azaroak 25

Guaixe Irratia 2024ko aza. 25a, 11:20

Albisteak,

  • Nafarroako Elikagai Bankuko boluntarioak gogoz aritu dira lanean ostiralean eta larunbatean. Sakandarrek emandako jakiez aparte, denda eta supermerkatuetako kutxetan zeuden bonoak erosiz edo bizum bidez ere diru ekarpena egin zitekeen. Bi egun horietan bankuak jasotzen duenarekin bere biltegiak denboraldi luze baterako betetzen ditu. Ondoren handik Nafarroa guztian barna banatzen dute. Joan zen urtean 25.500 nafarrek jaso zuten elikagai bankuaren bidez jatekoa. 
  • EH Bilduk Nazioa gara lelopean manifestazioa egin zuen Bilbon. Bertan makina bat jendek parte hartu zuen, baita sakandarrak ere. Koalizioak antolatutako autobusetan edo bestelako garraiobideetan joan ziren mobilizaziora. EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik akaberan esan zuenez, estatus politikoaren inguruko eztabaida zabalik dago Euskal Herriko lurralde guztietan. Hori horrela, EH Bilduk konpromisoa hartu du nazio auzia “agenda politikoaren erdian” jartzeko, eta heldu den urtean “pausoak” egiteko.  
  • EAJk barne hauteskunde prozesua despeditu du. Haren bidez herrialdeko batzorde exekutiboa, Napar Buru Batzarra (NBB), osatuko duten hamar burukide aukeratu dituzte, baita Nafarroak Aberri Batzarrean dituen hogei ordezkari (hamabost titular eta bost ordezko) eta Nafarroako Justizia Epaimahaiko bost ordezkari (hiru titular eta bi ordezko) datozen lau urteetarako. Jeltzale nafarrek Unai Hualde Iglesias, Nafarroako Parlamentuko buruzagia, Napar Buru Batzarreko presidente gisa berrautatu dute. NBBean Javier Ollo Martinez Altsasuko alkate eta parlamentaria izanen da.
  • Udazkeneko festak despeditzeko, Lizarragako jubilatuak bazkaltzera elkartuko dira gaur. Aurretik mezan izanen dira. Festak direla eta, asteburuan animazio ederra izan da Lizarragan. Traba bakarra haizeak eragindakoa izan da, argindar mozketa eragin baitzuen atzo bazkaltzeko garaian, bi orduz. 

