Caja Navarra fundazioaren eta Nafarpres-en arteko elkarlan hitzarmena

Guaixe 2024ko aza. 7a, 12:25

Sandra Goldaraz, Nafarpreseko presidentea, eta Jose Angel Andres, fundazioko lehendakaria. UTZITAKOA

Hitzarmenari esker, Caja Navarra fundazioak Nafarroako landa-eremuetan bere jardueren zabalkundea areagotuko du. Lankidetza Nafarroako hainbat herritako enpresei lagunduko die. Nafarpres-ek Nafarroa osoan argitaratzen diren bederatzi argitalpen biltzen ditu.

Caja Navarra fundazioa eta Nafarroako Prentsa Lokalaren Elkartea (Nafarpres) elkarlanean hasi dira. Horretarako lankidetza hitzarmena sinatu dute fundazioko lehendakari Jose Angel Andres Gutierrez eta elkarteko presidente Sandra Goldarazek. Akordioak bi helburu ditu. Alde batetik, Caja Navarraren ekimenek Nafarroa osoan zabalkunde hobea izatea eta, bestetik, elkarte horretako bederatzi argitalpenak, tokiko eta landa-eremuari lotutakoak, sustatzea.

Nafarpres-ekin lankidetza hitzarmena sinatuz, Caja Navarra fundazioak "Nafarroako lurraldearekiko konpromisoa eta Nafarroako eremu guztietan presentzia izateko nahia erakusten ditu", adierazi du Andresek. Azaldu duenez, "fundazioaren estrategia planaren bigarren ardatzean Nafarroako lurralde osoan presentzia indartzeko eta landa eremuko ekimenak babesteko beharra jasotzen da". Geroz, “bi entitateen arteko lankidetza hori fundazioaren helburu horretan oinarritzen da, eta Nafarroako eremu horietako biztanleek Caja Navarra fundazioa hobeto ezagutuko dutela bermatzen du. Aldi berean, lankidetzak komunikazio sektorearen jarduera bultzatzen du landa eremuan”, gaineratu du.

Goldarazek lankidetza hitzarmenaren balorazio positiboa egin du. "Hitzarmen berritzailea da, landa eta tokiko eremuko informazio gakoaren transmisore gisa tokiko hedabideen balioa azpimarratzen duena". Elkarteko presidenteak nabarmendu duenez, "gure elkartearendako garrantzitsua da akordio hori, Caja Navarra fundazioak gure komunikabideetan jarri duen konfiantza islatzen baitu, landa eremuan bizi den herritarrengana zuzen iristeko bide nagusi gisa. Laguntza honek ordezkatzen ditugun komunitateei ahotsa emateko gure konpromisoa indartzen du", adierazi du.

Nafarpres 
Nafarroako Prentsa Lokalaren Elkarteak bere ibilbidea 2006ko abenduan hasi zuen, prentsa eta informazio lokala herritarrengandik gertuen dagoen ikuspegitik sustatzeko helburuarekin. Bere helburu orokorrak honakoak dira: komunikabideekin, artearekin eta kulturarekin lotutako jarduera guztiak tokiko ikuspegitik sustatzea; ikuspegi lokaletik informazio eta arte ekoizpen multimedia bultzatzea; eta Nafarroako tokiko komunikazio proiektuen artean lankidetzarako sare bat sortzea. Argitalpen batzuk gaztelaniaz argitaratzen dira, beste batzuk euskaraz, eta beste batzuk bi hizkuntzen arteko nahasketa egiten dute.

Kideak eta argitalpen eremua
  • La voz de la Merindad, Erdialdea.
  • Entreto2 Tierra Estella, Lizarraldea.
  • Entreto2 Valdizarbe, Izarbeibarra.
  • Mailope, Araitz, Betelu, Larraun, Lekunberri.
  • Mendixut, ekialdeko Pirinioak.
  • Plaza Nueva, Erribera.
  • Ttipi Ttapa, Atlantikoko Pirinioak
  • Txantrean Auzolan, Iruñeko Txantrea auzoa.
  • Guaixe, Sakana.