Albisteak,
- Aralarko Elkarteak beste eratze batzar bat eginen du. Epaitegiak esan du beti bezala Lakuntzako alkateak izan behar duela presidente, eta ezin duela presidentetza zinegotzi batean eskuordetu. Hauteskundeak berritu ondoren, udalek udalez gaindiko erakundeetarako ordezkariak izendatu zituzten. Lakuntzako alkate Oihane Uribeetxeberria Garmendiak Aralarko Elkartearen lehendakaritza eskuordetu eta Patxi Xabier Razkin Sagastibeltza zinegotziaren esku utzi zuen joan zen udazkenean. Aralar Elkarteak batzarra abenduan egin zuen eta aurreko bi legegintzalditan izandako presidentea karguan jarraitzea erabaki zuen. Estatutuetan oinarrituta, Beteluko alkate Lorenzo Zubillaga Goikoetxeak Nafarroako Administrazio Auzitegian erabakia inpugnatu egin zuen. Izan ere, erakundearen ordenantzen arabera haren lehendakaria Lakuntzako alkatea izan behar da. Auzitegian beteluarrari arrazoia eman dio eta hartutako erabakia “erabat ezdeusa” dela adierazi du. Epaileen arabera, “udalek bere ordezkariak aukeratu eta horren berri erakundearen Batzar Nagusiari jakinarazi behar diote, Lakuntzak salbu, zeinaren ordezkaria alkatea baita. Kargu hori baita beti Aralarko Elkartearen presidentetza duena. Haren ordezkoa presidenteordea litzateke”. Uribetxeberriak jakinarazi duenez, auzitegiaren ebazpena onartu eta hilaren 17rako batzar eratzaile berria deitu du. Han gobernu organoak aukeratuko dira berriro eta bera izanen da erakundeko buru. Lakuntzako alkateak gogoratu duenez, “Aralarko Elkartearen estatutuak 1983koak dira. Ordutik legeak eta administrazioa asko aldatu dira. Horretaz ere hitz egin beharko dugu Batzar Orokorrean eta Batzar Iraunkorrean”. Aldi berean, gogoratu du alkateek gaur egun bere eskumenak delegatzeko aukera badutela.
Kirolak,
- Areto futbolean, Aralar Mendik Kirol Sport du arerio. Asteburuan Hirugarren mailako areto futboleko laugarren jardunaldia jokatu zen, baina Aralar Mendiri atseden jardunaldia zegokion. Gazte Berriak da liderra (9 puntu) eta Aralar Mendi zazpigarren da (4 puntu). Urriaren 19an Aralar Mendik sailkapenean hamargarren den Kirol Sporten kontra jokatuko du Orkoienen, 12:30ean.
- Areto Futbolean, Arbizuren eta Altsasuren gol festak. Lehen maila autonomikoko laugarren jardunaldia zoragarria izan da talde sakandarrendako. Arbizu Kirol Taldeak Berriozarko Mendialdea hartu zuen, eta gol festa ederra ospatu zuten arbizuarrek, 13-3 gailendu baitziren goitik behera kontrolatu zuten partidan. Beñat Jaka (3), Urtzi Nazabal (3), Julen Luis (3), Mattin Petriati, Lander Bados, Ganix Kintana eta Jokin Urzelai izan ziren golegileak. Altsasuk, bere aldetik, ospakizunekin jarraitu zuen, Mutilberaren kontra Iruñerrian jokatutako partidan 1-8 gailendu baitzen talde sakandarra. Hasieratik hartu zuten aurrea altsasuarrek, eta 0-6 aurreratu ziren. Mutilberak gol bat sartu zuen, baina horren ondotik Altsasuren beste hiru gol iritsi ziren. Jonathan Medina, Asier Salgado (2), Denis Ordoñez, Alvaro Garcia, Xabier Aiestaran (2) eta Gaizka Martin izan ziren golegileak. Altsasuk, bere aldetik, ospakizunekin jarraitu zuen, Mutilberaren kontra Iruñerrian jokatutako partidan 1-8 gailendu baitzen talde sakandarra. Hasieratik hartu zuten aurrea altsasuarrek, eta 0-6 aurreratu ziren. Mutilberak gol bat sartu zuen, baina horren ondotik Altsasuren beste hiru gol iritsi ziren. Jonathan Medina, Asier Salgado (2), Denis Ordoñez, Alvaro Garcia, Xabier Aiestaran (2) eta Gaizka Martin izan ziren golegileak. Vulcanizados Ruiz Tafa taldea da lehen maila autonomikoko liderra. Arbizu Kirol taldea laugarren da (9 puntu), eta Altsasu bosgarren (6 puntu). Arbizu Kirol Taldeak sailkapenean hamaikagarren den Olite hartuko du urriaren 18an, 19:30ean Arbizun. Egun eta ordu berean, Altsasuk sailkapenean hirugarren den Mendialdea taldea hartuko du.
- Arteo futbolean, Xotaren lehen garaipena. Xotak Erriberan jokatu zuen lehen senior mailako hirugarren jardunaldia, Cortes taldearen kontra. Partida oso borrokatuan, 44. minutuan Yolanda Martil kapitain beteranoak Xota aurreratu zuen, eta jokalari berdeek azken minutura arte eutsi zioten Cortesi, denboraldiko lehen garaipena lortuz, 0-1. Lacturale Orvina da lehen senior mailako liderra (9 puntu). Xota bosgarren da (3 puntu). Laugarren jardunaldian Xotak Mugica Informatica Tafa taldea hartuko du. Partida urriaren 19an jokatuko da, 13:00etan, Atakondoa kiroldegian.