Albisteak,
- Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kultur arteko Zerbitzuak eta Euskara Zerbitzuak Euskarara hurbiltzeko ikastaroa antolatu dute. Haren helburua da euskararen eta euskal kulturaren oinarrizko ezagutza lortzea. Ikastaroa bereziki antolatuta dago azken urtetan Sakanara bizitzera etorri diren herritarrendako eta, beraz, haiek izanen dute lehentasuna. Ikastaroa lastailaren 30etik otsailaren 28ra izanen da, asteazken eta ostiraletan. 09:15etik 11:15era da proposatutako ordutegia, baina moldagarria da. Ikastaroa Irurtzunen izanen da eta izena emateagatik bost euro ordaindu beharko dira. Ikastaroan gutxienez %80ko asistentzia dutenei matrikula itzuliko zaie. Izen emateko epea lastailaren 21ean, astelehenean, despedituko da. Horretarako, Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik pasa behar da.Informazio gehiago nahi duenak euskara2@sakana-mank.eus edo gizarteratze2@ssbirurtzun.eus posta elektronikoko helbideetara idatzi edo 948 464840 edo 948 600 694 telefono zenbakietara hots egin dezake. Plaza mugatuak daudenez, izen emate ordenaren arabera beteko da taldea.
- Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, gaztetxokoan izena emateko epea lastailaren 18ra arte, ostiralera arte dago zabalik. Izena emateko udaletxera joan beharko da. Bertan parte hartzeko adina dute 2011 eta 2013 urteen artean jaiotakoek. Gaztetxokoak lastailaren 26an zabalduko ditu ateak. Gaztetxokoaz hizketatzeko Arbizuko Udalak bilerara deitu zituen arbizuar gaztetxoak lastailaren 5ean. Udalak kezka zuen azken urtetan parte hartzeak behera egin zuelako eta, bilkuran, Gaztetxokoaren etorkizunaz hitz egin zuten
Kirolak,
- Urriaren 13an Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen Lekunberrin. Bertan lehiatu ziren hamar aizkolariak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten. Iker Vicentek gainontzeko aizkolariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen, eta irabazlea izan zen, alde handiz (12:13). 3 minutu pasa atera zizkion Txomin Amundaraini (15:37). Aipatutako bi aizkolariak eta Joxean Etxeberria (15:48), Ibai Soroa (17:09) eta Jon Rekondo (17:45) azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den final handirako txartela lortu dute. Aldiz, azken bi sailkatuek, bederatzigarren izan zen Asier Pellejerok (19:41) eta hamargarren sailkatu zen Iban Resanok (20:14) lehen maila galdu dute eta bigarren mailan jokatuko dute datorren denboraldian.
- Futbolean, Asteburuan Elomendiko Futbol Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen. Zaldua Arakilen Basati taldearen kontra jokatu zuen, eta partida oso borrokatuan sakandarrek lortu zuten garaipena, 2-1. Txaparros de Elomendiko Txapelketako liderra (9 puntu), Salinas bigarrenarekin puntutara berdinduta (9 puntu). Zaldua Arakil da hirugarren, (8 puntu). Urriaren 19an sailkapenean bederatzigarren den Izalsa izango du aurkari Zalduak, Lizasoainen.
- Futbolean, Emakumezkoen Preferentean asteburuan ez da jardunaldirik jokatu. Altsasu da liderra, jokatutako lau jardunaldiak alde handiz irabazita (12 puntu). 6 taldera du bigarrena, Gazte Berriak (6 puntu). Talde altsasuarrak urriaren 19an, larunbata, 12:30ean sailkapenean zazpigarren den Gares taldea hartuko du, 12:30ean.
- Futbolean, Altsasuk garaipenaren xendan jarraitzen du, eta urriaren 12an Atarrabian jokatutako partidan 3-6 irabazi zion Beti Onak B taldeari. Altsasuarrak hasieratik hartu zuten aurrea eta atsedenaldirako 0-3 aurreratu ziren Jon Lopez de Goikoetxeari, Unai Calvori eta Mikel Etxaizi esker. Bigarren zatian Beti Onak 2-3 hurbildu zen, baina Altsasuk Atarrabiako taldeari ez zion aukera gehiago eman nahi izan eta partida bukaera aldera Unai Calvok, beste bi golekin –hat trick ederra lortu zuen–, eta Eneko Verak 2-6 aurreratu zuten Altsasu. Beti Onak taldeak azken unean hirugarrena sartu zuen, eta 3-6 despeditu zen lehia. Etxarri Aranatzek Iruñean jokatu zuen, Amaya taldearen kontra. Lehen zatian lehia bizia izan zuten bi taldeek. Amaya 2-0 aurreratu zen, baina Etxarri Aranatzek ez zuen etsi, eta Mattin Altzelaik lehenengo, eta Oinatz Carreñok ondoren, bina berdindu zuten eta puntu bateko saria ekarri zuten Iruñetik. Lagun Arteak Universidad de Navarra B taldea hartu zuen Lakuntzako Zelai Berrin. Norgehiagoka estuan, lehen zatian Iker Anduezak Lagun Artea aurreratzea lortu zuen. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, baina bukaera aldera Iker Anduezak beste bi gol sartu zituen, hat tricka lortuz. Azkeneko bi jardunaldietan galdu eta berdindu ondoren, 3-0ko garaipenak zapore berezia izan zuen. Sailkapena eta datorrena:
San Jorgek jarraitzen du erregional mailako lider (15 puntu) golaverageari esker, Altsasu bigarren baita puntu berberekin. Etxarri Aranatz laugarren postura jaitsi da (11 puntu) eta Lagun Artea zazpigarren postura igo da (8 puntu). Urriaren 19an Altsasuk sailkapenean bosgarren den Lagunak B taldea hartuko du Dantzalekun, 15:30ean. Etxarri Aranatzek, aldiz, San Jorge liderra hartuko du urriaren 20an San Donato zelaian. Azkenik, Lagun Arteak Sanduzelain jokatuko du urriaren 20an, 19:00etan, sailkapenean hamabigarren den Arga Ibaia taldearen kontra.