urriak 11

Guaixe Irratia 2024ko urr. 11a, 10:55

Albisteak,

  • Ibarrean 350 etxebizitza birgaitu dira aurten. Nafarroan birgaitu direnen %4,16 da. Gobernuak emandako laguntzen %7,14 jaso dute etxejabeek. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, "birgaitze lanak egiteko laguntzek errekor historiko berria ezarri dute 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, 42.006.991 euroko laguntzak izan baitira, joan zen urteko epe berean baino 4.606.251 euro gehiago, %12,3 gehiago".  Diru horrekin lehen bederatzi hilabete horietan, 8.400 etxebizitza birgaitu dituzte, 2023an baino 864 etxe gehiago. %11,8ko hazkundea. Sakanari dagokionez, lehen bederatzi hilabeteetan 3 milioi euroko dirulaguntza jaso eta 350 etxebizitza birgaitu dira. Laguntza horiek foru administrazioko Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiak eman dituenak dira, Europar Batasunaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren koiunturazko laguntzak kontuan izan gabe. Gobernutik azaldu dutenez, "hazkunde esponentzial horren azalpenetako bat da Nafarroako Foru Erkidegoa, Euskal Autonomia Erkidegoarekin batera, Europako MRR laguntzak berezko laguntzekin osatu dituzten Estatuko bi erkidego bakarrak direla, eta kaltetutako bizilagunak Estatuaren buruan daudela, bizileku bakoitzeko jasotako zenbatekoetan".

Kirolak,

  • Futbolean, Unziti eta Zaldua, puntu banaketa. Elomendiko Futbol Txapelketako bigarren jardunaldiak puntu bat utzi zuen Sakanan. Asteburuan Elomendiko Futbol Txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen. Unzitik eta Arakilgo Zalduak partida lehiatua jokatu zuten Larrabiden, eta bana berdindu zuten. Salinas taldea da Elomendiko Futbol Txapelketako liderra (6 puntu) bigarrena den Txaparrosekin puntutara berdinduta. Zaldua da hirugarren, 5 punturekin. Asteburuan hirugarren jardunaldia dago jokoan. Zaldua Arakilek sailkapenean seigarren den Basati taldea izango du aurkari urriaren 12an, 12:00etan, Larrabiden. 
  • Areto futbolean, Osasuna Magna Xotak ilusioz ekingo dio ligari. Gaur hasiko da 2024/2025eko Lehen Mailako Areto Futbol Txapelketa. Osasuna Magna Xotak lehen mailan euren 27. denboraldiari ekingo dio, eta lehen jardunaldian Cordoba Futsal taldea izango du aurkari. Partida gaur jokatuko da, ostirala, 19:30ean, Anaitasunan. Miguel Hernandez entrenatzaileak joan zen urteko bloke nagusia izango du bere esanetara. Lau jokalari berri izango ditu: Gabriel Ferreira Santos ‘Ligeiro’ brasildarra, Facundo Martin ‘Russo’ argentinarra, Kokoro Harada japoniarra, eta Ihor Korsun ukrainarra. Litekeena da Korsun ez aritzea, Uzbekistaneko Mundialean bere selekzioarekin aritzetik etorri berri baita. Hernandezek azaldu duenez, bere plantilla “oso ilusionatuta eta anbizio handiz” ikusten du. Klubetik gogorarazi dute oraindik euren abonua hartu ez duten bazkideek gaur abonua jasotzeko aukera izango dutela, Anaitasunako txarteldegian. Babesle berria: Xotako presidente Tatono Arregik azaldu duenez, Clabao enpresa Xota taldera batu da. Nafarroan eta Errioxan apartamentu turistikoak kudeatzen ditu enpresa horrek, eta Xotaren babesle berrietako bat izango da.
  • Pilotan, Ezkurdia, kaiolako final laurdenen txartelaren bila. Lau eta Erdiko hiru txapela ditu Joseba Ezkurdiak eta 2024ko txapelaren borrokan sartu nahi du. Horretarako, Lekunberriko final zortzirenetan Iñaki Artola gainditu beharko du. Artolak gaur erabakiko du jokatzeko moduan dagoen ala ez. Asteburuan 2024ko Lau eta Erdiko Txapelketa hasiko da. Joseba Ezkurdia eta Iñaki Artola igandean Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuko final zortzirenetan lehiatuko dira. Irabazleak txapelketan aurrera jarraituko du, final laurdenetako ligaxkarako sailkatuz. Ezkurdiaren eta Artolaren partida airean egon daiteke, Artolak ez baitu azken unera arte erabakiko jokatzeko moduan dagoen ala ez. Fisioak egoki ikusten badu gaur, ostiralean, "frontoian proba txukun bat" egiteko asmoa du. "Han hartuko dut behin betiko erabakia". Nolanahi ere, asteartean pilota aukeraketan izan zen Ezkurdiarekin batera. Ezkurdiak Artolak jokatuko duela uste du. "Bitartean, ni nirea egiten ari naiz, Lekunberrira ahalik eta hobekien iritsi, eta sentsazio onekin jokatzeko. Nirean zentratuta nago, ea gero zer pasatzen den".
  • Mendian, Euskal Herriko Erdigunera, lurraldetasuna aldarrikatzera
    Federacion Vasco Navarra de Alpinismoren sorreraren mendeurrena ardatz, Beriaingo Olibesarion kokatuta dagoen Euskal Herriko Erdigunera Ibilaldia deitu dute igandean, zazpi probintzien batasuna aldarrikatzeko. Irañetako bordan jarraituko du festak. Igandeko ekitaldia: Igandean Senosiaingo adarra 8:45ean abiatuko da erdigunerantz, eta Irañetako Bordakoa 9:30ean. Erdiguneko ekitaldia 11:30ean hasiko da, eta Felix Isasa zenaren seme Xabik, bi mendi federazioko ordezkariek eta Gu ere bai! eta Gure Esku taldeetakoek hartuko dute hitza. Irañetako Bordan pintxo potea egongo da, eta ondoren bazkaria, Lakuntzako baba txikiak. Bazkalondoan, nobedade gisa, Ehun Mendietako Mendizaleen Anaidiko diplomak banatuko dira.