Albisteak,
- Altsasuko Udalak zerga berri bat onartu zuen joan zen urteko lastaileko bilkuran. Haren arabera, energia elektrikoa, gasbideak eta beste hidrokarburo batzuk garraiatzeko eta banatzeko instalazioen bidez tokiko jabari publikoa modu pribatiboan erabiltzeagatik edo aprobetxamendu berezia egiteagatik tasa bat ordaindu beharko dute haien jabe diren enpresak. Udalaren kalkuluen arabera zerga horrekin 33.000 euro lortuko lituzke. Altsasuko Udalaren ordenantza fiskalaren kontra Red Electrica Española Sak administrazioarekiko auzi errekurtso bat jarri zuen martxo akaberan. Ordenantza orokorra denez, eta interesdun kopuru zehaztu gabe bati eragiten dionez gero, interesdunak lastailaren 16ra arte dute prozedura horretan demandatu gisa ager daitezen. Helegite hori Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sala tramitatzen ari da, 72/2024 prozedura arrunt gisa.
- Sunsundeguiko langileek protesta egin dute. Autobusak egiten dituen Altsasuko enpresako langileek gaur 10:00etatik 10:15era protesta egin dute lantegian bertan. Enpresaren egoera salatu eta aldi berean harendako etorkizuna eskatu dute. Baita iraileko nomina ordaintzea ere. Bihar protesta herrira eramanen dute Sunsundeguiko langileek: 11:00etatik 12:00etara udaletxe parean bilkura eginen dute.
- Olaztin, Udalaren pintura ikastaroan izen ematea zabalik
Kirolak,
- Atletismoan, Maite Beregaña Orreaga-Zubiriko podiumean eta Sergio Garcia de Eulate, atean. Urriaren 6an jokatu zen XVII. Orrega-Zubiri Maratoi Erdia. Aurten ere errekorrak apurtu zituen Donejakue bidean Orreaga eta Zubiri batzen dituen 21,300 km-ko lasterketak. Antolakuntzak salgai jarritako 1.000 dortsalak agortu ziren, eta, eguraldia lagun, lasterketa paregabeaz gozatu zuten. Tartean makina bat sakandarrek parte hartu zuten proban. Irabazlea Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen (1:19:44), baina ezin izan zuen joan zen urtean Xabier Maciasek ezarritako errekorra apurtu (1:17:55). Ordu batzuk lehenago Iparraldeko proba batean aritu zen goizuetarra, eta pozarren zegoen. Bigarrena Jon Ridruejo izan zen (1:212:01), hirugarren Asier Gutierrez (1:24:12) eta laugarren, eta podiumera sartzear, 3 segundo eskasengatik, Sergio Garcia de Eulate altsasuarra. Emakumezkoetan lehia estuagoa izan zen. Ana Perez de Ziriza 25 urteko atleta gaztea gailendu zen (1:42:41). 22 segundo atera zizkion bigarren sailkatutako Adrielle Rozari (1:43:03), eta 36 segundo hirugarren sailkatutako Maite Beregaña uharte arakildarrari (1:43:17). Perez de Zirizak ez zuen Laura Saolak duen errekorra gainditu (1:27:33).
