Txirrindularitza

Urtasun eta Perez, Azanzarendako Euskaltelen "fitxaketa onenak"

Guaixe 2024ko aza. 11a, 11:45

Jorge Azanza, Ruben Perez eta Pablo Urtasun Euskalteleko txirrindulariak zirenean, Gorka Verdugorekin batera. ARTXIBOA, EUSKALTEL

Euskaltel-Euskadi taldera batu dira Pablo Urtasun eta Ruben Perez, bere garaian talde laranjan Jorge Azanzaren taldekide izandakoak.

Azaroaren 8an, ostirala, eman zuen Euskaltel-Euskadik bi kirol zuzendariren fitxaketaren berri. Pablo Urtasun urdiaindarrak Kern Pharma taldea utzi eta talde laranjara egin du salto. Ruben Perez da beste kirol zuzendari berria. 

Jorge Azanza pozarren dago albistearekin. "Niretako bi hauek egin ditugun fitxaketa onenak dira. Oso ondo prestatuta daude zuzendaritzarako. Esperientzia handia dute, eta proiektuari sendotasuna eman diezaiokete. Garrantzitsuena da gure txirrindulariak oso ondo gidatuta egongo direla. Finean, kotxean doanak asko pintatzen du, eta nik biengan konfiantza handia dut. Oso pozik nago" azaldu du Azanzak. 

Hirurak txirrindulariak eta taldekideak izan ziren, 2009-2013 artean, Euskaltel Euskadin. "Nire taldekideak izan dira Euskaltelen, eta nire lagunak dira; horrek asko laguntzen du. Beraiek ere ilusioa dute, eta lanean ari gara buru belarri, guztiz motibatuta".

Urtasun eta Azanza ere "oso pozik" daude bere etxera izandakora bueltatu direlako. "Berezia da niretako, bertan txirrindulari izan bainintzen. Etxeko taldea da, eta gure zaleak ditugu bultzaka. Hasteko gogotsu nago. Helburua UCI-ko lehen 30 taldeen artean sailkatzea da, eta uste dut helburua lortzeko txirrindulari egokiak fitxatu direla" azaldu du urdiaindarrak. Ruben Perez ere "irrikaz eta pozik" dago. 

Erlazionatuak