urriak 9

Guaixe Irratia 2024ko urr. 9a, 11:11

Albisteak,

  • Alkateak eta kontseilariak industriarako lurzorua handitzeko aukerak aztertu dituzte. Javier Ollo Martinez alkatea eta Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak berriki bilera izan dute. Bileran egiteke dauden orubeak "berrantolatzeko" eta Altsasuko industria lurzorua handitzeko prozesua aztertu zuten, eta Kapintansoro dermioko eremua hartu da horretarako lehentasunezko gune gisa. Gainera, herrian gaur egun dagoen lurzoru industrialaren egoera aztertu zuten, aurrera egiteko eta etorkizuneko inbertsioak erakartzeko, baita Udalak eta Nasuvinsa enpresa publikoak etorkizunean hitzarmena sinatzeko ere. Jakina, bileran Sunsundeguiren egungo egoerari eta ematen ari diren pausoei ere heldu zieten. 
  • Sunsundeguiko langileek protesta egine dute. Enpresa batzordeko gehiengoak (UGT, LAB eta ELA) deituta, autobusak egiten dituen enpresako langileek protesta eginen dute gaur ere. Udaletxe parean, 11:00etatik 12:00etara, elkarretaratzea eginen dute. Atzo protesta lantegian bertan egin zuten. Bilkura horren bidez salatuko dute langileek iraileko nomina ez dutela kobratu. Horrek langileak “ekonomia egoera zailean utzi gaitu, eta hori larritu eginen da aurki aldi baterako enplegu erregulazio espedientea indarrean jarriko delako”. Aldi berean, enpresa batzordeko gehiengoak Sunsundeguirekin lotura duten eragile guztiei dei egin diete lantegirako “premiazko konponbidea bilatu eta etorkizunerako bideragarritasun plana egiteko, langileendako eta eskualderako”. 

Kirolak,

  • Aralar Mendi punturik gabe etorri zen Cintruenigotik. Uharte Arakilgo Aralar Mendi taldeak Garbayo Chivite Cintruenigo taldea izan zuen aurkari hirugarren mailako hirugarren jardunaldian. Partida bizian, hasieratik aurrea hartu zuen Cintruenigok, eta 12. minuturako 3-0 aurreratu zen. Jorge Mariñelarenak distantzia laburtu zuen, 3-1, baina Cintruenigok beste gol batekin erantzun zuen. Eneko Cruzek bikain borobildutako bi jokalditan 4-3 gerturatu zuen Aralar Mendi, eta partida puri-purian jarri zuen.  Azken txanpan nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak. 5-3 aurreratu zen Cintruenigo, 5 eta 4koa sartu zuen Ibai Martiarenak, baina, azkenean seigarren gola sartu zuen Cintruenigok eta 6-4 irabazi zuten Erriberakoek. Antsoaingo Gazte Berriak taldea da hirugarren mailako liderra (9 puntu). Aralar Mendi seigarren da (4 puntu). Asteburuan ez da jardunaldirik jokatuko. Urriaren 19an Orkoienen jokatuko du Aralar Mendik, Kirol Sport taldearen kontra. 
  • Altsasuk irabazi, eta Arbizuk galdu. Asteburuan Lehen Maila Autonomikoko hirugarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Ribera de Navarra taldea hartu zuen, eta lehia biziko partidan 5-3 irabazi zuen Jonathan Medinak, Gaizka Martinek, Asier Salgadok, Jon Lopez de Goikoetxeak eta Xabier Aiestaranek sartutako golei esker. Bestalde, Arbizu Kirol Taldeak Los Sauces taldea izan zuen aurkari Galarren. Arbizu bitan aurreratu zen, Urtzi Nazabalek sartutako bi golei esker, baina Los Saucesek partidari buelta eman zion eta 3-2 aurreratu zen. Aitor Saez de Asteasuri esker hiruna berdindu zuen Arbizuk, baina azken minutuetan Los Saucesek garaipenaren gola sartu zuen eta 4-3 irabazi zuen. Berriozarko Mendialdea taldea da lehen maila autonomikoko liderra (9 puntu). Arbizu seigarren da (3 puntu), eta Altsasu zazpigarren (3 puntu). Urriaren 12an Arbizuk Mendialdea hartuko du, eta egun berean Altsasuk Mutilbera izango du aurkari, 18:00etan, Arangurenen. 
  • Xota Orvinaren kontra erori zen. Emakumezkoen Lehen Senior mailako bigarren jardunaldian Irurtzungo Xotak denboraldiko bigarren porrot sendoa jaso zuen Lacturale Orvinaren kontra, etxean. Hasieratik nagusi izan zen Orvina, eta 0-3 aurreratu zen. Nahia Moranek 1-3 hurbildu zuen Xota, baina Orvinak laugarrena sartu zuen, eta 1-4 gailendu zen Orvina. Urriaren 13an Xotak Cortesen kontra jokatuko du, 11:30ean, Erriberan.