urriak 22

Guaixe Irratia 2024ko urr. 22a, 11:16

Albisteak,

  • Sakanako Mankomunitateak Irurtzunen garbigune bat jarri nahi du. Hondakinak birziklatzeko espazio horrek irurtzundarrei, arakildarrei, irintarrei eta uberterrei emanen die zerbitzua. Irurtzungo Udalak garbigunea kokatzeko hainbat aukera aztertu ondoren, erabaki zuen Akaborro industrialdea eta herria banatzen dituen berdegunean kokatzea. Hori horrela izan dadin Irurtzungo Udalak herriko hirigintza planean aldaketa egin du.
  • Lurralde Kohesiorako Departamentua, Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, bi autobietan asfaltatze lanak egiten ari da. Iparraldeko Autobian (A-1) Etzegarateko noranzkoan Altsasuko Murgilgo tuneletik Erkuden ermita ondoko autobia irteeraraino. Eta Arabako noranzkoan, Olatzagutiko mendebaldeko irteeratik mugaraino. Sakanako Autobian (A-10), berriz, Arabako noranzkoan, Urdiain eta Altsasu artean eta Bakaikuko noranzkoan, Iturmendi eta Urdiain artean. Lanek 1,8 milioi euroko aurrekontua dute. 
  • Gernika-Palestina herri ekimenak "Donostian izandako lehen mobilizazio handiaren" urteurrenean mobilizatzeko deialdia egin zuen. Sakanako sei herritan Genozidioa stop. Bakea. Justizia. Itxaropena leloa zuten elkarretaratzeak egin ziren atzo arratsaldean. Kontzentrazioaren akabera Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile Mahasen al-Khatib irudigilearen oroimenez minutu bateko isilunea gorde zen. Israelek Gaza iparraldean egindako bonbardaketa batean hil du asteburuan.

Kirolak,

  • Atletismoa, Onddo Lasteketa. Larunbatean, eta eguraldia lagun, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatutako XV. Onddo Lasterketa jokatu zen. 7 km-ko ibilbide zoragarria korrika edo oinez egiteko aukera izan zuten izena eman zuten partaideek. Ondoren, Eskola Arteko Ferietako Krosaren txanda izan zen, Foruen plazan. 174 pertsonek parte hartu zuten guztira, horietatik 36k txikik. Bukaeran onddo saskiak zozketatu ziren. 
  • Futbola, Emakumezkoen Preferente mailako bosgarren jardunaldian Altsasuk Gares taldea hartu zuen Dantzalekun. Lehen zatia oso borrokatua izan zen, baina ez zen golik egon. Bigarren zatian Garesek aurreratzea lortu zuen 69. minutuan. Altsasuk ez zuen behera egin, eta 5 minutu beranduago berdinketaren gola sartu zuen Leire Estarriagak. Ane Vegasek berehala bigarren gola sartu zuen, garaipenarena, eta 2-1 irabazi zuen Altsasuk. Altsasuk lider jarraitzen du, orain arte jokatutako bost partidak irabazita (15 puntu). Bigarrenak, Gazte Berriak taldeak, 9 puntu ditu. Urriaren 27an, 16:00etan sailkapenean zazpigarren den Valle de Egües izango du aurkari liderrak, Sarrigurenen. 
  • Futbola, Jokatutako sei partidak irabazi ditu Altsasuk. Etxarri Aranatzek eta Lagun Arteak berdinketa lortu zuten seigarren jardunaldiko euren norgehiagoketan. Dantzalekun gauzek oso ongi jarraitzen dute. Altsasuk Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen ferietako larunbat arratsaldean. Lehen partida oso borrokatua izan zen, eta bi taldeak husnako berdinketarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian, ordea, Altsasuk markagailua apurtu zuen. Javier Guisadok eta Unai Rodriguezek 2-0 aurreratu zuten Altsasu bigarren zatia hasi eta berehala. Partida bukaera aldera, Unai Calvok, beste bi golekin 4-0koa ezarri zuen. Etxarri Aranatzek joan zen jardunaldian lider zen San Jorge hartu zuen San Donato futbol zelaian, eta bi taldeek partida borrokatua eskaini zuten. Atsedenaldia baino lehen San Jorgek gola sartu zuen, eta liderra atsedenaldira abantailarekin joan zen. Baina bigarren zatian partidari buelta ematera atera zen Etxarri. 76. minutuan Aimar Lizarragak bana berdindu zuen, eta bi taldeen arteko lehia gogortu egin zen. Azkenean banakako berdinketarekin despeditu zen partida, eta San Jorgek lidergoa galdu zuen. Lagun Arteak Sanduzelain joikatu zuen Arga Ibaiaren kontra. Lehen zatian 0-2 aurreratu ziren lakuntzarrak Gorka Egurzak eta Iker Anduezak sartutako golei esker, baina bigarren zatia hasi eta berehala bina berdindu zuen Arga Ibaiak. Borrokak bukaerara arte jarraitu zuen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. Sailkapena eta datorrena
    Erregional mailak lider berria du. Orain arte jokatutako sei jardunaldietan garaipena lortu eta gero, Altsasu lider jarri da (18 puntu) 2 puntutara San Jorge duela (16 puntu). Etxarri Aranatz laugarren da (12 puntu) eta Lagun Artea hamargarren (9 puntu). Altsasuk sailkapenean bosgarren den Rotxapea B taldearen kontra jokatuko du urriaren 27an, igandea, 16:00etan El Iratin. Etxarri Aranatzek hirugarren den Berriozar aurkari zuzenaren kontra jokatuko du urriaren 26an, larunbata, 18:30ean Berriozarren. Azkenik, Lagun Arteak urriaren 26an, larunbata, 16:00etan sailkapenean zazpigarren eta arerio zuzena den Kirol Sport taldea hartuko du Zelai Berrin.