Albisteak,
- Uharte Arakilgo Udalak san Migel eskola publikoaren eraikineko inguratzaile termikoaren birgaitze energetikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzeko obra egiteko eta zuzentzeko proiektua idazteko deialdia egin du. Lanak 57.385,22 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du eta kontratua eskuratzen duen enpresak 70 egun izanen ditu lanak despeditzeko. Interesa duen enpresak azaroaren 11ko 12:00ak arte du eskaintza aurkezteko. Udalak deialdia egiten duen bigarren aldia da, garilekoa hutsik gelditu baitzen nahiz eta bi enpresak eskaintza egin. Orduko deialditik aldaketa bat eginda, udalak berriro egin du lanak emateko eskaintza.
- Olatzagutiko Udalak jakinarazi duenez, Erburua kiroldegian atezain garbitzaileko bi lanpostu bete nahi ditu. Horretarako, deialdia egin du eta hura baliatuz lan poltsa osatuko du. Udalak jakinarazi duenez, kontratazioa aldi baterakoa izango da eta lanaldi osokoa. Aldi baterako kontratua formalizatuko da hutsik dagoen lanpostua behin betiko bete arte. Udalak hautagaiei euskaraz hitz egiteko gaitasuna eskatu die. Eskaerak aurkezteko azken eguna gaur da. Deialdiari buruzko informazio gehiago olazti.eus webgunean dago.
- Sakanako DYAko kide Iñaki Lazkano Rosak Altsasun egiten ari diren bilketaren berri eman du. Ostiral arratsaldera arte jarraituko dute horretan, baina dagoeneko Valentziako denboraleak kaltetuta daudenei laguntzeko lehen furgoneta bidaltzear dira.
Kirolak,
- Areto futbolean, Irurtzungo Atakondoak 16 urtez azpiko Nafarroako selekzioaren eta Errioxaren arteko lagunarteko partida hartuko du azaroaren 10ean, igandea, 10:00etan. Leandro Fernandezek gidatzen duen selekzio nafarrean Xota taldeko lau jokalari daude: Julen Fernandez, Oier Amezgarai, Eneko Pinto eta Mikel Lanchas. Haiekin batera Xabier Begue, Jose Maria Lopez, Nicolas Ordoñez, Jacobo Sanchez, Nicolas Martinez, Alain Morales, Markel Morales, Haritz Gonzalez, Joan Cabrera eta Iker Llorentek osatzen dute Nafarroako selekzioa.
Nafarroako 16 urtez azpiko selekzioak Espainiako Txapelketako lehen fasean parte hartuko du, azaroaren 20tik 24ra, Galizian. A multzoan dago Nafarroa, Galiziarekin, Gaztela Leonekin, Kataluniarekin eta Gaztela-Mancharekin.
Horregatik, txapelketa prestatzeko entrenamenduak eta lagun arteko partidak jokatzen ari da egunotan Nafarroako selekzioa. Esan bezala, azaroaren 10ean Errioxaren kontra lehiatuko da Irurtzunen.
- Pilotan, Nafarroako Jubenilen Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa, 27. Guillermo Mazo Memorialaren beste jardunaldi bat jokatu zen atzo Etxarrenen. Tartean, Irurtzun klubeko Yabenek Azanza (Zugarralde) izan zuen aurkari, eta partida oso gogorrean Yabenendako izan zen garaipena, 18-22.
Azaroaren 6ko Etxarrengo emaitzak:
-Crespo (Oberena) 18 / Eraso (Ardoi) 22
-Sainz (San Miguel) 22 / Goñi (Ardoi) 09
-Telletxea (Larraun) 0 (aurkeztu gabe) / Esain (Esteribar) 22
-Azanza (Zugarralde) 18 / Yaben (Irurtzun) 22 - Saskibaloian, Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan bosgarren jardunaldia egon zen jokoan. CBASK Narum Fisioterapiak liderraren etxean jokatu zuen, Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldearen kontra. Liderrak ez zuen gupidarik izan eta 84-57 gailendu zen. Hasieran bi taldeak parez pare ibili ziren. Bi taldiz berdindu zuten, eta talde altsasuarra bitan aurreratu zen, baina liderrak aginte makila hartu eta alde handia hartzen hasi zen. Azkenean, 84-57 irabazita Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldeak lidergoari eutsi zion (10 puntu), eta puntutara berdinduta dago Nasabi San Ignacio bigarrenarekin. Bi taldeek jokatutako bost jardunaldiak irabazi dituzte. Talde altsasuarra hamargarren da (6 puntu), garaipen bat eta lau porrot jarraituekin.
Seigarren jardunaldian, CBASK Narum Fisioterapiak Universidad de Navarra du aurkari, baina partida aurreratzea erabaki zuten bi taldeek eta asteartean, azaroaren 5ean jokatu zuten, Zelandin. Azken lau jardunaldiak galdu eta gero, denboraldiko bigarren garaipena ospatzea lortu zuen Altsasuk, Universidad de Navarrari 76-67 irabazi eta gero. CBASK Gorriz Tattoos, Zelandin:Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Universidad de Navarrari 48 eta 57 irabazita. Altsasuarrek hasieratik hartu zuten aurrea eta partida ongi kontrolatu zuten. Sailkapen orokorrean, Larraona Claretek jarraitzen du lider (10 puntu) eta talde altsasuarra zortzigarren da, azkena (6 puntu). Azaroaren 9an, larunbata, 16:00etan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean bosgarren den Burlata hartuko du Zelandin.