Albisteak,
- Sakanako sozioekonomiako ordezkariak Mikel Irujo Amezaga Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariarekin bilera izan dute aste honetan. Irurtzungo Dinabide eraikinean egin zen bileraren helburua izan zen "Sakanak dituen erronkei irtenbideak aurkitzea", azaldu dute Nafarroako Gobernutik. Bilkurako gai nagusiak izan ziren: ekonomia indartzea, lurzoru industrialaren eskuragarritasuna, merkataritza, finantzaketa palankak, ekintzailetza eta inbertsioak erakartzea. Irujok azaldu zuenez, "topaketa horrekin Nafarroako Gobernuak Sakanako garapen ekonomikoa bultzatzeko konpromisoa berresten du. Tokiko eragileekin batera lan egiteko eta, horrela, inguruan ditugun erronkei irtenbideak aurkitzeko apustu garbia". Gobernutik aipatu dutenez, "Sakanak egonkortasun nabarmena izan du. Nafarroako Enpresen Direktorioan eta Merkataritza Erregistroan aurkeztutako urteko kontuetan jasota dagoenez, 2019an 1.328 enpresa zeuden, eta 2023an, 1.347. Bestalde, 2019an 3.698 langile izan ziren, eta 2023an, 4.681; %26ko igoera".
- Altsasuko Udalak Otadiako euri uren sarean jasotakoa Burunda ibaira isurtzeko kolektorea egin nahi du. Horretarako lan deialdia egin du, 287.254,99 euroko (BEZ barne) balioa duena. Gaur egun Santo Kristo Barren, Amandrea, Soldaubide, Ualdera eta Lapurbide kaleetako euri urak saneamenduko sarera isurtzen dira. Horrek arazoak sortzen ditu, batetik, Urdiaingo araztegian, eta, bestetik, urbanizazioaren hegoaldean uholdeak eragiten ditu.
- Olatzagutiko Udalak jakinarazi duenez, lurraren kontribuzioaren 2024ko zerga borondatez ordaintzeko epea zabalik dago, abenduaren 12ra arte hain zuzen ere. Udalarekin ordainagiriak helbideratuta dituztenei udalak zenbatekoa azaroaren 15etik aurrera kargatuko die kontuetan, eta ordainagiria helbideratu gabe dutenek, berriz, udalaren banku kontuetan edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Kirolak,
- Areto futbola, Azken hiru partidak irabazi gabe egon eta gero (berdinketa bat eta bi porrot) denboraldiko bigarren garaipena lortu du hirugarren mailako Aralar Mendik, San Juan taldearen kontra partida estua jokatu eta gero. Partida hasi eta berehala 3-0 aurreratu ziren uhartearrak, Unax Trevejo, Eneko Cruz eta Aimar Igoa jokalariei esker, baina 3-2 hurbildu zen San Juan, berriro partidan sartuz. Aralar Mendik puntuak Uharte Arakilen gelditzea nahi zuen kosta hala kosta, eta erasoan jarraitu zuen. Aimar Igoak eta Unax Trevejok, bigarrenez, eta Mounir El Akkarik 6-2 aurreratu zuten etxeko taldea, eta nahiz eta San Juan 6-4 gerturatu, ez zen gehiagorako astirik egon eta 3 puntuak etxean geratu ziren. Hirugarren mailako liderra Garbayo Chivite Cintruenigo da (13 puntu). Aralar Mendi zazpigarren da (8 puntu). Azaroaren 16an, 18:00etan, Aralar Mendik sailkapenean hirugarren den Gazte Berriak izango du aurkari, 18:00etan, Antsoainen.
