Albisteak,
- Nasaf-ek (Navarra Sanitaria por el Alto el Fuego) deituta, Gazan su etena eskatzeko elkarretaratzea egin da Altsasuko osasun etxearen parean. Bide batez, azaroaren 30ean, larunbatean, Iruñeko Golem zinemetatik 17:30ean aterako den manifestazioan parte hartzera deitu dute.
- Sunsundegui enpresako langile talde batek deituta, kontzentrazio jendetsua egin zuten Altsasuko udaletxe parean atzo arratsaldean
- Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek Valentziako eta Nafarroa Beherako ikastetxe bana laguntzeko elkartasun kanpaina martxan jarri dute. Azaldu dutenez, “hizkuntza gutxituak saretzea helburua duen Txikiak Handi proiektuaren bitartez, Nafarroako Ikastolek harremana dute valentzieraz irakasten duen Escola Valenciana elkartearekin”. Zehaztu dutenez, “ikastolek bezala, Escola Valencianak ere beren hizkuntzaren normalizazioa eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatzen dituzte”. Sakanako ikastolek, Nafarroakoekin batera, elkarte horretako Picanya herriko Escola Gavina lagundu nahi dute. “Hezkuntza proiektu kooperatibo hau eta bere familiak oso kalteturik suertatu dira lastailaren 29an izandako GOIDIgatik. Bere bitartez, valentzieraz irakasten duten gainontzeko eskolak laguntzeko” asmoa azaldu dute. Diru ekarpenak ondoko plataformaren bidez egin daitezke: gofundme.com/f/escolagavina. Sute baten ondorioz Donamartiko Arberoa ikastolaren eraikina erre zen lastailaren 28an. Ikastoletatik jakinarazi dutenez, “zorionez ez zen kalte pertsonalik izan, baina kalte materiala izugarria izan zen”. Bertako familia eta langileek sostengu kanpaina bat jarri dute martxan eta
on-line denda bat ireki dute: arberoadenda.wixsite.com/ikastola.
Kirolak,
- Enduro, Aldaketekin hasi zuen denboraldia Markos Beraza Vitoria (Ziki Team) pilotu irintarrak. Azken urteetan Santanderreko Zona Paddock-ek ematen zizkion asistentzia eta laguntza mekanika kontuetan, baina aurten Berangoko UK Racing taldearekin aritzea erabaki zuen. Aldaketa ongi atera da, azken bi urteetan bezala Berazak Espainiako Enduro Txapelketako senior B mailako 4T txapelketa irabazi baitu lau denborako KTM motorrarekin. Enduroa zirkuitu iraunkor batean egin da, eta erresistentzia proba da. Espainiako Enduro Txapelketako azken proba igandean jokatu zen, Cerro Murianon (Cordoba). Txapelketako baliagarria zen azken proba zen Cordobakoa, martxoaren 16an eta 17an Antasen (Almeria), apirilaren 27an eta 28an Santiagon (Coruña), ekainaren 8an eta 9an Infieston (Asturias) eta azaroaren 11n Cozarren (Ciudad Real) jokatutakoen atzetik. "Cordobakoa proba ederra izan zen; basoa primerako egoeran zegoen eta zirkuitua primerakoa zen. Sentsazioei dagokienez, behetik gora egin nuen. Nahiko hotz hasi nintzen, presioaren eta nerbioen eraginez, baina gutxika hobetzen joan nintzen eta, azkenean, guztiak bat egin zuen eta ongi bukatu nuen" azaldu du irintarrak. Txapelketa hasieratik lider jarri zen Markos Beraza, eta bukaerara arte lehen postuari eutsi dio, jokatu diren proba guztiak irabazita (225 puntu). Bigarren Pau Valero izan da (170 puntu). Joan zen urteko txapelketan arerio zuzena zuen Jesus Duarte almeriarra aurten ez da lehiatu, lesioagatik. "Alde horretatik aurreko bi urteetan baino lasaiago aritu naiz".
