azaroak 28

Guaixe Irratia 2024ko aza. 28a, 12:15

Albistea,

  • Aralarko mendilerroko Ingurumen Zaintzako basozainek guardetxe edo lantoki berria dute. Etxe berrijasotzeko gobernuak 465.000 euroko inbertsioa egin du. Zurezko egitura eta zink inguratzailea ditu, eta 156 metro koadroko azalera eraikia, horietatik 113 erabilgarriak. Eraikuntza jasangarriaren irizpideen arabera eta hurbileko materialekin eraiki da. Izan ere, erabilitako egurraren %80 ziurtatua da eta, neurri handi batean, Aralar mendilerrotik bertatik dator, batez ere, basoko alertze eta pinu egurra, birpopulaketetatik datorrena. Era berean, harriak eta hurbileko materialak erabili dira horma eta hesietarako. Eraikina erabat autonomoa da, A mailako kalifikazio energetikoa du.
  • Sakanako Dendari ,Ostalari eta Zerbitzuen elkartea eta Altsasuko Dendarien Elkarteak eguberrietako zozketarako txartelak banatzen hasi da. Abenduaren 13a bitartean elkarteetako establezimenduetan erosketak egiten dituztenei zozketarako txartelak emanen dizkiete. Txartelek zozketatuko diren hiru eguberritako saskietako bat eskuratzeko aukera emanen dute. Zare horiek bertako produktuz beteta izanen dira. Elkarteetako kideek jakinarazi dutenez, zozketa abenduaren 14an egingo da, gabonetako motorren kalejira baten ondoren. Gainera, Altsasuko Gautxori tabernan poteoa egingo dute. Bi elkarteetako kideek Sakanako establezimenduetan erostera deitu dute, horrela “denok irabazten dugulako”. 
  • Familia eta lana kontziliatzeko erraztasuna eman nahian, Altsasuko Udalak eguberritako Aisiaz Blai programa prestatu du. Izan ere, neguko oporrekin haurrak ikastetxera joateari uzten diote, eta zenbait etxetan familia ardurak eta lana uztartzeko zailtasunak izaten dira. Horren jakitun, Txantxari udal ludotekak kontziliazioa errazteko Aisiaz Blai programa eskainiko du neguko oporretan: abenduaren 23, 24, 26, 27, 30 eta 31n eta ilbeltzaren 2, 3 eta 7an. 3 eta 12 urte arteko haurrak (2012 eta 2021 artean jaioak) ludotekan 08:30etik 13:30era egoteko aukera izanen dute. Ordutegi hori beteko ez balitz, bigarren aukera 11:00etatik 13:30era izanen da. Udal eskaintzan izena emateko epea abenduaren 5era arte zabalik dago. Horretarako, 948 012 012 telefonora hots egin behar da, edo www.altsasu.eus web orriko galdetegia bete. 

Kirolak,

  • Maria Chivite Nafarroako presidenteak atzo Nafarroako Jauregian gidatutako ekitaldian 2024ko kirol merezimenduen aitortza egin zen. Lehenik eta behin, Carmen Rubio arku-tiratzaileak Kirol Merituaren Urrezko domina jaso zuen, “arkulari gisa duen ibilbide nabarmen eta distiratsuarengatik”. Halaber, 25 Zilarrezko Domina banatu zituen Nafarroako Gobernuak, kirol munduan eta jarduera fisiko eta kirol arlokoetan egin duten ekarpenarengatik. Tartean zegoen Fermin Herrero Palomo. Altsasuarrak 36 urte baino gehiago egin ditu Altsasuko saskibaloia sustatzen, jokalari eta entrenatzaile gisa eta baita juntako kide eta zenbait urtetan CBASK-eko presidente izanez. Horretaz gain, 2008. urtean Nafarroako gizonen kadeteen selekzioa entrenatu zuen. “Pozik eta eskertuta” jaso zuen saria.

    Bestalde, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Martin Montañesek ohorezko aipamenetako bat jaso zuen federazioaren izenean, Federacion Vasco Navarra de Alpinismoren sorreraren mendeurrena ospatzen ari den honetan. 

