Saretzen

Etxebizitzak, saldu bai, alokatu ez

Guaixe 2024ko aza. 4a, 09:35

Unanuko ikuspegia. ARTXIBOA

Etxebizitzen salerosketa datuek erakusten dute higiezinen merkatua ez dela burbuila lehertu aurreko egoerara bueltatu. Interneten bilaketa eginda ehun bat etxe, txalet eta pisu saltzeko iragarkiak opatu ditugu. Etxebizitza alokatzeko duen bakarra, eta partekatzeko bi.

Ibarreko higiezinen merkatuan bada mugimendurik. Baina ez da higiezinen burbuila lehertu zenean bezain bizia. 2007an, esaterako, Sakanan 276 etxebizitza salerosi ziren, %43,47 (120) Altsasun. Ekonomia krisiaren ondoren higiezinen salerosketa %77,17 jaitsi zen eta 2013an 63 etxebizitza besterik ez ziren saldu edo erosi. Ekonomiak hobera egin zuen eta 2022an 191 izan ziren salerositako ondasun higiezinak, 2013an baino %203,17 gehiago. Joan zen urtean salerosketak 159 izan ziren, %16,75eko jaitsiera izanik. 

Datuek agerian uzten dute salerositako etxebizitza kopurua higiezinen burbuila lehertu aurrekoen azpitik daudela: 2023koak 2007koak baino %42,39 txikiagoak dira. Bi urte horiek alderatuta agerian uzten duten bestea da gaur egun salerosten diren ia etxe guztiak bigarren eskukoak direla. 2007an ez zen horrela, esate baterako, Arakilen salerosketen %83,3 bigarren eskuko etxeak ziren eta Lakuntzan %80. Gainontzeko herrietan bigarren eskuko salerosketa txikiagoa zen: Irurtzunen %30,8, Uharte Arakilen %7,4, Arbizun %40, Etxarri Aranatzen %50, Altsasun %45,8, Urdiainen %42,1 eta Ziordian %27,6. Orain bezala 2007an ere salerosten ziren etxebizitza guztiak bigarren eskukoak ziren Ergoienan, Bakaikun, Iturmendin eta Olatzagutian. 

Prezioak 
Interneten bilaketa eginda ehunen bat etxe, txalet eta pisu salgai daudela ikusi dugu. Denetariko eskaintzak dira, erosi eta bertan berehala bizitzen hasteko moduko eraikinak daude salgai. Baina baita erabateko berrikuntza lanak eskatzen dituzten eraikinak ere. Halako etxe bat 28.000 euroan erosteko aukera dago Olatzagutian. Handik ez oso urrun, Altsasun, txalet bat 750.000 eurotan salgai dago. 

Opatutako etxebizitza eskaintza zabalena pisuena da. Irurtzunen 85.000 eta 228.330 euro artean daude salgai. Uharte Arakilen 64.000 eta 125.000 euro artean. Lakuntzan, berriz, 70.000 eta 175.000 euro artean eskatzen dituzte pisuengatik,  71.800 Arbizun. Etxarri Aranatzen salgai dauden pisuak 80.000 eta 168.000 euro artean daude. Urdiainen, aldiz, 66.000 eta 82.000 euro arteko balioa dute salgai dauden pisuak. Altsasun pisu bategatik 70.000 eta 185.000 euro artean eskatzen dituzte. Olatzagutian pisuak 48.000 eta 120.000 euro arteko balioa dute. 

Sakanako gainontzeko herrietan ez dago pisuak saltzeko eskaintzarik. Baina etxebizitza osoak edo txaletak salgai daude. Esaterako, Arakilen 235.000 eta 580.000 euro arteko eskaintzak daude, Irurtzunen 200.000 eta 565.000 euro artekoak eta Irañetan 135.000 euroan. Uharte Arakilen salgai dauden etxeek 150.000 eta 260.000 euro arteko prezioa dute. Arruazun salgai dagoena, aldiz, 67.000 euro. Lakuntzako higiezinen eskaintzan 70.000 eurotik 280.000 eurora artekoak daude. Arbizun, berriz, etxea 200.000 euroan dago salgai, 5.000 euro gutxiagoan Lizarragabengoan. Etxarri Aranatzen 35.000 euroan eskuratu daiteke etxe bat. 

Ergoienan salgai dauden etxeak 30.000 eta 270.000 arteko prezioa dute. Bakaikukoak 170.000 eurokoa. Iturmendin, berriz, 290.000 euro eskatzen dituzte etxe bategatik. Urdiaingo eskaintzari dagokionez, 70.000 eta 595.000 euro arteko eskaintzak opatu ditugu. Altsasun etxeen eskaintza 110.000 eta 750.000 euro artean dago. Olatzagutiko eskaintzan 28.000 eurorengatik eskuratu daiteke etxe bat, baina 450.000 eurora arteko eskaintza dago. Azkenik, Ziordian 130.000 eta 330.000 euro artean daude etxeak salgai. 

Alokairua
Etxebizitza jabetzan izatearena barneratuta dugunaren adierazle da alokairuak bilatzeko garaian bakar bat opatu dugula. Altsasuko pisu bategatik hileko 650 euro eskatzen dira. Altsasun bertan etxebizitza partekatzeko bi eskaintza daude. Batak gelagatik 300 euro eskatzen ditu, besteak 350 euro. 

Nafarroako Estatistika Institutuak, Nastatek, gutxienez hamar etxebizitza alokatuta dauden udalerrietako etxebizitzen bataz besteko alokairu prezioa eman du. Sakanako zazpi herri besterik ez dute baldintza betetzen eta etxebizitza alokatzeagatik hilean 358,7 euro (Uharte Arakil) eta 414,5 euro (Arbizu) artean ordaintzen da. Tartean daude Lakuntza 410,7 euro hileko; Irurtzun 405,4 euro; Etxarri Aranatz 398,8 euro; Altsasu 393,5 euro eta Olatzagutia 358,9 euro. 

Foru administrazioarena da Nasuvinsa enpresa publikoa, eta hark alokairu poltsa du. Etxejabeek Nasuvinsari etxebizitza uzten diote eta hura arduratzen da alokatzeaz. Horretaz aparte, besteak beste bi gauza bermatzen ditu: alokairua hilero kobratuko dela eta bukaeran etxebizitza utzitako baldintza beretan bueltatuko dela. Nasuvinsaren alokairu poltsan mila etxebizitza daude, haietatik hemeretzi (%1,9) Sakanan.