Albisteak,
- Epaiketa batean zinpeko epaimahaikide izateko pertsonen zerrenda berritzeko prozesu betean daude. 2025-2026an zinpeko izateko izangaien behin-behineko zerrenda argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialak gaur. Zerrenda horretan 26 sakandarren izenak ageri dira.
- Arakilgo Udalak urtero moduan ibarreko irudiak dituen egutegia argitaratuko du. 2025eko egutegia egiteko arakildarrei laguntza eskatu die, herri guztien presentzia bermatu ahal izateko. Egutegia egiteko udalak herrietako etxe edo txokoetako argazkiak eskatu ditu. Horiek 634 584 226 telefono zenbakira Whatsappez edo arakilkultura@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidali beharko dira azaroaren 7a baino lehen.
- Arbizuko Udalak ikasturte honetan ere jubiloteka zerbitzua eskainiko du. Udalak adindu arbizuarrak etxetik atera, elkartu eta burua arin izateko ariketak egitera gonbidatu ditu. Eta jubilotekan izena emateko gonbidapena egin du. Horretarako, udaletxetik pasa edo 948 460 017 telefono zenbakira hots egin daiteke. Arbizuko Udalak aurki jakinaraziko du jubiloteka noiz jarriko den martxan. Bestalde, eskola zaharra kultur gune bihurtzeko bidean beste pauso bat eman du Arbizuko Udalak. Eraikinaren erabilera arauen zirriborroa arbizuarren artean zabaldu zuen eta lastailaren 4an batzarra egin zen. Orduan erabilera arauak onartu ziren. Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, eraikina altzariz eta tresneriaz janzteko Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatuko dio. Horretarako, memoria idatzi eta eskabidea abenduan eginen du.
Kirolak,
- Areto Futbolean, Xotak Anaitasuna klubeko egoitzan aurkeztu zituen 2024/2025 denboraldiko talde nagusiak. Gizonezkoen lehen mailako Osasuna Magna Xotari emakumezkoen bigarren mailako Osasuna Futsal F. Taldea gehitu zaio, Osasunarekin akordiora iritsi eta gero. Bi taldeen fusioa albiste ona izan da bi aldeendako, eta bi taldeak “oso ilusionatuta” azaldu ziren. Ekitaldian Nafarroako Gobernuko Kirol kontseilari Rebeca Esnaola, Nafarroako Kirol Institutuko kudeatzaile Jorge Agirre, Iruñeko Udako Garbiñe Bueno, Irurtzungo alkate Unai Razkin, Nafarroako Futbol Federazioko presidente Rafa del Amo, Osasunako presidenteorde Cesar Munian eta Xotako babesleak bildu ziren. Xotako presidente Tatono Arregik hitz onak izan zituen guztiendako. “Eskerrik asko zuen babesa eta konplizitatearengatik, zuengan konfiantza itsua dugu. Ametsak jarrai dezala” azaldu zuen. Garai “oso konplexuak” direla nabarmendu zuen, eta “kirolak balioen transmisioa” izan behar duela. Halaber, ongi etorri beroa egin zion emakumezkoen Osasuna Futsal F taldeari: “ongi etorri zeuen etxera”. Xotako Miguel Hernandez entrenatzaileak aurtengoa “ilusio eta anbizio urtea” izango dela aurreratu zuen. “Munduko ligarik onenean jarraitzeko ahal dugun guztia egingo dugu”. Hamalau jokalari, lau irurtzundar: Miguel Hernandez Brugera entrenatzaileak hamalau jokalari ditu bere aginduetara. “Kalitate handiko taldea da, eta jende gaztea” nabarmendu zuen. Tartean lau irurtzundar daude: Asier Llamas atezaina, Roberto Martil kapitaina, atzelaria, Dani Saldise hegaleko jokalaria, eta Ion Cerviño hegal-atzelaria. Haiekin batera hamar jokalarik osatzen dute Osasuna Magna Xota: Palazon, Geraghty, Juninho, Tony, Kokoro, Pachu, Ligeiro, Korsun, Panta eta Mendive. Joan zen urtean talde nagusian debutatu zuen Oier Aguirrek Anaitasunan jarraituko du, harrobian. Larunbatean Manzanaresen kontra jokatuko dute, Ciudad Realen. Osasuna Futsal. Emakumezkoen bigarren mailan jokatzen duen Osasuna Futsalek hamabost jokalari ditu: Zaira Etxeberria, Marisa Fernandez, Irati Oneka, Cristina Bariain, Alexia de los Santos, Ana Bidondo, Alazne Garces, Saioa Etxeto, Maider Oses, Maialen Arana, Amaia Martinez, Carmen Otxoa eta Anastasiya Lushchyk “Nass”. Ivan Marco da entrenatzailea, eta egun sailkapenean hamabigarren da (4 puntu).
- Saskibaloian, CBASK-eko talde nagusien erronka bikoitza larunbatean Zelandin. Altsasuko feriak zirenez, CBASK-eko bi talde nagusiek euren partidak aurreratu zituzten. Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan Humiclimaren kontra 62-60 galdu zuen CBASK Narum fisioterapiak, partida oso lehiatuan. Sailkapenean San Ignacio Nasabi da liderra (6 puntu), eta talde altsasuarra seigarren da (4 puntu). Urriaren 26an, larunbata, CBASK Narum Fisioterapiak sailkapenean laugarren eta arerio zuzena duen Egües Aranguren Mutilbasket taldea hartuko du Zelandi kiroldegian, 17:50ean. Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak 52-34 galdu zuen Larrona Clareten kontra. Hain zuzen ere, Larraona Claret da liderra (6 puntu) eta talde altsasuarra seigarren da (3 puntu). Urriaren 26an, larunbata, 16:00etan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean hirugarren den Ardoi Avia Zizur hartuko du.