Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea nondik nora izanen den jakiteko geologia azterketa egin beharra dute aurretik. Horretarako zundaketak egiten dira, eta ibarrean 48 aurreikusiak zeuden. AHT egitasmoaren kontra daudenez, Sakanako udalek eta hainbat lurjabek ez dute eman baimenik beraien jabetzetan halako zundaketak egiteko, horretarako okupazio eskaerari ezetza eman diote. Estatuko Abokatutzak hori saihesteko formula opatu zuela jakinarazi zuen Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkari Jose Antonio Santano joan zen astean. Antza, egun batzuetarako lurren desjabetzea izan daiteke formula hori.
Sakanako AHTren kontrako mugimenduko kideek gaztigatu dutenez, Itzako Otxobi herrian zundaketa bat egin dute. Zehazki, tren azpiegituren kudeatzaile den Adif enpresa publikoaren lur batzuetan egin dute. Mugimenduko kideek jakinarazi dutenez, "baliteke hurrengo egunetan Uharte Arakil eta Etxarri Aranatz artean eskatutako zundaketak egitera etortzea". Santanoren iragarpena kontuan izanik, aldez aurretik adierazitako tokietan egin beharrean beste tokiren batean eginen lituzkete zundaketak, gobernuenak diren lursailetan. Baina halako informaziorik ez dute mugimenduko kideek.
Sakanako hainbat herritan zundaketen kontrako protokoloa dago eta zundaketa baten berri izanez gero, "aholkularitza jaso ahal izateko" udalarekin kontaktatzea eta, ondoren, ekimenarekin harremanetan jartzeko deia egiten dute, 656 111 130 telefonoan.