  • Mendi Lasterketak, Mariren Kobak Trail mendi lasterketa oso berezia da, orientazioa eta traila batzen dituena. Antolakuntzak 12 orduko epea ematen die korrikalariei Mari jainkosaren aterpe eta etxe ziren zenbait kobazulo lotzeko. Edizio honetan, bigarrena, Mariren Gipuzkoako eta Nafarroako kobazuloak batu behar izan zituzten korrikalariek, eta Sakanan izan ziren. Azaroaren 23an goizeko 7:00etan atera ziren lasterketan izena eman zuten 19 korrikalariak Abaltzisketako Larraitzeko aparkalekutik, Txindokiren magaletik. Hotza eta haizea izan zituzten bidaide. Ibilbidean Mariren zenbait leze lotu behar izan zituzten: Marizulo kobazuloa (Txindoki-Aralar), Lezaundi (Urbasa) eta La Leze (Altzania), lasterketa Zegamako plazan despeditzeko (95 km eta 4.000 metroko desnibela). Ibilbidea ez zegoen markatuta, eta korrikalariek orientazioa eta planifikazioa landu behar izan zituzten. Eta toki berezi eta enblematikoetan, euskal mitologiako pertsonaiak zituzten zain.  Korrikalariak berehala iritsi ziren Marizulora. Bertan Galtzagorriak zituzten zain. Aralar mendizerra gurutzatu, eta Lakuntzara jaitsi ziren. Bertan zuten lehen asistentzia gunea. Coruñan bizi den Salamancako Angel Garcia lehena iritsi zen Lakuntzara, atzetik Iker Karrera, Zigor Iturrieta eta Pablo Angulo zituela. Lakuntzan partaide guztiek kaskoa eta arnesa hartu behar zituzten, Beriain muturretik igotzeko. San Donato ermitara iritsi, eta ondoren Lizarragako Portura jo zuten, bigarren asistentzia gunera. Bertan sorginak eta momotxorroak zituzten zain. Urbasako Lezaundi barruan lamiak topatu zituzten, beraiek eman zizkieten probako bigarren harriak. Urbasako kanpinean hirugarren asistentzia gunea zuten. Puntu horretatik aurrera soilik Angel Garciak eta Pablo Angulok gainditu zuten denboraren kortea. Horrela, Mariren hirugarren eta azken kobazulora iritsi ziren bi korrikalariak, Lezera. Bertan Mari eta Basajaun zituzten zain. Euskal mitologiaren legeak jarraituz, ezin izan zuten Mari zuzenean begietara begiratu eta ezin zioten bizkarra eman. Azkenean, abendura raid eta BTT orientazio probetan espezialista den Angel Garciak irabazi zuen Mariren Kobak Traila. Zegamara 12 ordu baino lehenago iritsi zen lehena izan zen: 11:48:00. 90,7 km osatu zituen, eta 3.980 metroko desnibela gainditu. Bigarrena, Pablo Angulok, ia 13 ordu behar izan zituen (12:59:00, 95 km). 
  • Automobilismoan, Azaroaren 16an I. Arasko Igoera jokatu zen, 6,3 km-ko mendi igoera, Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketarako baliagarria. Iosu Beitiak (Speed Car GTR Evo) irabazitako proban (03:06.499), Asier Juanez altsasuarra (Renault Clio Sport) bikain aritu zen eta scratchean hamahirugarren izan zen, baina bere mailan, zortzigarren klasean, lehena (03:34.810). Nafarroako Automobilismoko Federazioak antolatutako Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketa despeditu da. Zazpi probek puntuatzen zuten –Ioar, Izpegi, Ibardin, Etxalar, Lezaun, Urbasa eta Aras–, eta monoplazen kategorian Daniel Jimenez izan da txapelduna (220 puntu), Arkaitz Ordokiren (192 puntu) eta Iker Palaciosen (94 puntu) aurretik. 
  • Saskibaloian, Gizonezkoen bigarren maila autonomikoan, zortzigarren jardunaldian etxean jokatu zuen CBASK Narum Fisioterapiak. Talde altsasuarrak Gazte Berriak Bar Soto taldea hartu zuen, eta partida oso lehiatuan, Antsoaingo taldeak CBASK-en bolada ona eten zuen, 65-69 gailendu baitzen, 4 punturen aldearekin. Bi taldeek lehia estua izan zuten, baina azken txanpan Gazte Berriak gehiago asmatu zuen. Sailkapenean, Nasabi San Ignaciok jarraitzen du lider (15 puntu), Castillo de Gorraiz Valle de Egues atzetik duela (14 puntu). CBASK Narum Fisioterapia zortzigarren postura jaitsi da (11 puntu). Azaroaren 29an, ostirala, CBASK Narum Fisioterapiak Liceo Monjardin R taldea hartuko du Zelandin, 20:00etan. Emakumezkoen lehen senior autonomikoan, CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Navarro Villoslada A taldea hartu zuen Zelandin zortzigarren jardunaldian. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak eta lautan berdindu zuten, baina segidan Altsasuk tarte zabala ateratzea lortu zuen, ederki jokatu eta gero, eta lasaitasunez irabazi zuen, 66-47. Edurne Ormazabalek 19 puntu egin zituen. Sailkapen orokorrean, lider berria dago, Sanduzelai (15 puntu), orain arteko lider Larraona Claret gertu duela (14 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bosgarren postuan jarraitzen du (11 puntu). Azaroaren 30ean, larunbata, sailkapenean bigarren den Larraona Clareten kontra jokatuko du talde altsasuarrak Larraona kiroldegian, 20:00etan.