urriak 18

Guaixe Irratia 2024ko urr. 18a, 10:56

Albisteak,

  • Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak hainbat herritako bake epaile titularrak eta ordezkoak izendatu zituen irailaren 23an egindako bileran. Karguak bete ziren herrien artean daude Irañeta eta Arruazu. Irañetako bake epaile titularra Justo Vitoria Garziandia izendatu zuen, eta ordezkoa Juan Jose Vitoria Garziandia. Arruazuko bake epaile titularra Ana Jesus Otsagabia Satrustegi da. 
  • Etxarri Aranazko Udalak jakinarazi du administrari laguntzaile lanpostua betetzeko oposizio lehiaketaren prozesua bukatu dela. Kalifikazio epaimahaiak proposatutakoari segituz, udalak erabaki du Miren Jauregi Kintana lan kontratudun finko gisa kontratatzea, hutsik zegoen plaza betez. 
  • Iturmendiko Udalak 195.110 euro jasoko ditu baso aprobetxamendu baten salmentagatik. Hura osatzen zuten hiru loteak Explotaciones Forestales Zubillaga Saralegui SM enpresak erosi ditu.

Kirolak,

  • Areto futbola, Osasuna Magna Xotak atzo aurkeztu zuen fitxaketa berria: Ihor Korsun (1993-06-15). Ukrainarrak ibilbide berria ekiteko “ilusioz gainezka” dagoela nabarmendu zuen. “Hemen jokatzeko aukera ikusi nuenean, ez nuen zalantzarik izan: klubarekin eta hiriarekin pozarren nago” nabarmendu zuen. Xota klub irurtzundarrean ere hala daude. “Bere etorreragatik oso pozik gaude. Taldera lehenbailehen egokitzeko irrikaz gaude” aipatu zuen Miguel Hernandez entrenatzaileak. Korsun klub irurtzundarraren dinamikara batu den azken jokalaria izan da, Ukrainiako selekzioarekin Mundiala jokatzen ari zelako. Ukraina hirugarren sailkatu da Mundialean. Xotak eta Korsunek bi urtetako kontratua adostu dute. Korsunek 31 urte ditu eta eskuin hegaleko jokalaria da. Abiadura, golak eta duen inteligentzia nabarmentzen dute. “Kalitate handiko eskuin hegala da. Esperientzia handia du, gurekin jokatu nahi zuen, eta hori oso garrantzitsua da” nabarmendu du Hernandezek. 
  • Pilota, Joanes Bakaikoa Lau eta Erdiko B Serieko Txapelketa hastear dago. Etxarriarra final laurdenetako ligaxkan sartuko da lehian, eta bere lehen arerioa Eskiroz izango da. Partida igandean jokatuko dute, 17:15ean, Labriten. Joanes Bakaikoak joan zen urtean ezin izan zuen Lau eta Erdiko B Seriean parte hartu, lesionatu zelako. Hain zuzen ere, Eskirozek bete zuen bere tokia. Beraz, aurten bere txapelketa kuttunean bueltan da, gogotsu. Etxarriarra espezialista da kaiolan, eta promesen mailako bi txapela ditu, 2018koa eta 2021ekoa. 
  • Erremontea eta atletismoa, Altsasuko ferietako apustua. Esku pilotaren ordez, aurten erremontearen aldeko apustua egin dute Altsasuko ferietan. 'Erremontari herriz herri' ekimenaren barruan lau partida jokatuko dira guztira urriaren 18an, ostirala, 18:00etan, doan. Gurrutxaga-Martirenak Goikoetxea V.-Apezetxea izango dituzte aurkari 15 tantoko 2 setera jokatuko den partidan. Ondren, Aldabe-Juanenea Jabalera-Azpirozen kontra lehiatuko dira 15 tantoko 2 setera. Bestalde, larunbatean XV. Onddo Lasterketa jokatuko da. Joan zen urtean ez zen jokatu, Dantzaleku Sakana Atletismo klubak Altsasuko Udalarekin aurrekontuen kontura izandako aferarengatik. Aurten, bueltan da. 10:30ean oinezko martxa abiatuko da, 11:00etan korrikako proba (7 km) eta 12:00etan 43. Eskola Krosa.