azaroak 26

Guaixe Irratia 2024ko aza. 26a, 10:39

Albisteak,

  • Azaroaren 25eko mobilizazioen audioak. Sakanako mugimendu feministak deituta, Izurdiaga, Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Bakaiku eta Altsasun bilkurak egin ziren atzokoan. Mugimendu feministak aurten indarkeria matxistaren ondorioz hildako bost emakumeak gogoan izan zituen. AUDIOA. Emakume sozialisten antolakundeak, Itaiak, Altsasun mobilizazioa egin zuen eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean antolatzera eta sozialismoa eraikitzera deitu zuten. AUDIOA
  • Bestalde, Etxarri Aranazko Udaleko zenbait langile, alkatearekin eta zenbait zinegotzirekin batera, etxe handiaren, udaletxearen parean bilkura egin zuten. Horrela, udalak bat egiten du Emakumeenganako Indarkeria Sexistaren aurkako egunarekin.
  • Iturmendin Mintzakide taldea sortzeko deialdia egin dute. Halako talde bat euskara praktikatzeko sortzen da. Euskara ikasten, hizkuntza gutxi erabiltzen edo jarioa hobetu nahi duten hiruzpalua pertsona euskara gehiago dakien batekin elkartzen dira. Astean behin jartzen dute hitzordua, eta edozein gairen inguruan hizketatzen dira, euskaraz. Iturmendin Mintzakide taldea sortzeko interesa dago. Plazako kafetegian kafe kikaren bueltan elkartu nahi dute ostegunetan, 17:05ean. Taldea azaroaren 28an, ostegunean du lehen hitzordua. 

Kirolak,

  • Futbola, Elomendiko Futbol Txapelketako bederatzigarren jardunaldian Zaldua Arakilek Bar Olmo liderra izan zuen aurkari. Partida gogorra eta lehiatua izan zen, gutxieneko aldearekin erabaki zena, Bar Olmok 0-1 irabazi baitzion Zalduari. Emaitzak eragina izan du Elomendiko Txapelketako sailkapenean. Bar Olmo da liderra (25 puntu) baina Zaldua Arakil laugarren postura jaitsi da (20), Uterga bigarrenetik (21 puntu) eta Salinas hirugarrenetik (21 puntu) puntu bakarrera. Asteburuan hamargarren jardunaldia jokatuko da, eta beste jardunaldi erabakigarria du aurretik Zalduak, bigarren den Utergaren kontra jokatuko baitu, Utergan. 
  • Futbola, Emakumezkoen Preferente mailan bederatzigarren jardunaldia egon zen jokoan eta Altsasu liderrak sailkapenean bigarrena den Gazte Berriak taldea izan zuen aurkari, Antsoainen. Beraz, lidergoa egon zen jokoan. Lehen zatia oso lehiatua izan zen eta berdinketa izan zen nagusi, 30. minutuan Alicia Elizaldek Altsasu aurreratu arte. Gutxi iraun zuen pozak, minutu bat beranduago Gazte Berriakek berdindu zuelako, baina Leire Estarriagak eta Maddi Mariñelarenak sartutako golei esker 1-3 aurreratuta joan zen Altsasu atsedenaldira. Bigarren zatia hasi eta berehala Sonia Alonsok 1-4 aurreratu zen Altsasu. Gutxika, ordea, Gazte Berriakek aldea murriztea lortu zuen, eta 67. minuturako partidari buelta eman eta launa berdindu zuten Antsoaingoek. Azkeneko minutuak oso borrokatuak izan ziren, baina inork ez zuen berdinketa apurtzea lortu eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. Hortaz, Altsasuk jarraitzen du Preferente mailako lider (20 puntu) puntu batera Gazte Berriak taldea duela (19 puntu). Ligak atseden hartuko du bi astez. Abenduaren 15ean, 17:45ean, Altsasuk hamalau punturekin sailkapenean bosgarren den Idoya taldea hartuko du Dantzalekun. 
  • Futbola, Asteburuan Gizonezkoen Erregional mailako hamargarren jardunaldia jokatu zen, eta beste jardunaldi ikusgarri bat izan zen gure taldeendako. Altsasuk Berriozar taldea hartu zuen Dantzalekun, eta liderrak sendo jokatu zuen. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak, baina bigarrenean finago aritu zen Altsasu, eta Aitor Floresek, Mikel Etxaizek eta Eneko Verak sartutako golei esker, 3-0 irabazi eta 3 puntuak Altsasun geratu ziren. Etxarri Aranatzek ere bide onean jarraitzen du. Leitzako Aurrera taldea hartu zuen San Donato zelaian, baina Etxarrik hasieratik bere nagusitasuna erakutsi zuen eta atsedenaldirako 3-0 aurreratu zen Xabat Goikoetxeak (2) eta Aimar Lizarragak sartutako golei esker. Bigarren zatiak bide beretik jarraitu zuen, eta 92. zatian Aurrerak sartutako golarekin 3-1 despeditu zen norgehiagoka. Azkenik, Lagun Arteak Beti Onak B taldea hartu zuen Zelai Berrin. Bi taldeek lehia estua eskaini zuten lehen zatian, baina bigarren zatian Gorka Egurzak Lagun Artearen markagailua mustu zuen, eta atzetik etorritako Sael Ozoria, Mikel Agirre eta Gorka Hernandezen golei esker, nagusitasunez 4-0 aurreratu zen talde lakuntzarra. Altsasuk jarraitzen du erregional mailako laugarren multzoko lider (30 puntu), San Jorgeren (25 puntu) eta Etxarri Aranatzen (24 puntu) aurretik. Lagun Artea zazpigarren postura igo da (18 puntu). Abenduaren 1ean, igandea, sailkapenean hemezortzigarren eta azkena den Asdefor taldea izango du aurkari Altsasuk, Amigon. Etxarri Aranatzek azaroaren 30ean sailkapenean hamaseigarren den Alde Zaharreko Kluba taldea hartuko du 15:45ean, San Donaton, eta egun berean, 16:00etan, sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Lagunak B taldea izango du aurkari Lagun Arteak, Barañainen.