Albisteak,
- Sakanako Mankomunitateak kudeatzailea oposizio lehiaketa bidez ordezkatzeko deialdia egin du. Kontratazioa ahalik eta arintasun handienarekin egitea bilatzen du Mank-ek. Argudiatu duenez, kudeatzailearen funtzioek duten garrantziagatik larrialdiko kasua da. Oposizio lehiaketan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea azaroaren 22ko 14:30ak arte aurkez daitezke. Mank-ek jakinarazi duenez, lan poltsa sortuko du hautapen prozesua gainditzen duten izangaiekin, puntuazio ordenari zorrotz jarraituz, eta indarrean izanen da 5 urtez edo beste deialdi bat egin bitartean. Deialdiari buruzko informazio guztia sakana-mank.eus webgunean dago.
- Irurtzungo Udalak jakinarazi du lurraldearen gaineko kontribuzioaren kuotak kobratzen hasiko dela, zehazki aurtengo bigarren epeari dagozkiona. Udal ordainketak helbideratuta dituztenei kontu korrontean kargatuko die udalak zerga. Ordainketak helbideratu ez duten pertsonek udaletxean txartelarekin ordaindu beharko dute, edo banku-transferentzia erabiliz. Zerga borondatez ordaintzeko epea aurtengo abenduaren 4an bukatuko da. Udalak herritarrei jakinarazpena bidali die etxera. Eta eskatu die zergagaien zerrenda eta banku kontuaren zenbakia begiratzeko. Okerrik balego, atzemandako okerren berri eman udalaren bulegoetan eman dezakete epea bukatu baino bost egun lehenagora arte. Borondatez ordaintzeko epea bukatuta, ordaindu ez dutenen diru bilketa premiamendu bidez egingo du udalak. Eta, ondorioz, legeak ezarritako errekarguak ezarriko dizkio.
- Olatzagutiko Udalak jakinarazi duenez, herri larreen aldi baterako kudeaketa emateko prozedura hasi du. Udalak larre horiek zuzeneko auzo-esleipenaren modalitatean esleituko ditu. Interesa duenak udaletxean aurkeztu beharko du eskaera. Horretarako azaroaren 26ra arteko epea izanen da.
Kirolak,
- Gimnasia erritmikoan, Larunbatean Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatu zen Mendillorrin. Bertan oinarrizko banakako Espainiako Koparako sailkapena, eta taldekako Espainiako Txapelketarako sailkapena erabaki ziren. Banakakoan, Iskiza Sakanako oinarrizko jubenil mailako bi gimnasta lehiatu ziren: Nagore Erdozia eta Ane Iturrioz. Biak sokarekin aritu ziren. Jubeniletan lehenengo bostek Espainiako Koparako sailkatzea lortzen zuten, eta Iskizako bi gimnastek kopako txartela eskuan dute, Ane Iturrioz hirugarren eta Nagore Erdozia laugarren izan zirelako. "Oso txapelketa berezia izan zen. Helburua bete baino gehiago egin genuen, orain arteko egindako lanaz disfrutatzeaz gain, Espainiako Koparako sailkapena lortu baikenuen" azaldu du Iskiza Sakanako koordinatzaile Olaia Agirrek. "Lanean jarraitzeko gogoekin bueltatu ginen, eta argi dugu: Espainiako Kopan gure mailarik altuena erakusteko helburuarekin segituko dugu lanean". Bestalde, Irune Argüelles olaztiarra (Buztintxuri) jubenilen mailako txapelduna izan zen, Espainiako Koparako sailkatuz. Jubenilen lehenengo bost postuetatik hiru gimnasta sakandarrek lortu zituzten. Espainiako Banakako kopa eta Espainiako Taldekako Txapelketa Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko dira, abenduaren 10etik 15era. Iskizakoen txanda abenduaren 10ean izango da.
- Pilotan, Joanes Bakaikoak Iker Larrazabal izango du aurkari larunbatean, Labriten, Lau eta Erdiko B Serieko finalean. Lehia gogorra espero da. Bakaikoak Lau eta Erdiko bi txapel ditu (2018 eta 2021) eta Larrazabal aurtengo Buruz Buruko eta Binakako txapelduna da. Finalera sailkatzeagatik "oso pozik" dago Bakaikoa. "Kostatu zait, eskuekin arazoak izan ditudalako eta sufritu dudalako. Finalerdian Muruaren kontra txapelketako partida onena egin nuen. Kantxan aske ikusi nuen nire burua, beldurrik gabe. Horrela jokatu beharko dut finalean irabazi nahi badut".