- Pilotan, Abian da pilota txapelketa luzeena, pilotarien erresistentzia jokoan jartzen duena: 2025eko Binakako Txapelketa. Aspeko hiru pilotari sakandarrek parte hartuko dute: Ezkurdiak Rezustarekin osatuko du bikoa, Zabaletak Elordirekin eta Martijak Peio Etxeberriarekin. Hirurak kontentu daude egokitu zaien bikoteekin. "Elordirekin berriro jokatuko dut eta oso pozik nago, oso ongi moldatu baikinen elkarrekin" azaldu du Zabaletak. Horren ongi, 2023ko Binakako txapeldunak izan zirela. Kontuan hartzeko bikotea dira. Zabaleta egungo txapelduna da Peio Etxeberriarekin, eta ikusgarri ari da. Binakako bost txapela ditu, Maizek, Retegik eta Martinez de Irujok bezala, eta seigarrena lortuko balu, sei dituen pilotari bakarra izango litzateke. Erronka ederra. Martija pozik dago Peio Etxeberria bidaide izango duelako. Bikote gogorra osatzen dute, arrokatsua, oparirik egiten ez duena. Biek Binakako txapela badute, Altunarekin eta Zabaletarekin lortutakoa, eta elkarrekin lortzeko nahikoa dohain eta baliabide badituzte. Martijak aitortu zuen "oso eroso" sentitzen dela Etxeberriarekin jokatuko duelako. "Harreman ona dut. Sasoi betean dago, agerikoa da". Ezkurdia "gustura eta pozik" azaldu da. Azkeneko bolada gogorrari buelta eman nahi dio arbizuarrak, eta ezkutari sendoa du horretarako, Rezusta. Indarra eta sasoia badute. Ongi hastearen garrantziaren jakitun, horretan saiatuko dira. Biek aurretik irabazi dute Binakakoa, baina lehen aldiz ariko dira elkarrekin txapelketa honetan. Lehen jardunaldian, Ezkurdia-Rezustak Elordi-Zabaleta izango dituzte aurkari gaur Beasainen. Larunbatean, Eibarren, Altuna-Arangurenen eta P. Etxeberria-Martijaren arteko partida jokatuko da, eta Lizarran Artola-Mariezkurrenaren eta Laso-Iztuetaren artekoa. Igandean, Basaurin, Jaka-Imaz eta Peña II.a-Albisu lehiatuko dira.
- Atletismoan, Azaroaren 24an IX. Genero Indarkeriaren Kontrako Lasterketa Solidarioa jokatu zen Obanosen, Nagore Laffage Memoriala. Sakandarrak lasterketako protagonista nagusiak izan ziren, hasieratik aurrea hartu eta lehenak izan baitziren. Podiuma eurendako izan zen. Asier Estarriaga etxarriarra gailendu zen (22:15), Ekhi Congil etxarriarraren (22:22) eta Sergio Garcia de Eulate altsasuarraren (22:29) aurretik. Ivan Sobredo zazpigarren sailkatu zen (23:11). Emakumezkoetan Alazne Irigoien gailendu zen (28:28). Erkuden Larraza bosgarren sailkatu zen (32:30).
- Atletismoan, Urtero moduan, abenduaren 8an, 11:00etan, XLIII. Zubeztia Elkartea Lasterketa - III. Candi Arnanz Memoriala jokatuko da, Altsasuko herri gunean prestatutako 10 kilometroko proba. San Silvestrea prestatu eta egun polita pasatzeko lasterketa animatua da, askorendako proba kuttuna. Izena ematea zabalik dago Dantzaleku Sakana klubeko webgunean (3 euro), baina egunean bertan izena emateko aukera egongo da (5 euro). 18 urtetik 70 urterainoko proba da. Zubeztia Lasterketak Sakanako Mankomunitateak antolatutako XVII. Sakanako Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria erabakiko du. Momentuz, emakumezkoetan Erkuden San Martin, Noemi Cordero eta Maite Zabaleta daude buruan, eta gizonezkoetan Ekhi Congil, Aritz Etxeberria eta Imanol Guerrero.