azaroak 21

Guaixe Irratia 2024ko aza. 21a, 11:24

Albisteak,

  • Uharte Arakilgo Udalak Itxesi kaleko ur hornidura sarea berritu nahi du, mikrozementuzko hodia ordezkatzeko. Horrekin batera, Itxesi eta Errekabitarte kaleko sareak banatzeko lanak egin nahi ditu. Aurreikuspenen arabera lanok 413.313,47 euroko (BEZik gabe) inbertsioa eskatuko diote udalari. Horiek finantzatzeko udalak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza izanen du. Lanak nola egin behar diren zehazteko aurretik proiektua idatzi beharra dago, eta udalak horretara 15.730 euro bideratzea erabaki zuen agorrilaren 1eko udal bilkuran. 
  • Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 1.099.157,23 euroko urte anitzeko gastu konpromiso hartzea erabaki du. Dirulaguntza hori Nasuvinsa sozietate publikoari emanen dio, erdia, 549.578,62 euro, aurten eta beste erdia 2026an. Diru horrekin Altsasuko Kaltzada kalean alokairuko babes ofizialeko 21 etxebizitza eraikiko dira. . Eraikinak 1.602,4 metro karratu erabilgarri izanen ditu guztira (etxebizitzen gehieneko salmenta-prezioa 3.140.449,22 eurokoa da, eranskinik gabe).
  • "Lurraren aldarria" lelopean  IX. Alimenta Navarra Sariak Tuteran banatu ziren asteartean. Navarra Capitalek eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Klusterrak antolatutako sariketa horretan Nazioartekotze mailako saria eskuratu zuen Quesos Albeniz enpresak. Epaimahaiak bost kontinentetan eta berrogeita hamar herrialde baino gehiagotan egotea goraipatu zuen, “berrikuntzan eta malgutasunean oinarritutako kudeaketaren barruan”. 

Kiroletan,

  • Saskibaloian, Nafarroako Gobernuak Kirol Merezimenduaren Urrezko Domina Carmen Rubio Larrion arku-tiratzaileari emango dio, “arkulari gisa duen ibilbide nabarmen eta distiratsuarengatik”. Halaber, 25 Zilarrezko Domina banatuko dizkie 25 pertsonari, kirol munduan eta jarduera fisiko eta kirol arlokoetan egin duten ekarpenarengatik. Domina jasoko dutenen artean Fermin Herrero Palomo altsasuarra dago. CBASK eta bestelako saskibaloi taldeetan eta baita Nafarroako Saskibaloi Federazioko zenbait selekzioetan entrenatzaile izateagatik eta 35 urte baino gehiago saskibaloia sustatzeagatik jasoko du Zilarrezko Domina. Sari emate ekitaldia azaroaren 27an, 17:00etan izanen da, Nafarroako Jauregian, Nafarroaren Egunaren harira antolatutako ekitaldien barruan. 
  • Areto Futbolean, Osasuna Futsal F. taldea Xotaren egituran sartu da aurten. Emakumezkoen bigarren mailan jokatzen du taldeak, eta Erreginaren Kopan murgilduko da. Hain zuzen ere, lehen mailako liderra, Futsi Atletico Navalcarnero taldea izango du aurkari kopan. Partida azaroaren 26an jokatuko da Irurtzungo Atakondoa kiroldegian, 20:00etan. 
  • Aizkoran, Azaroaren 17an Euskadiko Bigarren mailako Aizkolarien Txapelketako finala jokatu zen Azkoitian. Txapelduna Mikel Larrañaga (18:46) izan zen, Eneko Otañoren aurretik (19:23). Biek lehen mailara igotzea lortu zuten. Iban Resano dorrobarra bosgarren sailkatu zen (26:24), azken aurrekoa. Eloi Kortxerok, aldiz, Urrezko Aizkolari Kopako kanporaketa jokatu zuen egun berean Igorren, eta kopan aurrera egitea lortu zuen, Oier Kañamaresekin eta Joseba Otaegirekin batera. 
  • Saskibaloian, Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan, zazpigarren jardunaldian, CBASK Narum Fisioterapiak denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuen, animorako balio izugarria duena, partida oso lehiatuan Larraona Claret arerio zuzenari irabazi eta gero. Partida borrokatuan, talde altsasuarra aurreratu zen, baina gero Larraona Claretek berdindu zuen –partidan lau aldiz egon ziren berdinduta–, tarte bat ere atera zion CBASK-i, baina partida erditik aurrera talde altsasuarrak aginte makila hartu, markagailuan aurreratu eta bukaeraraino errenta mantentzea lortu zuen, 53-58 irabazita. Unai Floresek 19 puntu egin zituen. Sailkapenean, lider berria du bigarren maila autonomikoak, Nasabi San Ignacio (13 puntu), orain arte lider zen Castillo de Gorraiz Valle de Egues gertu duela (12 puntu). CBASK Narum Fisioterapia zazpigarren postura igo da (10 puntu). Azaroaren 23an, larunbata, CBASK Narum Fisioterapiak Gazte Berriak Bar Soto taldea hartuko du Zelandin, 17:50ean. CBASK Gorriz Tattoos, garaipen ederra. Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Gorriz Tattoos taldeak Valle de Egües A taldearen kontra jokatu zuen Olaz kiroldegian. Emozio handiko partida estua izan zen. Altsasu aurreratuta joan zen partida ia osoan, baina Valle de Egües gertu zuela. Azken minutuak erotzeko modukoak izan ziren, Valle de Egüesek Altsasu bitan gainditu baitzuen eta berdinketa nagusi zelako, baina azken saskiratzeak CBASK-en aldera erori ziren eta 2 punturengatik gailendu zen Altsasu, 51-53, animorako eragin handia duen garaipena lortuaz. Edurne Ormazabalek 27 puntu eskuratu zituen, ikusgarria. Sailkapen orokorrean, Larraona Claretek jarraitzen du lider (13 puntu) eta talde altsasuarrak hiru postu egin ditu gora eta bosgarren da (9 puntu). Azaroaren 23an, larunbata, CBASK Gorriz Tattoos taldeak sailkapenean zortzigarren den Navarro Villoslada A taldea hartuko du Zelandin, 16:00etan. 
  • Pilotan, Azaroaren 20an Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko Txapelketa-Guillermo Mazo Memorialeko final laurdenak jokatu ziren Lekunberrin. Tamalez, ez zen Sakanako pilota klubetako ordezkaririk izan. Nazabalek, Okiñenak, Zabaletak eta Rekaldek jokatuko dituzte finalerdiak. Nafarroako Gazteen Lau eta Erdiko final laurdenetako emaitzak: Nazabal (Larraun) 22  / Gomez (Ardoi) 05, Perez (Ardoi) 05 / Okiñena (Ultzama) 22, Zabaleta (San Francisco Javier) 22 / Santesteban (Beti Onak) 08, Rekalde (Oberena) 22 / Aldaz (Ultzama) 21.