Albisteak,
- Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planen esparruan toki erakundeek egindako zazpi udal jarduera aurkeztu ziren azaroaren 21ean, ostegunean. Alkatetzen Itunaren II. Jardunaldi horretan hizlari gisa parte hartu zuenetako bat Uharte Arakilgo alkate Txomin Uharte Baleztena izan zen. Bargako ur ekarriko hodian turbina eta ur biltegian eguzki plakak jarriz elektrizitatea sortzeko proiektuaren berri eman zien bilkuran parte hartu zutenei.
- Sunsundeguiko enpresa batzordean gehiengoa duten CCOOk, LABek eta ELAk idatzi baten bidez jakinarazi dute mobilizatzea erabaki dutela. Lau helbururekin aterako dira kalera hiru sindikatuak. Alde batetik, “2009an hasiko den ikerketa eta ardurak argi gelditzea nahi dugu. Gure enpresa nola kudeatu den eta dirua nora joan den jakin nahi dugu. Zuzendaritzaren soldatak publiko egitea eta haien ondarea ikertzea eskatzen dugu. Hiru sindikatuek enpresarendako industria plana exijitu dute. “Sunsundegui merkatua duen enpresa da eta hartan interesa dutenen berri badugu. Ahal den neurrian, lantegia eraldatu eta produktua errentagarria bihurtzeko gaitasuna duen industria proiektu baten alde egi behar da”, azpimarratu dute. Nafarroako Gobernuak “eraldaketa horretan lagundu” behar duela uste dute: “uste dugu Nafarroako Gobernuaren egitekoa dela diru publikoaren kontrola bermatzea eta dirua ekoizpenaren hobekuntzara bideratuta egotea, eta ez inbertitzaileen dibidenduetara”. Azkenik, CCOOk, LABek eta ELAk adierazi dute Sunsundegui “krisian dagoen enpresa bat izatetik enpresa estrategiko bat izatera pasa behar duela, eskualdean kalitatezko enplegua sortuko duena”.
- Guardetxe berriaren mustutzea. Eraikin berria gaur eguerdian mustuko dute, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Aralarko Elkarteko ordezkariak bertan direla.
- Susundeguiko langile batzorde osoak deituta, elkarretaratzea egingo da Nafarroako Parlamentuaren parean eguerdian. Elkarretaratzearen ondoren langileen ordezkariek idazki bat erregistratuko dute Nafarroako Parlamentuan.
Kirolak,
- Pilotan, Azaroaren 26an Nafarroa Arenan bildu ziren 2025eko Binakako Txapelketan parte hartuko duten pilotariak. Izan ere, bertan jokatuko da txapelketako final handia, martxoaren 30ean. Ordura bitartean, 14 jardunaldietako ligaxka, play-offak eta finalerdiak jokatuko dira. Pilotariak txapelketa luzeena dena, benetako erresistentzia, hasteko irrikaz daude. Betiko moduan zortzi bikotek hartuko dute parte, enpresa bakoitzetik lau bikok. Sorpresa nagusia Aitor Arangurenena izan zen. Baikoko atzelariak Aspeko Xabi Tolosa ordezkatuko du, azken honek eskuineko eskumuturrean lesioa duelako. Lesioa dela eta, Arangurenek Aspen jokatuko du, utzita, Altuna III.a bikote duela. Gainontzeko bikoteak ondokoak dira: Ezkurdia-Rezusta, Elordi-Zabaleta, Peio Etxeberria-Martija, Jaka-Imaz, Peña II.a-Albisu, Laso-Iztueta eta Artola-Mariezkurrena. Binakakoa azaroaren 29an hasiko da, Beasainen. Hain zuzen ere bi sakandar elkarren kontra lehiatuko dira bertan, Ezkurdia-Rezustak Elordi-Zabaleta izango dituztelako aurkari. Azaroaren 30ean jardunaldi bikoitza egongo da. Eibarren, Altuna-Arangurenen eta P. Etxeberria-Martijaren arteko partida jokatuko da, eta Lizarran Artola-Mariezkurrenaren eta Laso-Iztuetaren artekoa. Bukatzeko, abenduaren 1ean, Basaurin, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisu lehiatuko dira.
- Areto Futbolean, Irurtzunek Erreginaren Kopako kanporaketa hartu zuen azaroren 26an. Aurten Xotako egituran sartu den Osasuna Futsalek, emakumezkoen bigarren mailan jokatzen duen taldeak, lehen mailako liderra, Futsi Atletico Navalcarnero taldea hartu zuen Atakondoan. Osasuna Futsalek bazekien talde ahaltsua zuela aurrean, baina ala ere, ez zen kikildu eta ilusioz atera zen itxura ederra eta 450 zale bildu zituen Irurtzungo kiroldegira. Partida hasi eta berehala aurreratu zen Navalcarnero. Madrilgo taldearen kalitatea hasieratik nabaritu zen, eta Osasuna Futsali sufritzea tokatu zitzaion, atsedenaldira 0-3 galtzen joan zirelako. Hala ere, defentsa lan ikaragarria egin zuen talde gorritxoak, eta jokalarien errotazioa ezinbestekoa izan zen. Bigarren zatia hasi eta laugarrena sartu zuen Navalcarnerok. 28. minutuan Anak Osasunaren gol bakarra sartu zuen, 1-4, baina Navalcarnerok atzera ere aginte makila hartu eta beste bi gol sartu zituen. 1-6 galduta Erreginaren Kopari agur esan dio Osasuna Futsalek.
- Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak bigarren mailako Cobisa (Gaztela Mancha) taldearen kontra jokatutako partidan ez zen sorpresarik egon eta talde irurtzundarrak ez zuen aparteko arazorik izan norgehiagoka 1-3 irabazi, eta Errege Kopako txapelketan aurrera egiteko. Hala ere, erremontatzea tokatu zitzaion txuriz jantzita jokatu zuen talde irurtzundarrari, Cobisa taldea izan baitzen markagailuan aurreratu zena, euren zaleen zoramenerako. Baina nafarrek ongi erantzun zuten eta Pantak berdinketaren gola lortu zuen berehala. Bigarren zatian berdinketa apurtzera atera ziren bi taldeak. Xota beste talde bat izan zen, askoz ere arriskutsuagoa. Andres Geraghtyk bigarren gola sartu zuen, eta Pachuk hirugarrena. 1-3 irabazita, tramitea ongi bete eta kopan aurrera jarraitu du talde irurtzundarrak. Dagoeneko lehen mailako ligan du burua Osasuna Magna Xotak, azaroaren 29an Movistar Inter lider ahaltsuaren kontra jokatuko baitu, 21:00etan, Madrilen.
- Areto Futbolean, Hirugarren mailako areto futbol txapelketan Aralar Mendik arerio zuzena duen Ardoi taldea hartu zuen Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan. Partida hasi eta berehala Ardoi aurreratu zen, lehen minutuan. Hala ere, Aralar Mendik ez zuen etsi eta partida berdintzen saiatu zen, lehia bizia eta jokaldi lehiatuak sortuz, baina Ardoi izan zen bigarren gola sartu zuena. Lanean jarraitu zuten sakandarrek, baina Ardoik primeran defendatu zuen eta markagailua zerora mantendu zuen. Azkenean, Aralar Mendik 0-2 galduta despeditu zen partida. Garbayo Chivite Cintruenigo da hirugarren mailako liderra (19 puntu), Gazte Berriak Antsoain taldearen aurretik (18 puntu). Aralar Mendi bederatzigarren da (8 puntu) Asteburuan Aralar Mendik eta 9 punturekin sailkapenean zortzigarren den Universidad de Navarrak jokatu beharreko hamargarren jardunaldia abenduaren 12ra atzeratu dute. Partida OPUS-eko unibertsitatean jokatuko da, 20:30ean, eta bi taldeek sailkapeneko postua dute jokoan.
- Areto Futbolean, Arbizu Kirol Taldeak Ribera de Navarra hartu zuten Arbizuko kiroldegian. Lehia bizia izan zuten bi taldeek, baina gutxika Arbizuk jokaldi arriskutsuagoak sortu, eta 12. minutuan Andoni Goikoetxeak Ribera de Navarraren atea zulatu zuen. Hortik aurrera Arbizu nagusi izan zen, eta atzetik Urtzi Nazabalen bi gol eta Julen Luisen laugarrena iritsi ziren. Azkenean, Arbizuk 4-0 irabazita bukatu zen lehia. Altsasuk eta Anaitasunak lehia estuagoa izan zuten Iruñean. Anaitasuna aurreratu zen, baina Altsasuk ekinean jarraitu zuen eta Aritz Sevillak bana berdindu zuen 25. minutuan. Bigarren zatian bi taldeen arteko borrokak jarraitu zuen, baina Altsasu finago ibili zen eta Javier Ordoñezek eta Jonathan Medinak sartutako golei esker 1-3 aurreratu zen Altsasu. Bukaera aldea Anaitasuna 2-3 gerturatu zen, baina Altsasuk ongi eutsi, eta garaipena eta hiru puntuak ekarri zituen Altsasura. Sailkapenean Arbizu Kirol Taldeak jarraitzen du lehen maila autonomiko lider (22 puntu), Berriozarko Mendialdea 3 puntura duela (19 puntu). Altsasu laugarren da (16 puntu). Azaroaren 29an, ostirala, sailkapenean zortzigarren den Mutilberaren kontra lehiatuko da Arbizu, Aranguren kiroldegian. Altsasuk, aldiz, abenduaren 1ean, igandea, 12:00etan, zazpigarren den Los Sauces hartuko du Zelandin.
- Areto Futbolean, Xotak hitzordu zaila izan zuen lehen senior mailako bederatzigarren jardunaldian, Lacturale Orvinaren kontra jokatzea egokitu baitzitzaion liderraren etxean, Ezkaba kiroldegian. Hala ere, itxura oso ona eman zuten irurtzundarrek, Lacturale Orvinari oso ongi eutsi baitzioten. Partida hasi eta berehala Orvina aurreratu zen, baina irurtzundarrek ez zuten behera egin. Lanean jarraitu, eta 11. minutuan Alazne Garcesek banakako berdinketaren gola sartzea lortu zuten. Tamalez, gutxi iraun zuen pozak 2 minutu beranduago 2-1 aurreratu baitzen liderra. Bi taldeek erasoan jarraitu zuten, baina markagailua ez zen gehiago aldatu. Nahiz eta galdu, partida ona egin zuen Xotak. Lacturale Orvinak lider sendo jarraitzen du (27 puntu), partidarik galdu gabe. Xota laugarren da (10 puntu). Abenduaren 1ean, Xotak sailkapenean bosgarren eta arerio zuzena duen Cortes taldea hartuko du Atakondoa kiroldegian.