Euskarazko tokiko hedabideen bateraguneak zortzigarren aldiz Tokikom Sariak banatu zituen. Horretarako, estreinakoz, ekitaldia antolatu zuen Nafarroan, Artikan hain zuen ere. Topaketan, sari banaketako ekitaldiaz aparte, izan zuen mami gehiago: tokiko hedabideen erronkak aztertzeko eta gogoetak partekatzeko aukera izan genuen. GUAIXEko lankideak, saria lortuta, poz irribarrarekin bueltatu ziren etxera; tartean saria jaso zuten Iune Trecet Obeso maketatzaileak eta diseinatzailea da eta Alfredo Alvaro Igoa erredaktoreak.
Alfredo. Zorinak, Iune!
Iune. Zorionak, Alfredo!
Sari bat eman digute. Normalean ez da halakorik izaten gurean!
I. Eskerrak Tokikom Sariak ditugula. Zeren, bestela, egindako lanagatik gutxitan jasotzen dugu aitortzarik. Beno, egia esan, bazkideek askotan egiten digute aitortza kalean edo tabernan gaudenean. Baina horrelako sari bat, polita gainera, eskertzen da.
A. Gainera, gure sektoreak emandako sari bat da. Jasotzeak poza ematen du. Eta pentsarazten dizu: zerbait ongi egiten ari gara!
I. Hori da.
Epaimahaiak esan duenez, azala "oso ondo landua" dago. Nola sortu zen?
I. Martxoaren 8ari begira erredakzio bileran azal berezia egitea erabaki zen. Hariari tiraka aterki bat etorri zitzaigun burura. Hasi ginen euria dela, ez dela, tantak sortzen. Eta nik egin nuena izan zen matxismoa goitik behera erortzen jartzea, tanta guztietan matxismo hitza jarriz. Eta Alfredo etorri zen. Gogoratzen duzu zer esan zenidan?
A. Ba euria, tanta guztiak, busti egiten dutela, baina matxismoak forma asko dituela eta euriak ere forma asko dituela. Eta matxismoaren hodei horretatik modu askotara erortzen direla, indarkeria mota asko daudela. Matxismoa ez dela gauza bat, osotasun bat dela, hodei handi-handi bat eta hortik tanta desberdinak erortzen direla eta, horregatik, iruditzen zitzaidala kontzeptu desberdinak erori behar zirela hodei horretatik. Hortik kontzeptuak. Iunek hartu, eta majo egokitu zenituen. Izenburu bat behar zen eta euria ari du beharrean matxismoa ari du jarri genion.
Epaileek gaineratu dutenez, "Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazten du". Hori zen ahalegina?
I. Bai. Denok izan behar dugu matxismoaren aurkako aterki. Baina komunikabideok paper handia dugu aterki hori izaten. Denok egin behar dugu ahalegina hori gauzatu dadin.
A. Bai. Gauzak kontatzen direnaren arabera gizartean iritzi bat sortzen da, edo ez. Gai hau, beste askok bezala, ardura berezia eskatzen du. Horregatik aukeratu genuen egun hori azal berezia egiteko.
Eta GUAIXEk zer erronka dauka hari horretatik tiratzeko?
A. Orain arte prestakuntza saio batzuk egin ditugu, eta helburua da bide hori jarraitzea. Gainera, elkarlanean gabiltza Sakana eta Altsasuko Berdintasun Zerbitzuekin. Aldamenean izan dugu, eta jarraitzen dugu izaten, mugimendu feminista. Haiengandik guztiengandik asko ikasi dugu. Erronka izanen da saiatzea ikusgarritasuna ematen, morboan erortzea saihestuz. 2018ko Tokikom Sarietan Edukirik Onenaren Sarian finalistak izan ginen Altsasuko sexu erasoaren epaiaren jarraipenagatik. Finalista izateak bulkada eman zigun. GUAIXEn momentu oro pertsonekin lanean ari gara, baina kasu honetan gai oso delikatuekin, tentuz ibiliz, pertsonak kontuan hartuz. Azken finean, berdintasunerako bide batean lagundu nahian gabiltza.
Azalera bueltatuz, epaileek azpimarratu dutenez, "azalaren konposizioa koloreen bidez oso ondo integratuta dago". Hori nola lortzen da?