Kirolak,

  • Futbola, Maitane Vilariño Mendinuetak argi eta garbi azaldu du bere sare sozialetan: “Ametsak egi bihurtuz!”. Hala sentitzen da Athletic-eko jokalari olaztiarra lehen mailako Athletic-ekin lehen gola sartu eta gero. Berez Athletic-en bigarren taldeko jokalaria da Vilariño, baina lehen taldearekin entrenatzen du, eta aurki debutatu zuen lehen taldean. Azaroaren 23an, lehen mailako Athletic-ek eta Madril CFF taldeak jokatutako partidan garaipenaren gola lortu zuen olaztiarrak, lehen mailako taldearekin jokatutako bere hirugarren partidan. Jakina, pozez zoratzen dago olaztiarra. “Talde nagusiarekin minutuak gehitzen joatea da asmoa, eta 3 puntuak lortzen lagundu ahal izatea eta lehen mailan golarekin debutatzea sekulakoa izan da, amets bat. Oso pozik nago” azaldu zuen. Aurreikusi moduan, Athletic eta Madril CFF taldeen arteko norgehiagoka oso estua izan zen, eta bi taldeak parez-pare ibili ziren. Errealaren kontrako derbian 1-0 galdu eta gero, garaipena lortu nahi zuen Athletic-ek. Horrela, David Aznar entrenatzaileak aldaketak egin zituen, eta Sanadri eta Maitane Vilariño berdegunera atera zituen, erasoan indar gehiago jarri eta markagailua irekitzeko asmoz. Eta hala izan zen, 75. minutuan Vilariñok gol ikusgarria sartu baitzuen boleaz, Athletic Cluben jokalari profesional gisa bere lehen gola. “Cornerrean Clarak oso ongi jarri du baloia, nik zortea izan dut alderatutako baloia jaso dudalako, eta zortea izan dut boleaz egindako jaurtiketa barruan sartu delako”. F Liga edo lehen mailako liderra Barcelona da (33 puntu). Real Sociedad laugarren da (19 puntu) eta Athletic Club bosgarren (17 puntu). Hurrengo jardunaldia abenduaren 7an jokatuko da eta Athletic-ek Levante Badalona hartuko du, 16:00etan, Lezaman. 
  • Areto Futbolean, Lehen mailako areto futboleko ligako zortzigarren jardunaldian Osasuna Magna Xotak garaipen garrantzitsua lortu zuen, Anaitasunan Wanapix AD Sala 10 taldea 5-2 mendean hartu eta gero. Xotaren indargune handienetarikoa etxean jokatzea dela argi geratu zen beste behin, baina kanpoan jokatzen dutenean indar eta gar hori ere izan behar dutela agerikoa da. Wanapix AD Sala 10 Aragoiko taldea aurreratu zen markagailuan partida hasi eta 2 minututara. Miguel Hernandezen taldea lanean hasi zen, gol aukerak sortu eta partida berdintzeko. Ligeirok urrezko aukera izan zuen, baina Wanapixeko atezainak geldialdi bikaina izan zuen, eta Asier Llamas irurtzundarrak Wanapixen bigarrena litzatekeena ekiditea lortu zuen. Ion Cerviñok aukera polita izan zuen, baina Pachu izan zen bana berdintzea lortu zuena, Ion Cerviñoren alboko sakea primeran probestuz. Bi taldeek aukera gehiago izan zituzten, tartean zurtoinean joan zen Dani Saldiseren jaurtiketa, baina banako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina Pachuk bigarren gola sartu eta 2-1 jarri zen aurretik Xota. Horrela, Wanapix Zaragozak gehiago arriskatu behar izan zuen, atezain-jokalaria figurarekin jokatuz. Baina zoramen horretan Ion Cerviño irurtzundarrak Xotaren hirugarren gola sartu zuen, eta segidan laugarrena. Wanapixek beste gol batekin erantzun zuen, 4-2, baina Ion Cerviñok bosgarrena sartzeko aukera izan zuen, ederki aprobetxatu zuena, eta 5-2 irabazita despeditu zen partida. Miguel Hernandez entrenatzaileak nabarmendu zuen taldeak “konfiantzarekin” jokatu zuela. “Ea orain etxetik kanpo berdin aritzen garen”. Ion Cerviño irurtzundarrak hiru gol sartu zituela galdeginda, poza azaldu zuen Hernandezek. “Saria da berarendako. Oso ongi ari da Cerviño, hemen jokatzearen aldeko apustua egin du eta merezi zuen”. Movistar Inter da lehen mailako liderra (21 puntu), puntu batera El Pozo Murcia duela (20 puntu). Osasuna Magna Xota bederatzigarren da (10 puntu). Hain zuzen ere talde irurtzundarrak Madrilen jokatuko du ligako bederatzigarren jardunaldia azaroaren 29an, Movistar Inter lider ahaltsuaren kontra, 21:00etan hasiko den partidan. Baina lehenago Kopako hitzordua du talde irurtzundarrak. Kopako laugarren kanporaketan Osasuna Magna Xotak bigarren mailako Cobisa FS taldea izango du aurkari azaroaren 26an, 21:00etan, Gaztela Manchako Cobisa herrian. 
  • Tenisa, Zelandiko tenis pista ezin izan da erabili urriaren hasieratik, haize bolada gogorrek pista inguratzen duen hesituran kalteak sortu zituenetik. Kalean dauden tenis pista gehienetan egiten den bezala, erabiltzaileek haizea geratzeko bi sare edo gailu jarri zituzten itxituran, bi “paraviento” delakoak, bestela haizea dagoenean ezin baita jokatu, baina Altsasuko Ferien aurretiko haizeteak bela efektua egin zuen, eta hegoaldekoa apurtzeaz gain, itxiturako zutabeetako bat makurtu zuen. Ordutik tenis pista itxita egon da, tenislarien kalterako. Tenis Rubor tenis klubak Altsasuko Institutuan ematen ditu klaseak –aurten 40 neska-mutil eta 17 heldu baino gehiago ari dira trebatzen–, eta alde horretatik trebakuntza ez da eten, baina bere kabuz tenislari asko Zelandira joaten dira jokatzera eta bertan jokatzen da ere Tenis Ruborrek antolatzen duen Tenis Rankinga. Jakina, hori guztia bertan behera geratu da urriaren hasieratik. Altsasuko alkate Javier Ollok ziurtatu duenez, aste honetan bertan egingo dira lanak. “Haizeteak bela efektua egin zuen haizea geratzeko jarri zituzten bi sare edo gailuetan, hesia apurtuz. Hori da konpondu beharrekoa, eta 2.989 euroko konponketa da. Onartuta dago, eta enpresak aste honetan bertan egingo ditu lanak” azaldu du Ollok.