eta kantu taldeak doinua jarri zion eguerdiari. Plaza beteta egon zen, eta askok mendi lasterketako parte hartzaileak txalotu zituzten haien ibilbideko azken metroetan. Gazta lehiaketara lau gazta egilek aurkeztu zuten beraien ekoizpenak. Haiek etxarriarrez osatutako epaimahai batek dastatu zituen: Joxe Aldasoro, Valeria Barraza, Juantxo Saenz eta Joxe Garziandia. Idiazabal jatorri izendapeneko Joserra Agirianok gidatu zituen dastaketan. Epaileen iritziz, aurkeztutako gaztarik onena Uharte Arakilgo Sustrai izan zen. Podiuma Dorraoko Utxama gaztak eta Arruazuko Albin egindakoa osatu zuten.
  • Bertsolaritzan, Eneko Lazkozek jantzi du Errexil sariketako txapela. Postako gela jendez gainezka zela kantatu zuten bertsolariek Urruñan. Aritz Bidegainen gidaritzapean sartu ziren gelara Aissa Intxausti, Eneritz Artetxe, Ramuntxo Christy, Eneko Lazkoz, Maddi Sarasua eta Eneko Abasolo "Abarkas". Giro goxo eta beroan ale ederrak utzi zituzten bertsolariek saio osoan zehar. Buruz burukoan Eneko Lazkoz eta Maddi Sarasua lehiatu ziren. Epaile lanetan Iban Thikoipe, Maialen Berra eta Ainhoa Sarasua aritu ziren. Azkenik Eneko Lazkoz gailendu zen final handian. Jean Louis Eizmendi "Errexil II"ak jantzi zion txapela txapeldunari. Hiru saio izan dituen sariketa izan da eta Errexil bertsolari zenaren omenez burutu da.

Kirolak,

  • Pilotan, Zabaletak jotzaileen errege jarraitzen du izaten. Peña II.ak eta Zabaletak irabazi zuten CaixaBank Mastersa, hasieran 12-11 aurrea hartu zuten Altunari eta Iztuetari ongi erantzunez, eta markagailua irauliz (13-22). Zabaleta eta Peña, oso pozik. Bigarren mastersa da Zabaletarendako. “Gasteizen, nire frontoi kuttunean irabazi nuen beste masters bat Aimar Olaizolarekin, eta uste dut hau bigarrena dela. Urte batzuk dira final honetara ez nintzela sartzen, eta oso pozik nago irabazi izanagatik”. 
  •  Automobilismoan, Ordoki nagusi Urbasan. Ez zen sorpresarik izan eta joan zen urteko irabazle Arkaitz Ordokik lortu zuen XLII. Urbasako Igoeran azkarrena izatea (Nova NP-03), 3:16.080. Iker Palacios lakuntzarra hirugarren izan zen (BRC B52), 16 segundora (3:32.923). Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Arkaitz Irigoien Barandiaran bakaikuarra 21. sailkatu zen (Clio, 3:59.252); Odei Juango lakuntzarra 23. (BMW E46, 4:00.192); Delfin Goikoetxea Esnaola 40. (Alpine PRM Proto, 4:07.248); Asier Juanez Garcia 42. (Clio Sport, 4:08.846); eta Ander Gurmindo Vicente 44. (Clio Sport 4:09.511). Arakil Motorsporteko Jesus Perez de Obanos Belokik ezin izan zuen proba bukatu.
  • Mendi lasterketak, Ion Sola eta Irene Artazkoz azkarrenak Etxarrin. 49. Mendira Joan Etorrian gailendu ziren, Ekhi Congil eta Eneritz Karasatorre etxarriarren aurretik. Etxarri Aranazko ferietan jokatutako 49. Mendira Joan Etorria 109 korrikalarik osatu zuten, plaza betetzen zuten zaleen txaloez lagunduta. Etxarriko plazatik abiatuta, Hartzabalera igotzea zen erronka, Maiatza jartzen den tokira, eta berriro herrira jaistea. Arreko Ion Sola Torralba izan zen garailea (46:32), Ekhi Congil etxarriarraren (47:33) eta Lekunberriko Iñigo Lasarteren (49:11) aurretik. Aritz Munarriz etxarriarra podiumera sartzear geratu zen, laugarren (49:16). Emakumezkoetan, Irene Artazkoz iruindarrak ez zuen areriorik izan (57:19) eta 7 minutu pasa atera zizkion Eneritz Karasatorre etxarriarrari (1:04:07). Berriozarko Aurkene Arocak (1:04:16) osatu zuen podiuma. Aizea Beraza uharte arakildarra laugarren sailkatu zen (1:05:35). 
  • Txirrindularitzan, Gorka Izagirrek txirrindularitza utziko du. Paris-Toursen konfirmatu du erabakia, “berezia eta hunkigarria izan da” adierazita. Gorka Izagirrek 37 urte bete ditu gaur. Asteburuan Paris-Tour lasterketan parte hartu baino lehen, oparia jaso zuen, eta “berezia eta hunkigarria izan da” hitzekin, txirrindularitza utziko duela konfirmatu du. Litekeena da urriaren 15etik 20ra jokatuko den Txinako Guangxiko Tourra bere ibilbideko azkena izatea.

    Aurten Cofidis taldean aritu da Ziordian bizi den Ormaiztegiko txirrindularia, baina ezin izan du bere benetako maila eta potentziala eman. Aurretik sei urtetan ibili zen Movistarren, bi garai ezberdinetan, hiru denboraldi Astanan, denboraldi bat Bahrainen eta lau Euskaltel Euskadin. Gorka Izagirrek erretiroa hartuko du, baina bere anaia Ionek Cofidis taldean jarraituko du beste urte batez. Palmares ederra du Ormaiztegik. Italiako Giroan garaipen bat, Ordiziko Klasikoan hiru garaipen, La Provenzeko Tourra, Trittico Lombardoa, Amorebietako Klasikoa, Luxemburgeko Tourreko etapa bat, eta Espainiako Errepideko Txapelketa bat. Giroan hirutan aritu da, Tourrean hamar aldiz (hiru aldiz ezin izan zuen bukatu) eta Vueltan bost aldiz.