I. Kolorearen teoriarekin. Oso oinarrizko gauza bat da diseinuan eta komunikazioan. Kolore guztiek dute haien "laguna", eta hortik atera zen. Oso argi zegoen aterkiaren kolorea zein izan behar zuen. Aterki horrek feminismoa izan behar du, eta feminismoak badu kolore zehatz bat: morea. Haren "kontrakoa", edo "laguna", kasu honetan horia da. Hortik heldu da. Gainera, publizitatea antzeko koloreekin etorri zitzaigun eta azalari osotasun bat ematen lagundu zigun. Goiko hodeia eta euri tantak txuriak dira.
Epaian jasoa dagoenez, "irudi zehatzen eta sinboloen arteko konbinazio ederra egiten du, eta nahiz eta irudia sinplea izan, oso adierazgarria da".
I. Oso sinplea den zerbait da: hodeia, euri tantak eta aterkia. Egunero ikusten dugu. Herrialde honetan beti gaude aterkipean, eta goxo. Ez da zaila, baina bururatu behar zaizun zerbait da.
A. Identifikazio bat bideratzea da.
Azal berezi bat zen. Kostatzen zaizkigu halakoak egitea.
I. Bai. Egun guztia lanez lepo gabiltza, eta halakoak egiteko beti denbora behar dugu, patxadaz hartu, buruak hegan egin dezala, sorkuntza, musa hori etortzea. Horretarako beta behar da. Horregatik, urtean zehar, data batzuk seinalatzen ditugu, azal horiek sortu ahal izateko lasai hartzeko.
A. Azal bereziak izan daitezke eguberrietan, ihoteetan, martxoaren 8an, udako zenbaki berezia eta halakoetan izaten da. Bestela, astero azal bereziak egiten ariko bagina irakurleak gaizki ohituko genituzke (kar, kar, kar). Argazkilari onak ditugu inguruan eta azalean argazki horiek ateratzeak ere merezi du.
I. Argazkiekin egindako oso azal politak ditugu ere. 2019an Azalik Onenaren sarian finalista izan ginen Altsasuko Nafarroa Oinezen zuk ateratako argazki batekin.
Azal berezirako data zehaztea gauza bat da, egiten hastea bestea.
I. Askotan inguruan ditugun taldeetatik hartzen ditugu leloak. Eta hortik hasten gara ideia zaparradak sortzen. Batzuetan gehiegi pentsatu gabeko ideiak etortzen dira, eta errazagoa da. Beste batzuetan kostatzen zaigu, buelta asko ematen ditugu, azal pare bat sortzen dira eta erredakzioan, edo talde osoak erabakitzen du. Buelta dezente ematen dizkiogu azalari.
Sariagatik mezurik jaso duzu?
I. Lehenengoa amarena izan zen. Nire zale handiena da. Berak familia guztiari bidali zion sariaren berri eta familia guztiak zoriondu dit. Mastodonen (sare soziala) zalaparta dezente egon da. Egia esan, horrek harritu nau. Eta sari banaketa ekitaldian geundela jende asko hurbildu zitzaigun.
A. Etxekoek eta koadrilakoek zoriondu naute. Besteren batek ere. Eta batek esan zidan oso fitxaje ona zarela. Gutxienez zale ezkutu bat baduzu (biak barrez).
Zuretako zer garrantzia du Tokikomek sari hori ematea?
A. Euskarazko tokiko hedabideek, sektoreak, ematen digun sari bat da, aitortza. Bestetik, lan onari emandako saria da. Baina, niretako garrantzitsuena, eta halaxe esan nuen sari banaketan: Tokikom euskarazko tokiko hedabideen bateragunea da. Hor 78 komunikabide gaude. Denak gure modukoak edo txikiagoak dira. Handiagoak ere badaude. Oso hedabide txikiak gara eta Tokikomen barruan egonda elkarrekin indar egin dezakegu. Tokimen barruan txikiak handi bihurtzen gara. Elkarteari, batez ere, balio hori ematen diot. Ondoren sariak etortzen badira, primeran!
Sari banaketa ekitaldian zuk ere hartu zenuen hitza.
I. Tokiko hedabideei eskari bat egin nien: izan daitezela gure aterki, ertzetan gauden horien guztien aterki. Garai ilunak heldu dira. Komunikabideetatik oso zartako handiak jasotzen ditugu. Uste dut tokiko hedabideek aterkiarena egiten lana badutela.
A. Zorionak, Iune!
I. Berdin, Alfredo.
A. Gustura esaten da, eh?
I. Egia esan, bai.
A. Eta zuei ere, irakurle, eskerrik asko. Segi gu irakurtzen.
I. Eta segi gure aterkia izaten.