Larrazabal "pilotari osoa" dela uste du. "Agian nik kaiolan esperientzia gehiago dut, baina Larrazabalek sekulako gorakada egin du. Urteko hiru finaletara iritsi da, eta horrek asko esan nahi du. Bera deseroso ibiltzea komeni zait; aginte makila hartu, eta erasoan ibiltzea". Labriten jokatzea "zoragarria da, betirako geratuko den oroitzapena. Hirugarren txapela lortzea ikaragarria litzateke, baina finalean egotea bakarrik, dagoeneko gauza handia da". Finalean dena emango duela argi du. "Hasieran erronka handia zen finalean egotea, eta orain beste erronka handi bat da txapelketa irabazten saiatzea. Gauzak ongi egiten baditut nire aukerak izan ditzaket. Beraz, gauzak ongi egiten eta nire maila ematen saiatuko naiz”. - Mendian, Pasang Tembaren 1980ko maiatzaren 14ko irudia, Everest gailurrean eta ikurriña eta energia nuklearraren aurkako bandera eskuan, gure mendi klub gehienetan dago zintzilik, euskal mendizaletasunaren ikurra baita: Euskal Espedizioak lehenengoz lortu baitzuen zortzimilakoa egitea. Martin Zabaleta eta Pasang Temba izan ziren espedizio hartatik Everesteko gailurrera iritsi ziren bakarrak (8.848 m). Egunotan Pasang Temba, beste bi sherpez lagunduta, Euskal Herrian dago. Federacion Vasco Navarra de Alpinismoren (FVNA) mendeurreneko ekitaldien barruan. Ostiralean Altsasun geldialdia egin zuen, Aurrio Trepalari Taldeak antolatu, eta Dantzaleku Sakanak, Katealdek eta Zitekek babestutako ekitaldian. Sakanako mendizaleek pioletekin eta banderekin osatutako pasilloan egin zieten ongietorria Pasang Tembari eta bere bi laguntzaileei. Hunkituta azaldu ziren guztiak, eta Tembak musu bana eman zien guztiei. Haizea Ramirez de Aldak eta Unai Razkinek Himalaiara joan zirenean Pasang Tembaren etxean egon zirela gogoratu zuten, eta sherpa gustura agurtu zuten. Berotasuna eskertu: Ekitaldia solidarioa zela gogoratu zuten antolatzaileek, "Pasang Tembaren egoera ekonomiko zaila laguntzera bideratua". Horretarako, ekarpenak jasotzeko mahaia jarri zuten. Tembak "Euskal Herrian eta Altsasun egoteagatik oso pozik zegoela azaldu zuen, eta gerturatutakoei eskerrak eman zizkien, harreragatik eta berarekin izandako berotasunarengatik". Itziar eta Erkuden Floresen kantuari jarraiki, aurresku berezia dantzatu zieten Olatz Galartza eta Lexuri Urteaga dantzariek. 1974 urtean Tximist euskal espedizioa Everest igotzen saiatu zen, baina 6 urteko prestakuntza bertan behera geratu zen, eguraldi txarrarengatik. Temba 1972an hasi zen sherpa lanetan. Ezin izan zuen Tximist espedizioan parte hartu Manaslun zegoelako. 1980.ean Euskal Espedizioak Everestera igotzeko lizentzia eskuratu zuen, eta Tembak ez zuen huts egin. "Oso eskertuta nago beti espedizio horretan parte hartu izanagatik. Euskal mendizaleek material asko utzi ziguten, guk gero sarritan erabili izan genuena". Euren lana espedizioaren logistika eta materiala antolatzea izan zela gogoratu zuen Tembak. "Denbora asko eman genuen materiala oinarrizko kanpamendura eramaten. 1.200 zamaketari aritu ginen lanean" nabarmendu zuen. Beste garai batzuk ziren, eta materialak askoz ere pisuagoak ziren. 10 tona ziren guztira. Elur jauziak, eskailerak eta beste: 1980ko Everesteko espedizioko xehetasunez aritu zen Temba. Oinarrizko kanpamendutik gora, Khumbu glaziarrean eta kaskadan ibilbidea aseguratzen, soka finkoa eta bestelakoak jartzen denbora asko eman behar izan zutela gogoratu zuen. Inguruan elur jauzi asko izaten zirenez, sarritan jarritako azpiegitura hori konpondu edo berritu behar izaten zuten. Orduan ez zeuden egungo eguraldi iragarpenak, eta "senari" segitzen zioten. "Goizean hodei gorrixkak bazeuden, Khumbu kaskadara joatea ez zen aukera aproposa". Lehen eta bigarren kanpamenduen artean ez zegoen desnibel handia, "baina arrakala handiak zeuden. Eskailerekin aluminiozko zubiak egiten genituen. Kontu handiz ibili behar zen". Hurrengo kanpamenduetaraino horrela joan ziren, beharrezko azpiegiturak jartzen. Hego gailurretik: Igoera saiakera hegoaldeko mendi-lepotik egin zuten. "Oso gune zaila da, gatazkatsua". Espedizio guztitik, soilik Martin Zabaleta eta Pasang Temba izan ziren gai aurrera egin eta gailurrera iristeko. Elur kopuru handia gainditu behar izan zuten. Maiatzaren 14ko 3:35ak ziren. "Martin naiz, ailatu gea. Gora Euskadi askatuta, Gora Euskadi antinuklearra! Cambio" hitz mitikoak entzuteko aukera izan zen proiekzioan. 15 minutu inguru egon ziren gailurrean. Jaitsiera, latza: Jaitsieran hasi ziren arazoak. "Elur asko zegoen, eta arrastoa irekitzen ibili behar izan genuen uneoro". Gainera, oxigenoa bukatu zitzaien, baita bateriak ere, eta ahultzen hasi ziren. Hillary eskaileratik argirik gabe pasa behar izan zuten, eta nola edo ahala hego gailurrera iritsi ziren. Han pasatu zuten gaua, ez urik, ez janaririk gabe. "Bateriak besapean sartu genituen, berotzeko. 5:00ak aldera bateria probatu eta funtzionatzen zuen" nabarmendu zuen. Taldekideekin kontaktatu eta laguntza eskatu zuten. Sherpa bat bidali zuten, ur eta te bero pixka batekin, eta, gutxika, jaisten hasi, eta behean taldekideekin ospatu zuten lorpena. "Oso hunkigarria izan zen". Koadroaren balioa handitu da: Altsasuko Mendigoizaleen egoitzan toki berezia du 1980ko Everesteko Euskal Espedizioaren koadroak. Hemendik aurrera, balio handiagoa du, Pasang Tembaren sinadura baitu. "Orain bereziagoa izango da guretzat" diote klubetik.