Albisteak,
- Arbizun, Animazio handia Txistor Egunean. Eguerdian ilara luzea sortu zen txistorra pintxoak eskuratzeko. Guztira antolakuntzak 120 kilo txistor prestatu zituen, hau da, 1.500 pintxo. Guztiak ardo edo mosto edalontzi batez lagunduta zerbitzatu zituzten hiru eurotan. Bitartean oholtzan zegoen epaileek txistor pintxo lehiaketako sei proposamenak dastatu eta haien inguruko iritzia partekatu zuten. Edizio honetako epaileak izan ziren Javier Diaz Alhambra jatetxeko sukaldaria, Juantxo Saenz, Nerea Caballe eta Aroa Petriati. Lehiaketara aurkeztutako sei proposamenen artean saria Juanito tabernako Bonbona pintxoarendako izan zen. Jon Razkinek jaso zuen 300 euroko saria, baina Mª Jesus Lopez de Sabando eta Zhara Boujaja sukaldariekin banatu zuen. Hiruren artean txistorra, tipula eta zitriko ikutua zuen pintxoa sortu zuten. Txistor egunari soinu banda, alde batetik, Nafarroako hainbat tokitatik etorritako 65 trikitilarik jarri zioten. Bestetik, erraldoi konpartsarekin kalejiran aritu ziren gaitariak. Eta, azkenik, Sakana Kantuzek. Kantuan Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Bakaikuko kantu taldeetako kideek parte hartu zuten. Kale Nagusian zegoen azokan denetarik erosteko aukera izan zuten arbizuarrek eta bisitariek: gazta, eztia, barazkiak, patea, hestekiak, txistorra, arropa, arrautzak, sukalderako tresnak, ukenduak, jostailuak, artisautza eta beste eskuratzeko aukera izan zuten. Berrogeita hamar postu izan ziren. Haietatik pasatuta, bisitariak eskuetan erosketa poltsak zituztela bueltatu ziren autorantz. Txistor eguna behar bezala antolatzeko makina bat arbizuarrek auzolana egin zuten.
- Urdiainen eta Altsasun, Makina bat Egin Egun hartu ditu Urdiaingo eta Altsasuko San Pedro Zelaiak. Egin egunkariaren 1988ko festan bi udalerrien arteko mugan zutarri bat jarri zuten. Hark Egin hitza zuen zizelkatuta. Espainiako Auzitegi Nazionalak indarrez itxiarazi zuen egunkaria. Haren ordez Gara sortu zen. Azken agerkari horrek 25 urte betetzen dituela eta, Sakanako Gara eta Eginen zale batzuen ekimenez, 'Harri Herri. Iraganetik etorkizunera' ekitaldia hartu zuen San Pedro zelaik domekan. Duela 36 urteko zutarriaren bestaldean Gara hitza irakur zizelkatu dute, eta hura mustu zuten. Ondoren herri bazkaria izan zen.
- Ziordin, Eskalada istripuan gizonezkoa hil da. 40 urteko gizonezkoa hamar metroko erorikoa izan zuen eskalatzen ari zen Aranbeltz bidean. Ziordiko harrobiaren mendebaldea dagoen eskalada gunean ezbeharra izan zen atzo 12:54 aldera. Aranbeltz bidea igotzen ari zen eskalatzaileak 10 metroko altueratik erorikoa izan zuen eta erorikoan izandako zaurien ondorioz hil zen. SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuak istripuaren berri jaso bezain laster Altsasuko suhiltzaileak erreskatatzera joan ziren. Ondoren, Erreskate Teknikoko Taldekoak erreskateko helikopteroarekin joan ziren, Aranon beste esku-hartze bat egiten ari baitzen.
- Altsasun, Emilio Iguzkiza eta gainontzeko eroriei omenaldia egin zien Altsasun larunbatean Sakanako Kontseilu Sozialistak.
Kirolak,
- Pilotan, Joseba Ezkurdia ez da Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkara sailkatu Artolaren kontra 11-22 galdu eta gero. Lehen zatian nor baino nor aritu ziren bi pilotariak, baina hamarna berdinduta zeudela Artolak partida hautsi zuen. Urriaren 13koa arratsalde oso gogorra izan zen Joseba Ezkurdiarendako. Aurrelari arbizuarra, Lau eta Erdiko hiru txapelarekin kaiolako espezialista handia dena, kaiolako final zortzirenetan erori zen Lekunberrin, presiorik gabe eta konfiantza handiz aritu zen Iñaki Artolaren kontra. Artolak bi egun lehenago konfirmatu zuen partida jokatzeko moduan zegoela, sanmateotan lesionatu baitzen, eta partida bukaeran aitortu zuenez, “ez nuen inola ere pentsatuko jokatuko nuenik; oso etsita nengoen”. Baina partida jokatu, Ezkurdia bere onetik atera eta final laurdenetako ligaxkara sailkatu zen, “sekulako saria”. Ezkurdiarendako, aldiz, Lekunberrikoa gogorra izan zen, galtzeko moduarengatik, bereziki. Ez baitzen bera izan.
- Areto futbolean, Gol festarekin eta lider ekin dio ligari Osasuna Magna Xotak. Talde berdeak 7-2 irabazi zion Cordobari Anaitasunan. Datorren jardunaldian Osasuna Magna Xotak Peñiscola izango du aurkari. Partida urriaren 20an jokatuko da, 12:30ean.
- Atletismoan, Aritz Etxeberria ederki Hiru Hondartzetako Krosean. Urriaren 13an Donostiako hiru hondartzak batzen dituen Hiru Hondartzetako Krosa jokatu zen (10 km). 3.471 korrikalarik parte hartu zuten, inoizko parte hartzerik handiena, eta erdia baino gehiago emakumeak ziren. Horietatik 3.456 iritsi ziren helmugara. Proba Ondarretako hondartza parean hasi zen, Zurriola bukaerara iritsi, buelta hartu, eta paseo berriko zati bat eginez, Alde Zaharrean sartu, udaletxe parera iritsi eta Kontxako hondartzatik barna Ondarretako hondartzako helmugara iritsi zen, 10 km osatuz. Azkarrena Unai Ibarra arrasatearra izan zen (31:19). Top 20a kontuan hartuta, Aritz Etxeberria altsasuarra hamabosgarren sailkatu zen (33:26). Emakumezkoetan Maria Lasa irurarra gailendu zen (35:19). Lehen sakandarra Nerea Bengoetxea izan zen, sailkapen orokorrean 796. postuan sailkatuta (46:28). Emakumezkoetan Maria Lasa irurarra gailendu zen (35:19). Lehen sakandarra Nerea Bengoetxea izan zen, sailkapen orokorrean 796. postuan sailkatuta (46:28).