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak garaipenarekin itxi du aurre denboraldia. Urriaren 11n hasiko da 2024/2025 Lehen mailako areto futbol liga. Osasuna Magna Xota denboraldia hasteko prest dago, aurre denboraldi ederra egin eta gero. Aurre denboraldiko azkeneko partida urriaren 6an jokatu zuen talde irurtzundarrak, Noainen, Industrias Santa Colomaren kontra. Partida oso borrokatua, garaipena etxean geratu zen, talde berdeak 5-4 hartu baitzuen mendean talde kataluniarra. Santa Coloma bitan aurreratu zen, baina Dani Saldise eta Roberto Martil irurtzundarrek berdintzea lortu zuten. Atsedenaldia baino lehen Pachuk 3-2 aurreratu zuen Xota, baina bigarren zatia hasi eta berehala hiruna berdindu zuten kataluniarrek. Josu Mendivek 4-3koa lortu zuen, Ligeirok 5-3koa, eta, azkenik, bosteko jokoarekin 5-4 gerturatu zen Santa Coloma. Partida horrela bukatu zen. Aurre denboraldi ia perfektua egin du Miguel Hernandezen taldeak, soilik partida bat galdu baitu, Movistar Interren kontrako lagun artekoa. Lehena, Cordoba. Osasuna Magna Xotak Cordoba Futsal taldea hartuko du urriaren 11n, 19:30ean, Anaitasunan. Lehen mailako ligako lehen jardunaldia izango da. Oraindik euren abonua hartu ez duten bazkideek abonua jasotzeko aukera izango dute, Anaitasunako txarteldegian.
- Futbolean, Emakumezkoen Preferente Mailan laugarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuk Iruñean jokatu zuen, Universidad de Navarra taldearen kontra. Unibertsitatekoak aurreratu ziren, baina berehala Leire Estarriagak bana berdindu zuen eta hortik aurrera hasi zen Altsasuren gol festa. Nahia Lopez de Goikoetxeak, Leire Estarriagak beste hirutan –lau gol sartu zituen etxarriarrak eta ikusgarri aritu zen– , eta Ane Vegasek sartutako golei esker, 2-6 irabazi zuen Altsasuk. Orain arteko lau jardunaldiak irabazita, lider sendoa da Altsasu (12 puntu) 6 puntu ateratzen dizkie Gazte Berriak eta Universidad de Navarra taldeari. Asteburu honetan ez da jardunaldirik jokatuko. Hurrengo partida, urriaren 19an jokatuko du Altsasuk, 12:30ean, sailkapenean hamargarren den Gares taldearen kontra.
- Futbolean, Erregional mailako laugarren jardunaldian Altsasuk Lagun Arteari bost gol sartu zizkion eta Etxarrik Rotxapea mendean hartu zuen. Altsasuk goiko postuetan jarraitzen du Lagun Artearen kontrako derbian gailendu eta gero. Bi talde sakandarren arteko partida oso borrokatua izan zen. 17. minutuan Asier Claverrek eta 38. minutuan Unai Calvok sartutako golei esker atsedenaldira bi goleko errentarekin joan zen Altsasu. Bigarren zatia hasi eta berehala, 47. minutuan, Asier San Romanek Altsasuren hirugarrena sartu zuen, eta Lagun Artea jota utzi zuen. Aitor Augustok sartutako beste bi golekin Altsasuk Lagun Arteari puntilla jarri zion, eta Altsasuk 5-0 irabazita despeditu zen lehia. Bestalde, Etxarri Aranatzek Rotxapea taldea hartu zuen San Donato zelaian. Lehen zatian nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak, baina ez zen golik egon. Bigarren zatia hasi eta berehala, Mattin Altzelaik Etxarri aurreratu zuen, eta partida bukaera aldera bigarren gola sartu zuen Aratz Mariñelarenak, eta garaipena etxean geratu zen, 2-0. Sailkapena eta datorrena. Sailkapenean San Jorge da lider berria (12 puntu) golaverageari esker, Altsasu bigarrenak puntu berberak baititu (12 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren postuan dago (10 puntu) eta Lagun Artea hamabigarren postura jaitsi da (5 puntu). Urriaren 12an Altsasuk Atarrabian jokatuko du, 18:00etan, sailkapenean zortzigarren den Beti Onak B taldearen kontra. Etxarri Aranatzek urriaren 13an hamaikagarren den Amaya izango du aurkari Iruñean, 19:00etan. Bukatzeko, Lagun Arteak sailkapenean zazpigarren den Universidad de Navarra B taldea hartuko du urriaren 12an, 16:30ean, Lakuntzako Zelai Berrin.