Albisteak,
- Trenbideetako azpiegituren kudeaketaz arduratzen den Adif enpresak Caparroso, Artederreta (Untzue) eta Uharte Arakil geltokietan dauden tren bazterbideak 750 metrora arte luzatu nahi ditu. Hiru geltokietako lanak emateko deialdia egin Adifek. Hiru bazterbideak egiteko lanek 19.749.591,61 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute. Obrak 2025ean hasi eta 2026an despedituko beharko ditu eraikuntza enpresak. Uharte Arakilgo tren geltokiko bazterbideak 610 bat metro ditu eta 750 metrora arte luzatuko dute. Bazterbidea Geltoki kaleko 12. zenbakiaren parean hasiko da, autobia gaineko zubiaren azpitik pasa eta 200 bat metro gehiago hartuko ditu Arruazu aldera. Zubiaur dermioan bukatuko da.
- Arbizuko Udalak jakinarazi du dirulaguntza deialdia egin duela. Haren bidez, alde batetik, herriko kirol taldeen aurtengo jarduna lagundu nahi du. Bestetik, 2024an herrian egin diren kirol ekitaldien antolatzaileak ere lagunduko ditu. Laguntza eskatzeko eskabideak udaletxean aurkeztu beharko dira abenduaren 15erako, 09:30etik 14:00etara. Udalak ohartarazi du eskabidea behar bezala betetzeko eskaera eta balorazio orriak betetzea derrigorrezkoa dela.
- Altsasuko Udalerako kale-garbiketarako ekortzeko makina erosi du. Deialdia egin eta bi enpresek aurkeztu zuten eskaintza. Deialdiko epaimahaiak haiek aztertu ondoren Bobinados Labrit SM enpresaren alde egin du. Udalak kale garbiketarako makina berriagatik 82.038 euro (BEZ barne) ordaindu ditu. Behin kontratua emanda, enpresak 90 egun izanen ditu makina udalari emateko.
Kirolak,
Areto Futbolean,
- Lehen mailako ligako zazpigarren jardunaldia jokatzen ari da egunotan. Azaroaren 19an Osasuna Magna Xotak Pescados Ruben Burela taldearen kontra jokatu zuen Lugon, eta talde irurtzundarrak etxetik kanpo hobeki aritu behar duela argi geratu zen berriz, Burela baino gol aukera gehiago eta hobeagoak izan baitzituzten, baina ez zuten asmatu. Horrela, Xotak etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du, eta 2-0 galduta itzuli zen Galiziatik. Ongi hasi ziren Miguel Hernandezen mutilak, eta behin eta berriz iritsi ziren Burelako atera. Baina, ezin. Baloia ez zen sartzen. Burelako atezaina, Kaluza, bikain aritu zen, eta Tony Escribanok, Dani Saldisek, Pachuk, Korsunek eta Roberto Martilek egindako jaurtiketak ez ziren sartu. Gutxika, Burela Xotaren atera iristen hasi zen, eta 14. minutuan Malagutik zelai erdian lapurtutako baloi batekin aurrera egin, eta Asier Llamas gainditu zuen, Burela 1-0 aurreratuz. Xotak erasoan jarraitu zuen, baina Burelak ongi defendatu zuen. Partidak hala jarraitu zuen, bukaera aldera, 36. minutuan, eta Xotaren beste akats bat probestuta, Burelak bigarren gola sartu arte. Berdeak saiatu ziren, baina ezin izan zioten markagailuari buelta eman, Kaluza atezainaren lan bikainagatik, hein handi batean. Lehen mailako ligako zazpigarren jardunaldia bukatu gabe dago, baina momentuz El Pozo Murcia jarri da lider (19 puntu). Osasuna Magna Xota bederatzigarren postuan dago (7 puntu). Zortzigarren jardunaldian, Osasuna Magna Xotak sailkapenean hamalaugarren den Wanapix AD Sala taldea hartuko du azaroaren 22an, ostirala, 21:00etan, Anaitasunan.
- Hirugarren mailan, Aralar Mendik Antsoainen jokatu zuen, Gazte Berriaken kontra. Partida ongi hasi zen uharte arakildarrendako, lehen minutuan Jon Iribarrenek gola sartu zuelako. Tamalez, gutxi iraun zuen pozak, Gazte Berriakek zuen guztiarekin erantzun baitzuen, eta ia konturatu gabe 3-1 eman zioten buelta markagailuari. Bigarren zatian Antsoaingoen nagusitasunak jarraitu zuen, eta beste bi gol sartuta, 5-1 gailendu ziren. Garbayo Chivite Cintruenigo taldea da hirugarren mailako liderra (16 puntu) puntu batera Ribera de Navarra duela (15 puntu). Aralar Mendi zortzigarren da (8 puntu). Azaroaren 23an, 18:00etan, Aralar Mendik sailkapenean bederatzigarren eta arerio zuzena duen Ardoi taldea hartuko du Uharte Arakilgo frontoian.
- Arbizu Kirol Taldea liderrak Universidad de Navarra taldea izan zuen aurkari OPUS-eko egoitzan. Lehen minutuan Urtzi Nazabalek sartutako golari esker aurreratu zen Arbizu. Universidad de Navarrak bana berdindu eta 2-1 aurreratu zen, baina Arbizuk primeran erantzun zuen eta Urtzi Nazabalen hiru golekin 2-4 jarri zen aurretik. Yosu Reparazek Arbizuren bosgarrena sartu zuen, eta Julen Luisek seigarrena. 2-6 irabazita, pozik itzuli ziren Arbizura. Bestalde, Altsasuk Antsoaingo Gazte Berriak taldea hartu zuen Zelandin. Altsasu hasieratik nagusi izan zen, eta 24. minuturako 4-0 aurreratu zen Asier Salgado (2) eta Jonathan Medinari (2) esker. Azken unean Gazte Berriakek 2 gol sartu zituen, baina ez zuen aukera gehiagorik izan eta Altsasuk 4-2 irabazi zuen partida. Arbizu Kirol Taldeak jarraitzen du lider (19 puntu), 2 puntura Anaitasuna duela (17 puntu). Altsasu bosgarren da (13 puntu). Azaroaren 22an, 19:30ean Arbizu Kirol Taldeak sailkapenean zortzigarren den Ribera de Navarra hartuko du Arbizun. Altsasuk, aldiz, azaroaren 23an sailkapenean bigarren den Anaitasunaren kontra jokatuko du Iruñean, 18:30ean.
- Emakumezkoen Lehen Senior mailan Xotak sailkapenean bigarren den Berriozarko Mendialdea taldea hartu zuen Atakondoan. Partida oso lehiatua izan zen, baina Mendialdeak hobeki probestu zituen aukerak eta 13. minuturako 0-3 aurreratu zen. 14. minutuan Alazne Garcesek Xotaren lehen gola sartu zuen, baina nahiz eta behin eta berriz saiatu, irurtzundarrek ezin izan zuten Berriozarko murrua gainditu eta 1-3 galduta bukatu zen partida. Lacturale Orvinak jarraitzen du lider sendo (24 puntu), 6 puntura Mendialdea taldea duela (18 puntu). Xota laugarren da (10 puntu). Hain zuzen ere azaroaren 23an, 18:30ean, Xotak Lacturale Orvina liderraren kontra jokatuko du Ezkaba kiroldegian.