Hauteskundeak berritu ondoren, udalek udalez gaindiko erakundeetarako ordezkariak izendatu zituzten. Lakuntzako alkate Oihane Uribeetxeberria Garmendiak Aralarko Elkartearen lehendakaritza eskuordetu eta Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza zinegotziaren esku utzi zuen joan zen udazkenean. Aralar Elkarteak batzarra abenduan egin zuen eta aurreko bi legegintzalditan izandako presidentea karguan jarraitzea erabaki zuen.
Estatutuetan oinarrituta, Beteluko alkate Lorenzo Zubillaga Goikoetxeak Nafarroako Administrazio Auzitegian erabakia inpugnatu egin zuen. Izan ere, erakundearen ordenantzen arabera haren lehendakaria Lakuntzako alkatea izan behar da. Auzitegian beteluarrari arrazoia eman dio eta hartutako erabakia “erabat ezdeusa” dela adierazi du. Epaileen arabera, “udalek bere ordezkariak aukeratu eta horren berri erakundearen Batzar Nagusiari jakinarazi behar diote, Lakuntzak salbu, zeinaren ordezkaria alkatea baita. Kargu hori baita beti Aralarko Elkartearen presidentetza duena. Haren ordezkoa presidenteordea litzateke”.
Uribetxeberriak jakinarazi duenez, auzitegiaren ebazpena onartu eta hilaren 17rako batzar eratzaile berria deitu du. Han gobernu organoak aukeratuko dira berriro eta bera izanen da erakundeko buru. Lakuntzako alkateak gogoratu duenez, “Aralarko Elkartearen estatutuak 1983koak dira. Ordutik legeak eta administrazioa asko aldatu dira. Horretaz ere hitz egin beharko dugu Batzar Orokorrean eta Batzar Iraunkorrean”. Aldi berean, gogoratu du alkateek gaur egun bere eskumenak delegatzeko aukera badutela.