Albisteak,
- Altsasuko Udalak Ondarria industrialderen parean, Burunda ibaian, 20 metroko luzera duen harri lubeta bat egin du. Eta horrekin batera, B kaleko ibai aldeko espaloiaren zati baten zoladura berritu du, zehazki, 420 metro. Espaloia berritzeko lanak erabili dira sareetarako kanalizazioak sartzeko, etorkizunean erabili ahal izateko. Lanak Lakita, S
- Sakanako DYAren Altsasuko bajeran joan den astean jasotakoa Valentziarako bidean da. Hiru egunetan bildutako produktuekin hiru furgoneta bete dituzte. Aurretik beste bederatzi furgoneta eta kamioi bat ere joan ziren produktuz beteta. Orduan bezala, orain ere, Sakanako boluntarioak Valentzian bizi den Patxi Perez Baenarekin harremanetan jarri dira, produktuak zuzenean herritarrei banatu ahal izateko.
- EH Bilduk AHTren zundaketak bertan behera uzteko eskatu du. Sakanako, Lautadako eta Goierriko EH Bilduko ordezkariek egin dute eskaera. Prentsaurrekoan hitza hartu zuenetako bat Oihana Olaberria Jaka Arakilgo alkatea izan zen.
Kirolak,
- Futbolean, Asteburuan Elomendiko Futbol Txapelketako zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Aurreko jardunaldian estropezu egin zuen Zalduak, baina erreakzio ikusgarria izan du talde arakildarrak, azken jardunaldian Modernillori 11-1 irabazi baitzion. Bar Olmok jarraitzen du lider (22 puntu) eta Zaldua Arakil bigarren postura igo da (20 puntu). Eta hain zuzen ere sailkapeneko buruan dauden bi taldeak lidergoa dute jokoan, Bar Olmok eta Zalduak asteburuan Larrabiden jokatuko baitute.
- Futbolean, Emakumezkoen Preferente mailan Altsasuk Peña Sport taldea hartu zuen Dantzalekun. Bi taldeek partida oso borrokatua eskaini zuten. Peña Sportekoak izan ziren 25. minutuan aurreratu zirenak, Nerea Martinezek sartutako golari esker, baina berehala Ane Vegasek bana berdindu zuen. Aurreko patroia errepikatu zen, atzera ere Nerea Martinezek bigarrenez Peña Sport aurreratu zuelako, 1-2. Altsasuarrak saiatu ziren, eta, azkenean, bigarren zatian Ainhoa Agirrek bina berdintzea lortu zuten. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina puntu banaketarekin despeditu zen lehia, 2-2. Altsasuk jarraitzen du Preferente mailako lider (19 puntu), baina puntu batera Gazte Berriak taldea du zelatan (18 puntu). Hain zuzen ere, bi taldeek lidergoa izango dute jokoan, azaroaren 24an, 18:00etan, Altsasuk Gazte Berriak taldea izango baitu arerio, Antsoainen. Ea altsasuarrek lehen postuari eusten dioten.
- Futbolean, Altsasu liderrak San Jorge izan zuen aurkari Sanduzelain. Sailkapeneko lehen bi taldeen arteko partida espero bezain borrokatua izan zen. Partida ongi hasi zen altsasuarrendako, Unai Calvok 9. minuturako markagailua mustu zuelako. San Jorgek ez zuen etsi eta 32. minutuan bana berdindu zuen, baina atzera ere Altsasuk aurreratzea lortu zuen, Asier Claverrek 1-2koa ezarri eta gero. Atsedenaldia baino lehen bina berdindu zuen San Jorgek eta partida zabal-zabalik utzi zuen. Bigarren zatian lehia biziak jarraitu zuen. Kasu honetan, San Jorge izan zen 3-2 aurreratu zena, baina liderrak lanean segi zuen eta 68. minutuan Unai Calvok hirunako berdinketaren gola sartu zuen eta 80. minutuan Javier Guisadok garaipenaren gola: 3-4. Etxarri Aranatzek Soto Lezkairun jokatu zuen Mendillorriren kontra. Partida polita jokatu zuten bi taldeek, baina Etxarri Aranatzek ez zion Mendillorriri aukerarik eman eta 0-3 gailendu zen, Jon Erdoziak, Aimar Lizarragak eta Xabat Goikoetxeak sartutako golei esker. Etxarri Aranatz izan zen nagusi, alde guztietara. Lagun Arteak Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra. Lehen zatia borrokatua izan zen, baina golik gabe despeditu zen. Bigarrenean, aldiz, 65. minutuan Borja Ganboak Lagun Artea aurreratu zuen. Aurrera berdintzen saiatu zen, eta Lagun Artea errenta handitzen, baina azkenean ez zen gol gehiagorik egon eta 0-1, Lakuntzako taldearen garaipenarekin despeditu zen partida. Gauzak horrela, Altsasuk jarraitzen du erregional mailako lider (27 puntu), San Jorge 5 puntura duela (22 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (21 puntu) eta Lagun Artea zortzigarren (15 puntu). Hiru talde sakandarrek etxean jokatuko dute hamargarren jardunaldian, azaroaren 23an, larunbatarekin. 16:30ean Altsasuk sailkapenean laugarren den Berriozar hartuko du Dantzalekun, 15:45ean Etxarri Aranatzek sailkapenean hamahirugarren den Leitzako Aurrera San Donaton, eta 16:00etan Lagun Arteak sailkapenean hamaikagarren den Beti Onak B taldea Zelai Berrin.
- Pilotan, Azaroaren 20an, asteazkenarekin, Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko Txapelketa-Guillermo Mazo Memorialeko final laurdenak jokatuko dira Lekunberrin. Tamalez, ez da Sakanako pilota klubetako ordezkaririk izango. Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko final laurdenak, azaroaren 20an, 18:00etan, Lekunberrin: Nazabal (Larraun) / Gomez (Ardoi), Perez (Ardoi) / Okiñena (Ultzama), Zabaleta (San Francisco Javier) / Santesteban (Beti Onak), Rekalde (Oberena) / Aldaz (Ultzama).