Albisteak,
- Turismo Zuzendaritza Nagusiak Lakita SA enpresari esleitu dizkio Plazaolako Bide Berdeko obrak, desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna hobetzeko helburua dutenak. Lanak bide berdearen eta hari lotutako inguruko espazioetan eginen dira, esaterako, atseden guneetan eta aparkalekuetan. Guztira 12 kilometroko tartean eginen dira lanak.
- Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria den Begoña Alfaro Garziak jakinarazi du gobernuak Bizitegi Merkatuko Eremu Tentsionatu deklaratzeko prozesuari hasiera eman diola. Horretarako Merkatu Tentsionatuko Zonen atariko txostena aurkeztu du. Horietako bat Altsasu da. Foru administrazioak egindako txostenaren arabera 2018 eta 2023 artean etxebizitzaren prezioa %19,64 jaitsi da Altsasun. Baina alokairuarena epe berean %25, 67 hazi da. Bi baldintzetako bat betetzen duenez, gobernuak Altsasun prozeduran sartzea erabaki du.
- Izurdiagako Kontzejuak jakinarazi duenez, denboraleak kaltetutako valentziarrak laguntzeko material eta jaki bilketa eginen du. Bilketa kontzeju etxean eginen dute. Bi egunez eginen dute, azaroaren 5ean eta 6an, gaur eta bihar, 17:00etatik 20:00etara. Honakoak eramatea eskatu dute: ura, esnera, hutsean ontziratutako fianbreak, ontziratutako jatekoak, atun latak, pertsonen eta etxeen garbiketarako produktuak, pixoihalak, konpresak eta musukoak. Altsasun ere bilketa egiten ari da DYAren eta Biak bat Elkartearen egoitzetan.
Kirolak,
- Pilotan, Nafarroako Jubenilen Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa, 27. Guillermo Mazo Memoriala beste jardunaldi baten atarian dago. Jakina denez, txapelketan jubenil mailako kaiolako espezialista handienak lehiatzen ari dira, tartean pilotari sakandarrak. Partidak Etxarrenen eta Lekunberrin jokatuko dira. Azaroak 5, asteartea, 18:00etan, Lekunberrin: -Zabala (Irurtzun) 0 (aurkeztu gabe) / Zudaire (San Miguel) 22, -Mikelez (San Francisco Javier) / Gomez (Ardoi), -E. Ijurko (Larraun) / Perez (Ardoi), -Ganuza (San Miguel) / Goikoetxea (Larraun).
- Futbolean, Etxarri Aranatz da Nafarroako Kopan parte hartuko duen talde sakandar bakarra. Hamahirugarren multzoan lehiatzen ari da Etxarri, Rotxapea, Doneztebe eta Berriozar taldeekin batera. Azaroaren 1ean San Donato zelaian jokatutako partidan, Etxarri Aranatzek 4-1 irabazi zion Rotxapeari Mikel Maizak, Oinatz Carreñok (2) eta Markel Razkinek sartutako golei esker. Azaroaren 3an Berriozarren jokatutako partidan, Berriozar taldeari ere emaitza horrekin irabazi zion Etxarri Aranatzek, 1-4. Kasu honetan, Mohamed Najmi, Ali Mefti, Oihan Karasatorre eta Aimar Ijurra izan ziren golegileak. Etxarri Aranatz da multzoko liderra (6 puntu). Doneztebe bigarrenak ere 6 puntu ditu, eta Rotxapea B-k eta Berriozarrek ez dute punturik. Hirugarren eta azken jardunaldia abenduaren 3an jokatuko da. Etxarri Aranatzek Doneztebe hartuko du San Donato zelaian.
- Areto Futbolean, Emakumezkoen lehen senior mailan Xotak sailkapenean bigarren den Azkarrena taldea hartu zuen Atakondoan, ligako seigarren jardunaldian. Bi taldeek lehia bizia izan zuten, baina lehen zatia husnako berdinketarekin despeditu zen. Bigarren zatian, 32. minutuan Azkarrena taldea aurreratu zen, baina irurtzundarrek ongi erantzun zuten eta 3 minututan bana berdindu zuen Leire Oiarzunek. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina markagailua ez zen mugitu. Lehen senior mailan Lacturale Orvinak jarraitzen du lider (18 puntu). 5 puntura dago bigarrena, Azkarrena. Xota laugarren da (7 puntu). Azaroaren 9an, 12:00etan, Xotak sailkapenean azkena den Municipal Ribaforada taldearen kontra jokatuko du, Erriberan.