Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde Iglesiasek harrera egin zien Nafarroako Amiantoaren Biktimen Babeserako eta Laguntzarako Elkarteko (Adavan) ordezkariei lastailaren 18an. Hualderekin batzartu ziren Adavaneko presidente Jose Manuel Bueno, Purificacion Adrian diruzaina eta Juan Antonio Castilla kidea. Hirurek lehendakariari azaldu zioten "behar adinako finantzaketa eman behar zaiola amiantoa ezabatzeko plan gidariari". Izan ere, Parlamentuk plana 2019an onetsia izan zen, "baina harrez geroztik ez da aurrerapenik izan, nahiz eta 2014ko Europako Batzorde Ekonomiko eta Sozialean helburu gisa markatu mineral kantzerigeno hori 2032rako desagerraraztea".
Buenok azaldu zuenez, "2019tik gai horren inguruan egin den inbertsio publiko bakarra 65.000 eurokoa izan da, 2022an amiantoa detektatzeko ikastaro batzuetarako jarriak. 2024ko Aurrekontuetan 10 euroko partida bat gaitu zen, handitzeko aukerarekin, baina halaxe geratu da". Adavaneko presidenteak gaztigatu duenez, "ez da deus ere egin sufrimenduzko eta heriotzazko arrasto hori eteteko. 2.200 eta 2.400 pertsona bitarte izan dira errekonozituak ukitutako gisa, eta beste zenbaitek auzitan ibili behar izan dute gaixotasunaren errekonozimendu profesionala lortzeko", adierazi zuen Buenok.
Unai Hualde eta Jose Manuel Bueno, bi altsasuarrak Parlamentuan.
Hualdek, bestalde, adierazi zuen Parlamentuak konpromisoa duela amiantoa ezabatzeko 2019ko plana ezar dadila lortzeko, Nafarroako Gobernuak behar diren baliabide ekonomikoak eta antolaketakoak jarrita. Horretarako, Hualdek konpromisoa hartu du talde parlamentario guztiei helarazteko zeintzuk diren Adavan elkartearen eskariak, eta adierazi zuen konfiantza duela datozen Kontu Orokorretan behar bezalako finantzaketa egoteko plana benetan betearazteko eskakizunetarako.