- Areto futbola, Lehen maila autonomikoan zazpigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizu Kirol taldeak Subiza Cendea de Galar hartu zuen eta goitik behera agindutako partidan 10-0 irabazi zuten arbizuarrek. Urtzi Nazabal (3), Julen Luis (3), Jokin Urzelai, Andoni Goikoetxea (2) eta Aitor Saez de Asteasu izan ziren golegileak. Altsasuk Tafallan jokatu zuen, Vulcanizados Ruiz Tafa taldearen kontra. Bi taldeek lehia bizia izan zuten, baina lehen txanpan Altsasu izan zen finago eta 24. minuturako 0-3 aurreratu ziren altsasuarrak Aritz Sevillaren (2) eta Alvaro Garciaren golei esker. Tafak ez zuen etsi eta 2-3 gerturatu zen, baina Altsasuk ez zuen arriskurik hartu nahi izan eta Asier Salgadok eta Denis Ordoñezek egindako dianei esker, azkenean 2-5 irabazi zuen Altsasuk. Lehen maila autonomiko liderra Arbizu Kirol Taldea da (16 puntu), Anaitasuna bigarrenarekin puntutara berdinduta. Altsasu seigarren postura igo da (10 puntu). Azaroaren 14an, osteguna, 20:00etan, Arbizu Kirol taldeak Universidad de Navarraren kontra jokatuko du, Iruñean. Altsasuk Gazte Berriak taldea hartuko du azaroaren 14an, osteguna, 20:30ean, Zelandin.
- Areto futbolean, Emakumezkoen lehen senior mailan Xotak Erriberan jokatu zuen, Municipal Ribaforada taldearen kontra. Hasi eta berehala Xotak agintea hartu zuen, eta garaipen sendo eta erraza lortu zuen, 0-6. Yolanda Martil (2), Alazne Garces, Estibaliz Aldaz, Nahia Moran eta Naia Lizarraga izan ziren gola sartu zuten jokalariak. Lacturale Orvina A taldeak jarraitzen du lehen senior mailako lider (21 puntu), jokatutako zazpi partidak irabazita. Xota laugarren postuan dago (10 puntu). Azaroaren 17an, 11:00etan, Xotak sailkapenean bigarren den Berriozarko Mendialdea A taldea hartuko du Atakondoa pabilioian, 11:00etan.
- Txirrindularitzan, Euskaltel Euskadi Txirrindularitza taldeak 2025eko denboraldiari begira lehendabiziko kontzentrazioa egin du egunotan Elgoibarren. Taldekide berriak elkarren artean ezagutu, lehendabiziko proba medikuak egin, argazkiak atera eta beste horrenbeste lan egiteko probestu dituzte egunok. Bestalde, Euskaltel babesle nagusiaren egoitza bisitatu dute eta zenbait txirrindulari Elgoibarko ikastetxeetan egon dira bisitan. Jorge Azanza altsasuarrak gidatzen duen taldean, Pablo Urtasun teknikari urdiaindarrak lehen pausoak eman ditu kirol zuzendari gisa, eta Iker Mintegi txirrindulariak bigarren denboraldiari ekingo dio. 2025 denboraldirako “ilusionatuta eta gogotsu” daudela nabarmendu dute. “Elgoibarren bildu gara datorren denboraldiko talde osoa. Denok elkar ezagutzeko eta prestatzen ari garen urteari forma ematen hasteko egunak dira hauek” azaldu du talde laranjak.
- Saskibaloian, Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan, seigarren jardunaldian, CBASK Narum Fisioterapiak denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen, partida lehiatuan Universidad de Navarrari 76-67 irabazi eta gero. Castillo de Gorraiz Valle de Egües taldea da liderra (12 puntu), eta CBASK Narum Fisioterapia bederatzigarren da (6 puntu). Azaroaren 17an, igandea, sailkapenean hamargarren eta arerio zuzena den Larraona Clareten kontra jokatuko du talde altsasuarrak, 12:00etan, Larraona kiroldegian. Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak Burlata taldea hartu zuen Zelandi kiroldegian. Burlatak hartu zuen aurrea, baina hasieran CBASK-ek berdintzea eta bi aldiz aurreratzea lortu zuen. Partida erditik aurrera, ordea, Burlatak aldea atera zuen markagailuan, eta alde horri ongi eutsi zion, azkenean 34-41 irabaziz. Sailkapen orokorrean, Larraona Claretek jarraitzen du lider (12 puntu) eta talde altsasuarra zortzigarren da, azkena (7 puntu). Azaroaren 16an, larunbata, CBASK Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean bosgarren den Valle de Egües A taldearen kontra jokatuko du, 20:00etan, Olaz kiroldegian.