Albisteak,
- Uharte Arakilgo Udalak ikastetxe publikoaren eraikineko inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko obra proiektua egiteko eta zuzentzeko proiektua idazteko deialdia egin zuen. Bi enpresa aurkeztu ziren deialdira, baina hainbat arrazoi tarteko udalak erabaki zuen deialdiko plegua betetzen ez zutela eta deialdia hutsik utzi du.
- Bakaikuko, Iturmendiko eta Urdiaingo udalek bando bateratua atera dute. Haren bidez, herritarrei jakinarazi nahi izan diete lastailaren 7az geroztik Iturmendiko mediku kontsultategiko telefono zenbakia beste bat dela, aldatu dutela. Osasun arreta eskatzeko 948 633 038 telefono zenbakira hots egin behar da. Beraz, komenigarria da telefono agendatan eta mugikorretako kontaktuetan aldaketa egitea.
- Altsasuko Udalak Dantzaleku kirol gunean dagoen igerileku ertaina konpontzeko lanen deialdia egin zuen, eta hutsik gelditu da ez baita enpresari aurkeztu. Uda honetan ezin izan dute igerileku hori erabili urak ihes egiten baitu eta, ondorioz, etengabe ura sartu behar izaten baita.
Kirolak,
- Motorra, Bakaikun antolatutako VII. Katxarro Eguna klasikoen topaketa arrakastatsua izan zen beste behin. 200 auto, kamioi, moto, bizikleta eta denetariko katxarro baino gehiago jarri ziren ikusgai, bildu zen jendetzarendako gozagarri. Antolakuntzaren sari banaketari dagokionez, katxarro politenaren saria Gaizka Razkin lakuntzarrak jaso zuen, Ebro traktoreari esker. Katxarro zaharrenaren saria Iruñera joan zen; 1910 urteko bizikleta batek jaso zuen. Urrutitik ekarritako katxarroaren saria, aldiz, Burgosera joan zen. Aurten antolakuntzak bi motor zozketatu zituen. Ohi bezala, berehala bukatu ziren salgai jarri ziren txartelak. Montesa Cliperra Iturmendira joan zen, eta Suzuki Maxia Iruñera. Azkenik, Bakarrekoetxea elkartean bazkaltzera bildu ziren Katxarro Eguneko partaide asko, eta klasikoen festa ederra modu ezin hobean despeditu zuten.
- Saskibaloian, gizonezkoen bigarren maila Autonomikoan bi jardunaldi jarraian jokatu dituzte. Ez dute zortea alde izan. Sailkapena horrela dago:Humiclima da gizonezkoen bigarren maila autonomikoko lider (6 puntu). CBASK Narum Fisioterapia laugarren da (4 puntu). Asteburu honetan, beraz, feriez gozatuko dute altsasuarrek.
- Saskibaloian, Emakumezkoen lehen Senior Autonomikoan, gizonezkoen taldeak egindako berbera egin dute. Hau da, bigarren jardunaldiko partida jokatu eta hirugarren jardunaldiko partida aurreratu. Sailkapena: Sanduzelai da liderra (4 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea seigarren da (3 puntu). Asteburu honetan atseden hartuko dute.