Albisteak,
- Nafarroako Elikagai Bankuak jaki bilketa antolatu du azaroaren 22 eta 23rako. Erakunde horrek jasotako jakiak Nafarroan premia handien duten pertsonen artean banatzen dituzte. Joan zen urtean, guztira 25.551 nafarrek jaso zuten erakundearen laguntza. Elikagai bankuak 3.640 tona banatu zituen. Udaberrian eta udazkenean jaki bilketa handi bana egiten ditu erakundeak. Azarokorako boluntarioak behar ditu. Bilketan parte hartu nahi duenak bancoalimentosnavarra.org webgunearen bidez egin dezake. Horretaz aparte, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bilketan boluntario gisa aritzeko deia egin du. Hala egin nahi duenak 678 917 110 telefono zenbakira whatsapp mezua bidal dezake.
- Donostiako seminarioko eta Iruñeko seminarioko eta misiolarien seminarioko apaizgai, prestatzaile eta errektoreak Erromara joan ziren Frantzisko Aita Santuarekin, topaketa bat izateko. Iruñeko apaizgaien artean dago Andoni Gastaminza Gorriti apaizgai ubertearra. Fernando Prado Donostiako Gotzaina eta Iruñea eta Tuterako artzapezpiku Florencio Rosello lagunduta joan ziren. Aita Santuak, Iruñea eta Tuterako Elizbarruti osoaren izenean sanferminetako zapi bat eta sainduaren irudi bat jaso zituen opari gisa.
- Lakuntzar ugari elkartu ziren kultur etxean larunbatean. Lakuntzako Pertza elkartearen historiaren ingurua egiten ari diren dokumentalaren zati bat ikusteko aukera izan zuten, hain zuzen bazkide sortzaileen lekukotasunak jasotzen dituena. Ikus-entzunezkoaren ondoren bizirik dauden sei bazkide sortzaileak eta hilda dauden hemezortzi bazkide sortzaileen senideak oholtzara deitu zituzten. Guztiek elkartean dagoen koadroaren erreplika jaso zuten. Hartan odolkiz betetako pertzaren inguruan 24 sortzaileen izenak eta argazkiak daude. Koadroa duela 50 urte baino gehiago ein zuen Jose Miguel Floresek, Jimik. Miguel Indurainekin ere oparia bera jaso zuen, Lakuntzako Pertzako ohorezko bazkidea baita 1991tik, bere bost tourretako lehena irabazi zuenetik. Ondoren auzatea eta poteoa izan zen, Lakuntza Kantuzen-ekin batera. Elkartean 223 pertsona eseri ziren mahaiaren bueltan bazkaltzera. Handik jaso eta frontoian Puro Relajo taldearen eta Boletus Rumberus dj-rekin nahi beste dantza egiteko aukera izan zuten.
Kirolak,
- Joanes Bakaikoa Satrustegik palmaresa handitu du. Orain arte 2018ko eta 2021eko Lau eta Erdiko Promozioko txapelak eta 2022ko Buruz Buruko txapela zituen, eta azaroaren 9an beste txapela bat gehitu zuen: 2024ko Lau eta Erdiko B Serieko txapela. Aurrelari etxarriarrak txapelketa ikusgarria egin du, eta Iker Larrazabalen kontrako final estu eta gogorrean ez zuen huts egin. Bere ofizioari eta eskarmentuari esker, ongi eutsi, eta 22-16 gailendu zitzaion Amurrioko aurrelariari, merezimendu osoz. Labrit beteta eta giroa ederra zela ekin zitzaion B Serieko Lau eta Erdiko finalari. Dirua parean atera zen, eta bi pilotariak dena ematera atera ziren. Hasieran parez pare ibili ziren biak, eta parekotasuna izan zen nagusi. Lautan berdindu zuten, azken aldia hamarrera. Hurrengo tantoa Larrazabalena izan zen, 10-11, baina hori izan zen arabarra aurreratu zen azken aldia, segidan Bakaikoak bi tanto egin zituelako, lehen atsedenaldira 12-11ko errentarekin iritsiz. Larrazabalek sakez hiru falta egin zituen. Aldiz, Bakaikoak sakez hiru tanto egin zituen jarraian 12-11ko atsedenaldiaren ondoren, eta 15-11 aurreratu zen. Hortik aurrera lortutako aldea ezin hobe kudeatu zuen etxarriarrak, bere ofizio eta eskarmentuari esker. Eta Larrazabalen huts nabarmenengatik baita ere, azken txanpan arabarrak errematean ez baitzuen asmatu, zenbait akats pilatuz. Hala ere 17-16 hurbildu zen Larrazabal, baina hortik aurrera Bakaikoak ez zion aukera gehiago eman eta zuzenean joan zen 22ra, merezitako garaipena eta txapela lortuz, kaiolako hirugarrena. Pozez zoratzen zegoen etxarriarra. Finalean “oso urduri” zegoela aitortu zuen. “Final batean urduritasuna beti izaten da, baina kudeatzen jakin behar da. Nik uste Ikerrendako Lau eta Erdikoa dela deserosoen aritzen den modalitatea. Nik asko sufritu dut eta kosta egin zait, baina opari gutxiago egin ditut”. Txapela lortuta “oso pozik” zegoela azaldu zuen, eta titulua lortzeak zuen “garrantziaz” jabetzen zela. Larrazabalek aurtengo Binakakoa eta Buruz Burukoa lortu zituen, baina Lau eta Erdiko finala galduta, koroa hirukoitza lortzeke geratu zen.
- Osasuna Magna Xotak Jimbee Cartagena talde indartsua hartu zuen Anaitasunan. Miguel Hernandezen taldeak ongi jokatu zuen, eta ongi hasi zuen partida, 16. segundoan Dani Saldisek Korsuni pase ederra egin eta hark Chemi erregateatu eta gola sartu baitzuen. 1-0. Hortik aurrera erasora pasa zen Jimbee Cartagena. Xotako atezain Asier Llamas izan zen protagonista, geldialdi bikainak egin zituelako. Xota ere erasoan aritu zen. Bigarren zatia hasi eta berehala bana berdindu zuen Jimbee Cartagenak. Xotak ongi defendatzen jarraitu zuen, eta kontraerasoekin saiatu zen. Tonik aukera paregabeak izan zituen, baina baloia ez zen sartu. Bi taldeek gol aukerak sortu zituzten, eta eromen horretan eta galdutako baloi bat probestuz, bigarrena sartu zuen Cartagenak. Anaitasunako zaleen animoa lagun, Xotak ez zuen behera egin eta lanean jarraitu zuen. Jimbee Cartagenak bosgarren falta egin zuen, penalti bikoitza, eta horri esker Ligeirok bina berdintzea lortu zuen. Minutu bat geratzen zen partida bukatzeko eta Dani Saldise garaipena lortzear egon zen, baina baloiak zurtoina jo zuen. Binako berdinketak, nolanahi ere, garaipen zaporea izan zuen eta Xotak pozik bukatu zuen lehia, puntu baliotsua lortuta. “Puntu garrantzitsua da, konfiantza ematen duten horietakoa. Etxean beti plusa ematen du taldeak, eta plus hori kanpoan eman beharra dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandezek. Sei jardunaldi jokatuta, lehen mailako liderra Movistar Inter da (18 puntu). Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (7 puntu). Azaroaren 19an, asteartea, zazpigarren jardunaldia jokatuko da. Pescados Ruben Burelaren kontra jokatuko du talde irurtzundarrak, 21:30ean, Galizian.