urriak 29

Guaixe Irratia 2024ko urr. 29a, 10:55

Albisteak,

  • Arakilgo Udalak urtero moduan ibarreko irudiak dituen egutegia argitaratuko du. 2025eko egutegia  egiteko arakildarrei laguntza eskatu die, herri guztien presentzia bermatu ahal izateko. Egutegia egiteko udalak herrietako etxe edo txokoetako argazkiak eskatu ditu. Horiek 634 584 226 telefono zenbakira Whatsappez edo arakilkultura@gmail.com posta elektronikoko helbidera bidali beharko dira azaroaren 7a baino lehen. 
  • Bakaikuko Udalak, enkante bidez, 1.672 pagok osatzen duten epaitza saldu du. Maderas Larreta SM enpresak eskuratu du 69.066 euroren truke. Arbola horiek guztiek 815,3 m³ pago egur eta 1.742,1 m³ egur enbor txiki egiten dute. Baso aprobetxamendu hori Bakaikuko Udalak herriko mendiari dagokion 2024-2025 urteetarako Ustiapenen eta Hobekuntzen Bi Urteko Planaren barruan dago. 
  • Urteko azken ospakizunak, feriak, despeditu eta bi aste eskasera, Altsasuko Udalak heldu den urteko festa egutegia zein izanen den argitaratu du. Otsaila eta lastaila bitartean hemeretzi ospakizun egun gorriz markatuta egonen dira altsasuarren egutegian. Festa egutegia: Otsailak 5, Santa Ageda. Martxoak 2, Inauteri txikia. Martxoak 4, Herri inauteria. Martxoak 8, Hiri inauteria. Maiatzak 3-4, Alde Zaharreko festak.  Garagarrilak 23-24, San Joan. Garagarrilak 29, San Pedro. Garilak 13, Erkuden. Garilak 20, Bargagainera igoera. Irailak 12-16, Festak. Lastailak 17-19, Feriak.

Kirolak,

  • Iker Gomezek Finisher taldearekin egingo du saltoa afizionatuetara. Txirrindulari altsasuarrak Ander Altunak gidatzen duen eskuadra aukeratu du amateur mailan trebatzen jarraitzeko. “Txikitatik txirrindularitzarekin pasioa dut. Eskoletatik junior mailara bitartean kategoria guztietan gozatu dut. Finisher taldeak konfiantza transmititu dit, eta gauzak oso ongi egiten ari den talde honekin batera trebatzen eta hezten jarraitu nahi dut” azaldu du Iker Gomez de Goikoetxeak Finisher taldeko webgunean. 
  • Nafarroako Jubenilen Lau eta Erdiko Txapelketa, martxan. Etxarrenen eta Lekunberrin jokatuko da 27. Guillermo Mazo Memoriala. Gaur, urriak 29, hasiko da Nafarroako Jubenilen Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa, 27. Guillermo Mazo Memoriala. Bertan jubenil mailako kaiolako espezialista handienak lehiatuko dira, txapela preziatuaren bila, tartean pilotari sakandarrak. Partidak Etxarrenen eta Lekunberrin jokatuko dira. Urriak 29, asteartea, 18:00etan, Lekunberrin. Urriak 30, asteazkena, 18:00etan, Etxarrenen.
  • Futbolean, Emakumezkoen Preferente mailan Altsasuk lider jarraitzen du eta garaipen potoloa lortu zuen Valle de Egüesen kontra. Orain arte jokatutako sei jardunaldiak irabazita, Altsasuk jarraitzen du lider sendo izaten (18 puntu), Gazte Berriak bigarrena 6 puntura duela (12 puntu). Asteburuan ligak atsedenaldia hartuko du, eta azaroaren 9ko asteburuan jokatuko den zazpigarren jardunaldian atseden jardunaldia dagokio Altsasuri. 

    Gizonezkoen erregional mailako zazpigarren jardunaldian Altsasuk eta Etxarri Aranatzek garaipena lortu zuten, eta Lagun Arteak galdu. Altsasuk zazpigarren garaipena segidan lortu zuen, Rotxapeari El Irati futbol zelaian 0-3 irabazi eta gero. Lehen zatia borrokatua izan zen eta nor baino nor lehiatu ziren Altsasu eta Rotxapea. 47. minutuan Imanol Lobok Altsasuren markagailua mustu zuen, eta Unai Rodriguezek eta Aitor Augustok sartutako golekin batera, 0-3 gailendu zen Altsasu, lidergoa sendotuz. 

    Etxarri Aranatzek eta Berriozarrek partida oso estua jokatu zuten Berriozarren. Lehen zatia eta bigarren zatiko tarte handi bat husnako berdinketarekin joan zen, bi taldeek ez baitzituzten euren aukerak gauzatzen. Imanol Munarrizek 69. minutuan aurreratu zuen Berriozar baina 4 minutu beranduago bana berdindu zuen Aritz Aristorenak. Partida berdinketarekin bukatu behar zela zirudienean iritsi zen eromena. Oinatz Carreñok 1-2 aurreratu zuen Etxarri 89. minutuan, baina 90. minutuan bina berdindu zuen Berriozarrek. Hurrengo jokaldian, 90. minutuan, David Cabalgantek Etxarriren garaipenaren gola sartu zuen, eta 2-3 irabazita eta urrezko 3 puntuekin itzuli ziren etxarriarrak. 

    Azkenik, Lagun Arteak Orkoiengo Kirol Sport taldea hartu zuen Zelai Berrin. Partida oso ongi hasi zen lakuntzarrendako, Iker Anduezak 9. minuturako Lagun aurreratu baitzuen. Kirol Sportek bana berdindu zuen, baina atsedenaldia baino lehen 2-1 aurreratu zen Lagun, Gaizka Sagarzazuri esker. Bigarren zatiak ildo beretik jarraitu zuen, 68. minutuan Oihan Anduezak bina berdindu arte. Eta partida berdinketarekin despedituko zela zirudienean, azken minutuan Hugo Martinezek Orkoienen garaipen gola sartu zuen (2-3), Lagun Artea izugarri mindu zuena. Azken unean hiru puntuak ihes egitea oso gogorra izan zen lakuntzarrendako. 


    Altsasuk jarraitzen du erregional mailako laugarren multzoko lider (21 puntu), San Jorgeren aurretik (19 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (15 puntu) eta Lagun Artea hamargarren (9 puntu). Asteburuan ez da jardunaldirik jokatuko, Koparen txanda baita. Erregional mailako zortzigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean seigarren den Amaia taldea hartuko du azaroaren 9an, eta Etxarri Aranatzek sailkapenean hamazazpigarren den Asdefor, azaroaren 10ean. Lagun Arteak Lekunberrin jokatuko du azaroaren 9an, hemezortzigarren eta sailkapena ixten duen Beti Kozkor B taldearen kontra. 

  • Futbolean, Elomendiko Futbol Txapelketan bosgarren jardunaldia jokatu zen. Zalduak 3-0 hartu zuen mendean Bidezarra partida borrokatuan, eta lortutako 3 puntuei esker lider berria da talde arakildarra (14 puntu), Bar Olmo bigarrenari puntu bat aterata (13 puntu). Asteburuan sailkapenean hamargarren den Ageri taldea izango du aurkari Zalduak, Ukarren jokatuko den partidan.