Hego Euskal Herrian etxebizitzen jabetza kuota altua da: hamar familiatik zortzi bere jabetzako edo utzitako etxebizitza batean bizi dira, Euskal Autonomia Elkartean (EAE) %81,2 eta Nafarroan %82,6. Hego Euskal Herriko bataz bestekoaren gainetik gaude Sakanan, eta bere etxean edo kosturik gabe utzitakoan bizi diren sakandarrak %92,7 dira.
Aldi berean, azken hamar urteetan (2013-2023) Hego Euskal Herrian gora egin du alokairuan bizi direnen ehunekoa: EAEn %11,3tik %14,3ra eta Nafarroan %12,6tik %13,7ra. Sakanako etxebizitzen alokatze tasa bataz bestekoaren azpitik dago: %7,3.
Alokairua handitzeko faktoreetako bat izan daiteke migratu duten pertsona gehiago bizi direla gure artean. Hego Euskal Herrian %11tik %15era pasa da 2013 eta 2023 artean. Haiek, hein handiagoan, alokairuan bizi direla. Baina ez da faktore bakarra.
Etxebizitzen salerosketaren bilakaera
2007 eta 2023 arteko hamasei urtetan hiru epe nabarmentzen dira. Aurrena 2007 eta 2013 sei urteko beheraldia da. Finantza arloak eragindako ekonomia krisiak higiezinen burbuila leherrarazi zuen eta etxebizitzen salerosketak hondoa jo zuen 2013an. Urte hartan, 2007arekin alderatuta, EAEn %60 etxebizitza gutxiago salerosi ziren, eta Nafarroan %61.
Etxebizitzen salmenta pixkanaka suspertu egin zen 2014 eta 2019 urteen artean, 2020an pandemia iritsi arte. Eten horren ondoren, 2022-2023 urteen artean higiezinen merkatuaren jarduera nabarmen hobetu zen, batez ere, 2022. Baina 2023an etxebizitzen salmentak behera egin zuen. 2007ko salmentekin alderatuta EAEn %17 txikiagoak dira eta Nafarroan %13. Hala ere, duela hamarkada bat salerosten ziren etxebizitzen kopuruaren bikoitza zen joan zen urtekoa. Oraindik ez da2007ko balio maximora iristen. Orduan Hego Euskal Herrian 35.233 eragiketa egin ziren, 2023an 29.563.
Dagoeneko "agortu" da aurreko krisian sortu zen gehiegizko eskaintza. Zalantzak ere sortu dira: ba al dago eskaintza nahikorik egungo beharretarako?
Salerosketen ezaugarriak
Higiezinen burbuila lehertu aurretik, 2007an, EAEn salerosketen ia erdia, %44,8, eraikuntza berrikoa zen eta gainontzeko %55,2 bigarren eskukoa. Nafarroan saldutako hamar etxebizitzetatik sei, %60,3, eraiki berria zen, eta beste laurak, %39,7, bigarren eskukoak. Sakanan Nafarroako bataz bestekoaren gainetik geunden bigarren eskuko etxebizitzen salerosketan, %43,5, baina EAE dozena bat puntura genuen. Ibarreko gainontzeko 56,5 eragiketak etxebizitza berriak ziren.
Ekonomia krisiak eraikuntza geldiarazi zuen, zehazki, etxebizitza berriaren eraikuntza. Ordutik egoera irauli egin da. EAEn salerosten diren hamar etxebizitzetatik zortzi pasa, %85,7, bigarren eskukoak izan ziren 2023an, 30,5 puntu gehiago. Nafarroan, berriz, %73,8, 34,1 puntu gehiago. Aztertutako hamasei urteetan Sakanan bigarren eskuko etxebizitzen salerosketak hamarretik lau izatetik denak izatera pasa da.
Babestutako etxebizitzak
Saldu eta erosten diren etxebizitza gehienak bigarren eskukoak direnez, 2023an eragiketa gehienak merkatu librean egin ziren: %96 EAE, %95,2 Nafarroan eta %94,3 Sakanan. Ibarrean 2007tik 2023ra etxebizitza libreen salmenta 4,3 puntu jaitsi zen.
Berriak izaten diren babestutako etxebizitzen salerosketen kopurua txikia da: %4 EAEn eta %4,8 Nafarroan. Aztertutako epean merkatu libreko salerosketa handitu egin da 10,8 puntu EAEn eta 6,6 puntu Nafarroan. Ondorioz babestutako etxebizitzenak behera egin du.
Prezioa
Etxebizitzen prezioa 2007an gorenean zegoen, baina ekonomiaren krisiarekin behera egin zuen eta Nafarroan 2013an jo zuen hondoa, EAEn 2015ean. Joan zen urtean salerositako etxebizitzen bataz besteko prezioa EAEn metro karratuko 2.957 eurokoa izan zen eta Nafarroan 1.927 €/m2. 2022arekin alderatuta %6 gehiago Nafarroan eta %3 gehiago EAE. Hala ere, Hego Euskal Herrian ez dira 2007ko bataz besteko prezioak berreskuratu: EAEn %13 txikiagoak dira eta Nafarroan %9.
Alokairuari dagokionez, 2023an hilean 775 eurokoa zen EAEn eta 558 eurokoa Nafarroan, aurreko urtean baino %5,13 eta %3 gehiago euro gehiago. Alokairuen prezio horiek hileko batez besteko soldataren %45 eta %35 da EAEn eta Nafarroan. Sakanan alokairuagatik, bataz beste, 395 euro ordaintzen ziren hileko 2023an.