azaroak 22

Guaixe Irratia 2024ko aza. 22a, 11:41

Kirolak,

  • Aizkolari gazte sakandarrak indartsu datoz. Azaroaren 10ean Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketa jokatu zen Arrietan. Bederatzi aizkolari lehiatu ziren guztira, tartean bi sakandar, eta hain zuzen ere bi sakandar horiek izan ziren bi onenak. Aitor Saralegi Nagore 16 urteko aizkolari irurtzundarra izan zen txapelduna, (12:59), Oier Mitxelena Mazkiaran altsasuarraren aurretik (13:50). Herri kirolari handien semeak dira Aitor Saralegi eta Oier Mitxelena. Lehena, Mieltxo Saralegi harri jasotzaile leitzarraren (329 kilo jaso zituen) eta Edurne Nagore irurtzundarraren semea da, azken hau Txomin Nagore futbolari ohiaren eta Jorge Nagore pilotari ohien arreba. Gainera, Ruben eta Eneko Saralegi aizkolari leitzarren eta Iker Vicente aizkolari handiaren lehengusua da. Aitor Saralegik aizkora eta futbola partekatzen ditu, Liga Nazionaleko Beti Onak taldean jokatzen baitu. Bere aldetik, bigarrena Bixente Mitxelena segalari handiaren eta Ainhoa Mazkiaran herri kirolariaren semea da, eta aizkoraz gain, segan ere ibili izan da.  Aitor Saralegik eta Oier Mitxelenak, Euskadiko Aizkolari Gazteen Txapelketako txapeldun eta txapeldunorde izateaz gain, bikotea osatzen dute martxan dagoen Gazteen Mailako Binakako Urrezko Aizkolarien Txapelketan. Azaroaren 3an Leitzan jokatutako jardunaldian bigarrenak sailkatu ziren (9:09), Aritz Oiarbide etxarriarraren eta Julen Urrutiaren atzetik (9:05). Hirugarren Jon Erdozia eta Jon Zaldua II.a sailkatu ziren (10:24) eta laugarren Osinalde eta Aittola (10:38).
  • Sakanako Mankomunitateak antolatutako Emakumeendako Kirol Topaketen barruan, azaroaren 10ean Haritz Zaharren Ibilbidea egitera animatu ziren hamazazpi pertsona inguru, haurrak eta helduak. Izaskun Errazkin Beltza Mank-eko euskara teknikariak zuhaitzen berezitasunen berri eman zien. Azaroaren 24an zoru pelbikoa lantzeko ariketak landuko dituzte, Lakuntzako kultur etxean, 10:30etik 13:00etara. 
  • Nafarroako Saskibaloi Federazioak Educa programaren ikastaroko lehen saioa antolatu zuen asteburuan Erriberrin. Bertan CB Olite, CB Oncineda, Peña Azagresa, CB Burlada eta CBASK Altsasu klubetako 61 jokalarik eta 12 teknikarik parte hartu zuten. Saskibaloiaz gozatu, eta kluben arteko harremanak landu zituzten.